Paul Martens eta Luis Leon Sanchez (Rabobank). Gogoratu bi izen horiekin. Asteazkenean, Zuian, epelak entzun behar izan zituen lehenengoak, Aleksandr Vinokuroven (Astana) erasoa ezerezean uzteko nahikoa lan egin ez zuelako. Eta atzo ere epelak entzungo zituen bigarrenak, batere beharrik gabe egindako keinuaren erruz Oscar Freire taldekidea garaipenik gabe utzi zuelako. Rabobankek lan bikaina egin zuen etapa guztian; ihesaldi guztiak bertan behera utzi zituen. Robert Gesinkek ere bikain erantzun zuen azken kilometroetan, tropeletik tiraka jarrita. Baina Zallako azken zuzengunean sartuta, helmugara iristeko 175 metro eskas falta zirenean, bultzadatxoa eman zion Luis Leon Sanchezek Freireri, animo keinu hutsa baino zerbait gehiago izan zen bultzadatxoa. Germano Casarotti italiarra buru zutela, epaileek ez zuten barkatu. Bideoak aztertu, hausnartu eta erabakia hartu: Freireren eta Luis Leon Sanchezen deskalifikazioa. Bultzadatxoa jaso zuen lehenengo espainiarrak, eta kolpea gero. Garaipena Francesco Gavazzirentzat (Lampre).
Euren onetik aterata zeuden Rabobankekoak, eta, neurri batean, logikoa ere bada, harrigarria baita Freirek Euskal Herriko Itzuliarekin daukan maitasun-gorroto harremana. Ez dago oso urrutira joan beharrik. Izan ere, iaz ere bere onetik aterata ibili zen Freire Euskal Herriko Itzulian, Zierbenan, lehen etapan. Esprintean Alejandro Valverderi bidea itxi ziola iritzita, epaileek deskalifikatu egin zuten. Rabobankeko arduradunek epaileak salatuko dituzte ziurrenik. Baina itzuli honetan talde barruan egin dute huts. Arauak irakurri eta argia da erabakia: Freire deskalifikatu beharra zegoen atzo.
Eta pena da Euskal Herriko Itzulian urtero horrelako liskarrak egotea, ez baita oso txukuna bi urtez jarraian garailea helmugara bigarren postuan iritsi den txirrindularia izatea. Estua eta ikusgarria doa itzulia. Zaleen begietara zoragarria izango da gaurko erlojupekoa. Baina, tamalez, denak gogoratuko dira Freireren deskalifikazioarekin. Bultzadatxotik kolpera igaro zen mugimenduarekin. Atzoko etapak ez zuen halako amaierarik merezi.
Ez zuen merezi, besteren artean Movistarrek itzulia berotzeko daukan gogoak saria merezi zuelako. Beñat Intxaustik jo zuen lehen erasoa, Urkiolan gora, ausart. Batzuen ustez, ausartegi. Baina txalotu beharrekoa da muxikarraren ahalegina. Orioko erlojupekoan podiumera igo zen iaz, eta, oso zail daukan arren, bederatzi segundora egonda, podiumean sartzeko aukera dauka gaur ere.
Urkiolatik lehen postuan igaro ondoren, kilometro gutxi gehiago egin zituen buruan Intxaustik. Baina Lamprek, Rabobankek eta RadioShackek egindako lanari esker Dario Cataldo, Kevin Seeldraeyers (Quick Step) eta Michael Albasiniren (Highroad) ihesaldi luzea bertan behera utzi ondoren, Movistarreko beste euskal txirrindulari bat saiatu zen itzulia hankaz gora jartzen: David Lopez. Joaquim Rodriguezengandik (Katuxa) sei segundora dago barakaldarra, eta Bezin gora joan zen erasoan, Jelle Vanendertek (Omega Pharma-Lotto) sortutako suari erantzunez. Helmugara iristeko 4,5 kilometro falta zirenean harrapatu zuen tropelak, baina saiatu ez izanaren penarik ez dute izango Movistarren.
Kloeden, Horner, Vinokurov...
Mendateek egin ez dutena egin beharko du gaur Zallako 24 kilometroko erlojupekoak. Bezi eta Avellanedarekin, gogorra da ibilbidea, eta estu dago sailkapena. Itzulia irabazteko 11 hautagai daude. Joaquim Rodriguez irtengo da liderraren maillotarekin, baina Andreas Kloeden (RadioShack) da faboritoa. Chris Horner taldekidea, Vinokurov, Samuel Sanchez (Euskaltel-Euskadi), Ryder Hesjedal (Garmin-Cervelo)... Amaiera zoragarria izango du itzuliak.
Euskal Herriko Itzulia. Bosgarren etaparen kronika
Bultzadatxoa eta kolpea
Francesco Gavazzik irabazi du itzuliko bosgarren etapa, esprintean, epaileek deskalifikatu egin baitute Oscar FreireGaur Zallan jokatuko den erlojupekoan jakingo da itzuliko podiumera nor igoko diren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu