Saskibaloia. ACB ligako finalerdiak. Real Madril 71. Caja Laboral Baskonia 81

Bueltan dira!

Baskoniak garaipen garrantzitsua lortu du Madrilen, eta gertuago dauka final handia; Lampe eta Nemanja Bjelica izan dira onenakLan aparta egin du defentsan bigarren zatian, eta Real Madril 27 puntutan utzi

Andoni Urbistondo.
2012ko maiatzaren 25a
00:00
Entzun
Real Madril. Llull (7), Pocius (2), Suarez (6), Velickovic (12), Tomic (2) —hasierako bostekoa—; Reyes (8), Sergio Rodriguez (10), Begic (9), Carroll (8) eta Singler (7).

Caja Laboral Baskonia. Heurtel, San Emeterio (13), Teletovic (7), Nocioni, Lampe (21) —hasierako bostekoa—; Prigioni (6), Ribas (2), Milko Bjelica (9), Oleson (9) eta Nemanja Bjelica (14).

Markagailua. 21-22, 44-41 (atsedenaldian); 59-60 eta 71-81.

Epaileak. Arteaga, Perea eta Guiraro.

Bestelakoak. 7.467 ikusle Vistalegre pabiloian, ACB ligako finalerdietako lehen partidan.

Caja Laboral Baskoniak gertuago dauka finala! Bigarren zati aparta egin zuen Madrilen, eta behar diren hiru garaipenetatik lehenengoa lortu du, dagoeneko. Bihar gertatzen dena gertatuta ere, arabarrek finala etxean, Buesa Arena erraldoian erabakitzeko aukera izango dute asteartean edo ostegunean. Ivanovicek bi hitz izan zituen ahotan, atarikoan, finalerdiko gakoak eskatu zizkiotenean; pazientzia eta konfiantza. Jokalariek hitzez hitz bete zituzten entrenatzailearen aginduak, dema okertu zenean tenplea mantendu eta euren baliabideei etekina atera zietelako. 65-62 zegoen markagailua zazpi minuturen faltan. Sergio Rodriguezek biko erraza saskiratu zuen Prigioniren hutsa baliatuz, eta argentinarrak baloia eman zuen hurrengo jokaldian. Baskonia bonusean sartu zen berehala, baina ez zuen etsi, jaiki egin zen, eta azken sei minutuetan 6-19ko partzial argigarria lortu zuen.

San Emeterio, Nemanja Bjelica eta Lampe ikusgarri aritu ziren tarte horretan. Lampe norgehiagoka osoan, egiari zor, 21 puntu eta 11 errebote pilatzeraino. Bikoak, hirukoak, blokeoa eta jarraipena, lana Tomic eta Begicen aurka... Bere fitxaketan asmatu egin dela erakusten ari da poloniarra. Bjelica serbiarrak ere kalitate handiko saskiratzeak lortu zituen, eta une erabakigarrietan. 67-74koa jarri zuen hirukoa, besteak beste. 14 puntu eta bost errebote on, denera. San Emeteriok ere arnas handia eman zion taldeari. Erabakigarriak izan ziren barneraketak egin zituen, eta etekina lortu zuen gehienetan. Saskiratzea batzuetan, aurkarien faltak besteetan. Sei falta jaso zituen denera espainiarrak, eta 13 puntu on pilatu.

Loreak, era berean, Prigionirentzat. Zenbakiek halakorik ez badute erakusten ere, joko antolatzaileak jarri zuen erritmoa, eta sei asistentzia banatu zituen. Asko barrutik kanpora, eta biko edo hiruko onetan bukatu ziren. Prigionik jokaldi luzeak agindu zituen bere taldeak markagailuan aurrea hartu zuenean, baina urduritasunak ez dauka lekurik bere burmuinean, eta maisuki bukatu zituen jokaldi gehienak.

Defentsa bikaina

Neurketa oso parekatua izan zen, eta hondarrean bakarrik hautsi zen. Real Madril Nole Velickovicekin hasi zen min egiten, eta Begicek ere sei puntu sartu zituen etxekoak 17-12 aurreratzeko. Baskonian baldar ari zen Nocioni (-9ko balorazioa), baina Lampek eta Milko Bjelicak ondo estali zuten Chapu-ren ezina. Carrollen kantxaratzeak beldurra eragin zuen, Wyomingoak lau puntu sartu zituelako kantxaratu eta berehala, baina Oleson herrikideak ondo hartu zion neurria, eta partidatik joan zen Carroll (zortzi puntu, %20 hirukoetan).

Bigarren laurdenean 27-31 aurreratu zen Baskonia, baina Real Madrilek ongi erantzun zuen: 12-2ko partziala eta 39-33. Madrildarrak errenta txikiarekin aldageletara: 44-41. Nagusi zen Real Madril balorazioan ere, 53-38, baina Baskonia lasai bueltatu zen kantxara. Velickovicek 50-45ekoa jarri zuen, baina Teletovicek 50na berdindu zuen bere lehen hirukoarekin. Alley-hoop dotorea bukatu zuen gero, eta 53-58 ihes egin zuten arabarrek. Zulo handiagoa egiteko aukera ona galdu zuten arabarrek, besteak beste Teletovicek berak zentzu handirik gabeko bi meloi jaurti zituelako.

Ordurako nabaria zen gasteiztarrek intentsitatea asko igo zutela defentsan, 15 puntu eskasetan utzi zutelako Real Madrilen erasoko jarduna. 61-61 eta 65-65 berdindu zuten biek, baina orduan Lampek, Sanemek eta Nemanja Bjelicak hartu zuten aginte-makila, 6-19ko partzial hori lortzeko. Erasoan ondo, eta defentsan hobeto, Llull, Tomic, Singler, Carroll eta Velickovic nahi eta ezin aritu zirelako erasoan, Baskoniaren defentsa zorrotza gainditu ezinik.

Bistan da, Real Madrilek kolpe handia hartu du, baina bihar ere ahalegin berezia egin behar da bigarren garaipena lortzeko. Atzokoa ona da, baina hobea izango litzateke bigarrena. Orduan ez legoke bueltarik. Real Madrilentzat ia ezinezkoa izango litzateke hiru partida segidan irabaztea, bi Gasteizen izanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.