Broad Peakeko (Pakistan) hirukoa du helburu Naturgas Basque Team espedizioak, eta atzo erdiko gailurrera (8.013 metro) igo ziren Alberto Iñurrategi, Mikel Zabalza eta Juan Vallejok. Hiru tontorren zeharkaldiko tontorretako bira igo dira jada. Aurreneko gailurrean egin bezala, atzo ere, bigarrengoan, erdikoan, bide berri bat ireki zuten.
Tontorrerako bidea oso gogorra izan zen. Hamahiru ordu behar izan zituzten 663 metroko desnibela gainditzeko. Behin puntara helduta, beheranzko bidea hartu zuten. Hiru mendizaleak «lehertuta» zeuden.
Pakistanen 16:00 zirenean deitu zuen Iñurrategik kanpaleku basera -13:00 Euskal Herrian-, tontorrera heldu zirela jakinarazteko. Goizaldeko 3rak zirenean abiatu ziren iparraldeko zein erdiko tontorren arteko lepotik. Han zeukaten kokatuta azken kanpalekua,7.350 metrora.
Lehertuta heldu ziren gailurrera. «7.300 metrotik gora izugarri nabari da altuera. Aire arraroa arnasten da. Arnasaldi bakoitzean oxigero gutxi hartzen da, eta gorputzak ezin du, hortaz, bere onena eman. Egindako urrats bakoitzean ohi baino gehiago nekatzen zara. Gorputzak, beraz, asko sufritzen du, eta segituan nekatzen zara», adierazi zuen Zabalzak orain egun batzuk.
Hidratatzea behar-beharrezkoa da. «7.000 edo 8.000 metrora, handia izaten da egarria. Airea lehorra da oso, eta likido asko galtzen dugu. Ahal bezainbeste edan behar da: kanpalekura iritsi bezain pronto elurra urtzen hasten gara, eta zopak zein teak prestatzen ditugu. Hori hartzen dugu batez ere. Ahal duguna edaten dugu, bai, baina sekula ez da nahikoa izaten. Beti desidratatzen gara», aitortu zuen Zabalzak. Baina oraindik ere gailur bat geratzen zaie hirukoa osatzeko. Aurrenekoa, iparraldekoa (7.550 metro), joan den uztailaren 9an zapaldu zuten. Orain nagusia geratzen zaie: 8.047 metrokoa.
Broad Peakeko erdiko gailurrera igo dira
Iñurrategi, Zabalza eta Vallejok hiru tontorren zeharkaldiko bi lotu dituzte jada, eta bide berri bat ireki, gainera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu