Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Buruari bultzaka

Denis Mentxovek irabazi du Vueltako 20. etapa, Bola del Mundon, eta sufrituta eutsi dio lidergoari Alberto Contadorrek9. amaituko du Vuelta Igor Antonek, 10. Beñat Intxaustik, eta 11. Gorka Verdugok

Buruari bultzaka.
unai zubeldia
2012ko irailaren 9a
00:00
Entzun
«Banekien azken metroetan ezinezkoa zela sailkapenean neukan aldea galtzea». Bihotzarekin erasoa jota eta buruari kasu eginda irabaziko du gaur Alberto Contadorrek (Saxo Bank) Espainiako Vuelta. Maillot gorria soinean zuela, gorriak ikusi zituen Bola del Mundoko pareta beldurgarrian. Dantzan hasi zen lehenengo Joaquim Rodriguez (Katuxa), sailkapeneko hirugarrena, eta dantzan gero Alejandro Valverde (Movistar) bigarrena. «Banekien Purito-k erasoa joko zuela». Baina ordurako bihotzarekin irabazita zeukan Vuelta. Hiru egun lehenago. Fuente Dera bidean deabruaren esanari kasu egin zionean. Podiumera igoko diren hiru txirrindularien artean 1.37 minuturen aldea besterik ez da egon aspaldiko Vueltarik ikusgarrienean.

Lehen hemeretzi egunetan egindakoa 20.ean ez galtzea izaten da beti txirrindularien helburua. Baina borroka txiki asko zeuzkan gordeta La Faisaneratik Bola del Mundora arteko etapak. Txikietan handiena, sailkapen nagusia erabaki behar zuena. Orain hiru egun jota geratu zen Purito, maillot gorria eta bigarren postua galduta, eta erasoa jotzeko intentzioarekin ekin zion Vueltako azken igoerari. Jo zuen, eta ito zituen denak. Baina segundo gehitxo zeuzkan berreskuratu beharra. Indarrak erantzun dion urtean, taktikak huts egin dio kataluniarrari. Fuente Dera bidean Contadorrek erasoa jo zuenean, zalantza txiki bat izan zuen Katuxako liderrak. Eta hantxe ihes egin zion Vueltak, berea zen Vueltak.

Amorratuta jo zuen erasoa atzo, helmugara iristeko bi kilometro falta zirenean. Ordurako lehen erasoa jota zegoen Alejandro Valverde (Movistar). Ausart. Baina minik ez zela egiten ari ikusita, etsi egin zuen espainiarrak. Hori bai, Rodriguezen erasoari berak erantzun zion gero sendoen, Contador bera ere atzean utzita. Tourra lehiatuta, egunen batean lehertuko zela sinetsita zegoen Valverde. Hala adierazi zuen Vuelta hasi eta maillot gorria janztearekin batera. Baina maila harrigarria eman du Movistarreko liderrak. 25 segundo besterik ez zizkion jan atzo Rodriguezek, eta 21 segundoren aldearekion eutsi zion bigarren postuari. Contador, Valverde eta Rodriguez. Hiru maillot gorri merezi ditu aurtengo Vueltak. Lortu dutenagatik, eta eman duten ikuskizunagatik.

Baina borroka txikietan handienaren ondoan, beste batzuk ere izan zituen atzoko etapak. Etapa garaipenarena, esaterako. Sailkapen nagusiaren itzalean egon zen une oro borroka hori. Talde guztiek sartu nahi zuten txirrindulariren bat ihesaldian, gerora gerta zitekeena buruan. Eta, saiakera ustel batzuen ondoren, irrika horrekin gorpuztu zen hogei laguneko ihesaldia, Romain Sicard (Euskaltel-Euskadi) tartean zela. Ez zegoen txirrindulari arriskutsuegirik talde horretan, baina asmoak antzeman zitezkeen, Katuxak, esaterako, bi lagun sartu zituelako ihesaldian: Denis Mentxov eta Mikhail Ignatiev. Gerora etor zitekeenaren abisua zen hori.

Euskaltel-Euskadi lanean

Saiatu zen Jose Vicente Toribio (Andalucia) atzetik aurrera egiten, eta baita 25 laguneko talde arriskutsu bat liderrak urduritzen ere. Baina Igor Anton, Amets Txurruka (Euskaltel-Euskadi) eta Beñat Intxausti (Movistar) tartean zeuden hamalau laguneko taldeari ez zion baimenik eman taldeak. Behin pultsu hori baretuta, eta euri zaparradekin jaitsiera zailenak atzean utzita, etenik gabe hasi ziren aldea pilatzen. Atzean ez zegoen erreakziorik, eta aurrean jende askok zeukan lanerako indarra.

Simon Clarke (Greenedge) mendateko puntuak hartuz-hartuz, 11 minutuko aldea izatera ere iritsi zen ihesaldia... Euskaltel-Euskadi lanean hasi zen arte. Hortxe beste borroka txikietako bat. Saxo Bankek ez zeukan asmorik lasterketa gogortzeko, baina, Sicard aurrean zeukaten arren, Antonen mesedetan aurrekoen aldea ezerezean uzten saiatu zen talde laranja. Hasi, hasi ziren lanean, baina hogei txirrindulari zeuden aurrean, eta hiruzpalau besterik ez atzean. Azkar samar jaitsi zuten aldea zazpi minutura. Baina beste talderen baten elkarlana nahi zuen Euskaltel-Euskadik. Asmo ona, baina ustela, beranduegi iritsi zelako erreakzioa.

Tantaka-tantaka indarra galduz joan ziren ihesaldiko txirrindularietako batzuk —Ignatiev, Lodewyck eta Steegmans izan ziren ahulenak—, eta, tantaka-tantaka, segundoak janez joan zen atzeko taldea. Euskaltel-Euskadik ezin zuen askoz gehiago eman helmugara iristeko hogei bat kilometro falta zirenean, baina orduantxe hasi zen lanean Movistar, Jonathan Castroviejo eta Imanol Erbitirekin. 15 kilometro falta zirenean 5.06 minuturena zen aldea; azken malda gogorrak buruan, indarra eman zion alde horrek tropelari. Alferreko indarra.

11,4 kilometro, %8,6ko batez bestekoa, helmuga marra 2.247 metrora, 987 metroko desnibela... Bola del Mundoko eromen horretako lehen metroetan jolasean hasi ziren aurrean, erasoa batek eta erasoa besteak. Eros Capecchi (Liquigas), Kevin De Weert (Omega), Maxime Bouet (Ag2r), Richie Porte (Sky)... Erritmo aldaketekin, aldapak berak jarri zuen bakoitza bere lekuan. Mentxov, Porte eta De Weert elkarrekin iritsi ziren zatirik gogorrenera. Atzean egurrean jarraitzen zuten Euskaltelek eta Movistarrek. Nahi eta ezina zen gehiago.

Hormigoia gurpilari helduta, eta Mentxov eta Porte oker-oker eginda. Sei bat minutuan egin zuten azken hiru kilometroetako bakoitza. Hortik kontuak atera. Azeri zaharra izaki, Porteri utzi zion Mentxovek ardura guztia, eta azken metroetan ito zuen. Vuelta tristea egin du Katuxakoak, baina ondo biribildu du, behintzat, etapa garaipenarekin. Borroka txikietako bat, beretzat.

Ordura arte hainbeste lan eginda, jo zuen erasoa Igor Antonek ere (Euskaltel) tropel nagusian. Intentzioa bazeukan, baina bere ahaleginean lehertu zen galdakoztarra. Bederatzigarren amaituko du Vuelta, Contadorrengandik hamalau minutu pasatxora. 10. postuan amaituko du Beñat Intxaustik (Movistar), Valverderen alde lan asko eginda. Eta 11. Gorka Verdugok, Vuelta guztian maila aparta emanda.

Gaur amaituko da Vuelta, azken urteotako ikusgarrienetakoa, Cercedilla eta Madril arteko 115 kilometroko etaparekin. Urtero bezala, ospakizun giroan, hiru asteotako garaileei omenaldia egiteko baliatuko dute etapa. Amaieran esprinterrek emango diote Vueltari azken estutua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.