Buruak irabazten du

Indarberrituta ariko da Caja Laboral Malagan, Euroligako garaipenari esker; hilabeterako min hartu du Milko Bjelicak

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko azaroaren 26a
00:00
Entzun
Partida zaila jokatuko du gaur Baskoniak Malagan. Unicajaren balantze bera du, sei garaipen eta galdutako partida bi, eta garrantzitsua da zazpigarrena lortzea Bartzelona eta Real Madrilen arrastoa ez galtzeko. Batzuen eta besteen aldarteak, buruko indarrak, baldintza dezake norgehiagoka, Euroligako seigarren jardunaldian gertatutakoa gogoan. Hazita iritsiko delako Baskonia, herenegun Fenerbahce menderatu eta bere multzoko lidergoa berreskuratu ostean. Zalantza askorekin Unicaja, Panathinaikosen aurka irabazita zeukan norgehiagoka galdu ostean. Malagakoek airean dute Top16a, eta Baskoniak ez.

Euroligako kontuak albo batera utzita ere, konfiantza handiagoarekin dago Baskonia, ligan jokatutako azken lau partidak irabazi baititu. Aurkariak ere ez dira garaipenei sekulako balioa emateko modukoak izan —Valladolid, Obradoiro, Alacant eta Estudiantes—, baina Endesa liga gogorra da, eta lau garaipeneko bolada lotzea zaila da. Bolada on horretan bi partida irabazi ditu etxetik urrun, eta Martin Carpenan sor litekeen giro gaiztoak ez luke eraginik izan behar Baskoniaren jardunean.

Unicajak egurrean hasi zuen liga, eta lehen lau partidak irabazi. Lidergoan egin zituen aste pare bat, baina talde handien aurkako partidek bere tokira eraman dute berriro Chus Mateoren taldea. Valentzia eta Real Madrilen aurka galdu du, eta, haiek bere garaian egin bezala, Baskoniak ere Unicaja menderatzen saiatu behar du. Ivanovicen taldeak Lagun Aro eta Murtziaren aurka jokatuko du hurrengo bi jardunaldietan, abenduaren 18an Gasteizen Bartzelona ahaltsua hartu aurretik, eta lorpen polita litzateke lehia horretara jarraian zazpi garaipen lortuta iristea.

Unicaja menderatzeak lana emango dio, ordea. Baskonia bolada onean delako emaitzei dagokionez, baina ez hainbeste jokoaz hitz egiten hasiz gero. Hirukoetan asmatu edo ez, horren arabera lortzen du arrakasta, eta ia beti Teletovicen partida onen arabera. Azken bi partidetan, ordea, pauso bat aurrera eman, eta erantzukizuna hartu dute bi jokalarik: San Emeteriok eta Olesonek. Espainiarra eta estatubatuarra bikain aritu ziren Estudiantesen eta Fenerbahceren aurka, eta horien beharra ere lagungarria izango da gaur.

Williams, taldetik kanpo

Saskipeko jokorik apenas dagoelako. Prigioni saiatzen ari da Teletovicekin eta Milko Bjelicarekin hain emaitza onak izan dituen blokeoa eta jarraipena egiten, baina zaintza bikoitzak egiten dizkiote kapitainari. Bjelica, berriz, ikasten ari da, baina mantso, eta hurrengo hilabetean ikasiko duena aulkitik ikasiko du, belauneko lotailuan zaintiratua jasan baitzuen herenegun. Heurtel ere saiatzen ari da Seraphin herrikidearekin, baina pibota hiruzpalau metroko jaurtiketak egiten tematzen da, daukan pisuarekin aurkariek zereginik ez dutela jakitun. Funtsezkoa izango da Dorsey behingoz laguntzen hastea. Bestalde, taldeak atzo jakinarazi zuen Reggie Williamsekin akordioa lortu dutela estatubatuarrak sasoi amaierara arte zeukan kontratua bertan behera uzteko.

Unicaja hor dabil, beti bezala, izan nahi eta ezin. Jokalari sorta handia aldatzen du urtez urte, eta arrakastara hurbilduko duen tekla egokia bilatu nahirik ibiltzen da. Hamaikagarrenez bidean geratuko direla dirudi, Gerald Fitchek batean ondo eta bestean gaizki jokatzen duelako; Garbajosaren garai onenak joan zirelako; eta Dardenek ere sarri bere zenbakiak lortzeko bakarrik jokatzen duelako. Hrvoje Peric hegala eta Luka Zoric pibot bosniarra ari dira taldea bizkar gainean hartzen, eta Joel Freeland ere bikain ari da jokatzen. Freelandek eta Rowlandek arazo fisikoak dituzte, ordea, eta horien parte hartzea ez da ziurra gaurko partidan.

UNICAJA-CAJA LABORAL

Unicaja. EJ Rowland, Valters, Fitch, Saul Blanco, Berni Rodriguez, Darden, Abrines, Peric, Garbajosa, Freeland, Zoric eta Sinanovic.

Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Dragic, Pau Ribas, Oleson, San Emeterio, Nemanja Bjelica, Teletovic, Calbarro, Dorsey eta Seraphin.

Sailkapena. Unicaja 3. postuan dago: 6-2 (+67), eta Baskonia koska bat beherago dago: 6-2 (+53).

Tokia. Jose Maria Martin Carpena pabiloia (10.126 eserleku).

Ordua. 19:00.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.