Saskibaloia

Caja Laboralek laugarren partida behartu du, CSKAri astindua emanda

Gasteiztarrek partida harrigarria egin dute defentsako lanean, eta hamalau, hamar eta hamabost puntura mugatu dute errusiarren erasoko jokoa lehen hiru laurdenetan.

unai zubeldia
2013ko apirilaren 17a
22:50
Entzun

Defentsako lanean oinarrituta lortu du Caja Laboral Baskoniak balentria. Lehen bi partidak galdu ondoren, Euroligako final-laurdenetako hirugarren partida zeukaten arabarrek, CSKA Moskuren aurka, eta oso oldarkor jokatuta lortu dute helburua. Biharko laugarren partida behartzea zen Zan Tabak-en helburua, eta ondo erantzun dute jokalariek. 10-4 aurreratu ondoren, 15-14 amaitu da lehen laurdena, baina hurrengo bi laurdenetan txikitu dute arabarrek aurkaria. CSKA 80 puntutik gora ibiltzen da normalean, baina lehen hiru laurdenak amaituta, 70-39 ageri zen markagailuan. Tentsiorik gabea izan da azken laurdena, eta errusiarrek pixka bat itxuratzeko baliatu dute aukera (93-72), baina tentsio handiagoarekin jokatu beharko dute bihar bosgarren partida jokatu nahi ez badute.

Argigarriak dira jaurtiketetako datuak. Caja Laboralek biko 33 jaurtiketa egin ditu, eta 17 asmatu (%51); CSKAk kopuru bera asmatu du, baina bost jaurtiketa gehiago eginda (%44). Hirukoetan, berriz, etxekoek 26 jaurtiketa egin dituzte, eta 15 asmatu (%57); CSKAk zazpi besterik ez ditu sartu, 25 ahalegin eginda (%28). Harmailetatik izugarri bultzatu dute zaleek ere, eta biharko partidan ere ezinbestekoa izango da euren babesa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.