Golak. 0-1: Adrianek (6. min). 0-2: Adrianek (14. min); 1-2: Raul Garciak (47. min.); 1-3: Vallek (53. min.); Susaetak (71. min.).
Epailea. Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: Athleticeko Garcia eta Yerayri; eta Deportivoko Rubeni.
Bestelakoak. 37.715 ikusle San Mamesen.
Imanol Magro Eizmendi
Bukatu da lilura. Europako azken posturako borrokatu ahal izatea ilusioa da berriz. Azken astean, eta matematiken itxaropen eskuan hartuta, helburu hori hauspotu dute Lezaman, baina atzoko partidaren ondoren liga bukaera berriz ere luzea izango da Athleticentzat. Izan ere, Bilboko taldeak irudi kaskarra eman zuen, eta azken minutuetan Deportivoren beldurra baliatuz gora egin zuen arren, merezita galdu zuen etxean. Eta, espero zitekeen bezala, irudi kaskarraren eskutik txistuak itzuli ziren San Mamesera. Ikusleek euren epaia berretsi zuten, denboraldia txarra izan da.
Athletic sasoiko bi partida onenak jokatzetik zetorren. Celta eta Vila-real baino gehiago izan zen, eta atzo jaitsiera postuetan zegoen talde bat zuen aurrean. Egoera aproposa bolada luzatu eta zaleei gozatua emateko. Uste hori, baina, sei minututan desagertu zen, Deportivok lehen gola sartzeko behar izan zituenak. Athleticek gaizki zaindutako korner batean sartu zuen Adrianek 0-1ekoa. Athletic gaizki sartu zen partidan, eta 14. minutuan bigarrena sartu zuen aurrelariak jokaldi landu batean. Deportivo zirimola zen; Athletic, aldiz, ez hanka ez buru zebilen zelaian.
Lehen zatiko irudia Athleticek sasoi osoan etxean eman duen eskasenetakoa izan zen. Deportivo 0-3koa sartzeko zorian egon zen atsedenaldiaren aurretik. Iñigok atepetik atera zuen Vazquezen jaurtiketa eta jokaldi berean Kepak baloia eskuarekin ukitu zuen area kanpoan. Epaileak ez zuen egotzi. Athletic ez zen izan gaizki ibili zen bakarra, epaileak ere ez ez zuen bere eguna izan. Nola ez, aldageletako bidean, ikusleek lehen txistu kontzertua jo zuten.
Olinpiar gola
Kuko Zigandaren atsedenaldiko errieta entzutekoa izango zen. Edo halakoa beharko luke. Denak bera jotzen duten arduradun nagusitzat, baina atzo jokalariek egin zituzten hutsak. Ustezko errietaren ondorio, bigarren zatko lehen hamar minutuak Athleticen onenak izan ziren. Raul Garciak buruz sartu zuen 1-2koa 47. minutuan, korner batean, eta, hurrengo jokaldian, epaileak ez zion ontzat eman binakoa erasoan falta egin zuelakoan. Oso zorrotz ibili zen erabaki horretan.
Deportivo, baina, hobe zegoen, eta 1-3koa sartu zuen Vallek (53. min). Jokaldia Beñatek galduriko baloi atean hasi zen. Bidea aldapa gora zegoen berriz, eta Athletic burumakur, Susaetak olinpiar gola sartu zuen arte (71. min.), kornerretik zuzenean. Deporrek asko sufritu zuen kornerretan. Horretan, baina, Raul Garciak falta argia egin zion Scharri. Epailea, berriz ere gaizki.
Athletic hazi egin zen, eta Deportivo ikaratu. Ekinaren eraginez aukerak izan zituzten zuri-gorriek, baina ez zituzten baliatu. Ez zen eguna, jokoari argia falta zitzaion. Sasoi guztiko kontua da