Bi aste falta dira liga hasteko. Bi aste baino ez denboraldi-aurreko helburuak findu eta sasoia hartzen joateko. Jokalariak gogor dabiltza lanean, eta baita idazkari teknikoak ere. Abuztuaren 31n bukatzen da jokalariak fitxatzeko epea, eta hiru euskal taldeetako bulegoetako telefonoak dantzan dabiltza. Realean eta Osasunan erritmoa biziagoa da, bina fitxaketa egin nahi baitituzte oraindik. Taxoare inguruan, gainera, bizpahiru jokalarik taldea uztea nahi dute. Athleticen, berriz, lehentasuna jokalari kopurua murriztea da, beti ere Aritz Adurizekiko interesak ez badu azken bultzada bat jasotzen.
Osasuna izan da, askozaz, udan gehien mugitu den euskal taldea. Iragan sasoiko taldea Camachok egin zuen, eta Mendilibarrek eraldatu egin du. Taldeak dirua du gainera, Monreal eta Camuñas saldu baititu. Biak ezker hegaleko jokalariak dira, eta zelaiaren alde hori indartzea da lehentasuna. Erdilari bat behar du Osasunak, eta izen zaparrada irten da. Hiru omen dira gustuko jokalariak: Roland Lemah (Le Mans)—bere taldeak onartu du Osasunarekin negoziatzen ari dela dagoeneko—, Daniel Pudil (Genk), —Martin Gonzalez bere partida bat ikusten egon zen— eta Martin Alessandrini (Clermont).
Osasunaren inguruan, baina, beste izan batek hartu du indarra. Raul Garcia Iruñera itzultzearen aukerak Taxoare aztoratu du. Taldeak onartu du, aukera izanez gero, eta Atleticok etete klausularik eskatzen ez badu, erdilaria fitxatzen saiatuko dela. Garciak Osasunara itzuli nahi du, eta Atleticok haren soldata aurreztu. Hurrengo egunetan argitu daiteke. Beste bi jokalari ekarriz gero, baina, bizpahiruk utzi beharko dute Osasuna. Garcia iritsiko balitz litekeena da Kristian Vadocz izatea aukeratua, postu berean jokatzen baitute. Damia ere irten daiteke, Bertran eta Etxaiderekin eskuin hegala ondo beteta dagoelako. Azkenik, Jokin Esparza utzita joan daiteke.
Mariga, Realera
«Hori sekretua da», hala azaldu zuen fitxaketen egoera Philippe Montanierrek herenegun. Realeko entrenatzaileak erdilari bat eta aurrelari bat eskatu ditu, eta «ahalik eta bizkorren» nahi ditu. Izen zerrenda bukaezina da; interesaren jakitun, jokalarien ordezkariek Zubietako eta Donostia aldeko hedabideen ateak jo dituzte. Erdilari posturako McDonald Mariga (Inter Milan) kenyarrarena da indar gehien hartu duen izena, eta Italiako hainbat hedabidek akordioa erabatekoa dela zabaldu zuten atzo. Irteerei dagokienez, Alex Albistegiri talderen bataurkitzeko esan dio Realak, eta argitzeke dago Antoine Griezmannek taldean jarraituko duen ala ez. Jokalariak jarraitu nahi duela esan du, eta Donostian bere zain daude.
Athleticen ez da fitxaketa gehiago espero, eta, baten bat izatekotan, Aritz Adurizena litzateke. Josu Urrutia presidente izendatu zutenean negoziaketak «isilka» egin behar zirela esan zuen, eta ez da erraza jakiten zertan dauden. Taldearen buruhaustea Bielsak nahi ez dituen jokalariak dira, bost baitira alboratu dituenak:Koikili, Vera, De Zerio, Iñigo Perez eta Zubiaurre. Gehienek dituzte eskaintzak, Bigarren Mailako taldeenak, eta negoziatzen ari dira. Zubiaurre gaixo dago, hainbat kilo galdu ditu, eta egun bere osasuna da lehentasuna.
Bulegoetan ez dago oporrik
Reala eta Osasuna merkatuan buru-belarri sartuta daude taldea indartzeko, bina fitxaketa egin nahi baitituzte gutxienezIrteerak dira lehentasuna Athleticen, asko baitira Bielsak nahi ez dituen jokalariak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu