Caja San Fernandoren aurka ariko da gaur Baskonia final-laurdenetan

«Defentsan gogor eta erasoan zentzuz» jokatzeko eskatu die Perasovicek jokalariei

Erredakzioa
2007ko otsailaren 9a
00:00
Entzun
Tau Baskoniak gaur ekingo dio Espainiako Kopari, Malagan (Espainia). Seigarren txapela irabazteko bidean lehen urratsa eman nahi du Gasteizko taldeak. Horretarako, Caja San Fernando kanporatu beharko du eguneko lehen final-laurdenetako partidan (18:30, Correo). Ez da erronka samurra, Caja San Fernando aurkari arriskutsua baita. Espainiarrek ezustea eman nahi dute Kopan, eta buru belarri prestatu dira horretarako. Baskoniak ondo daki Manel Comasek zuzendutako taldea zer egiteko gai den. Izan ere, haren aurka galdu zuten gasteiztarrek Ligako lehen partida, zortzigarren jardunaldian (99-90).

Velimir Perasovicek ez du ustekabekorik nahi. Horregatik, «defentsan gogor eta erasoan zentzuz» jokatzeko eskatu die jokalariei. Entrenatzaile kroaziarra sinetsita dago taldeak azken partidetako bolada txarra etengo duelako. «Ziur naiz taldeak gora egingo duela, eta aurrerapauso bat eman. Hori egiteko gai garen, hala ere, bihar [gaur] ikusiko da. Caja San Fernando oso talde ona da, azkar jokatzea gustuko duena. Aise saskiratzen du, eta defentsan ere lan ona egiten du. Jokalari garaiak ditu, gainera, joko hori aurrera eramateko: Femerling, Ignerski, Alexander, Bueno eta Tskitishvili, besteak beste».

Perasovicen ustez, «dena da ezberdin» Kopan. «Caja San Fernandok irabazi gaitzake, baina jokalariak irrikan dira lehiaketa hasteko eta ahal duten lan onena egiteko».House osatu egin da, eta jokatzeko moduan dago. Ez, ordea, Planinic.



JOVENTUT ETA BARTZELONA SAILKATU DIRA. DKV Joventutek Espainiako Kopako finalerdietarako txartela lortu zuen atzo, Akasvayu Gironari 84-82 irabazi ondoren. Partida luzapenean erabaki zen.

Final-laurdenetako lehen neurketa ezin orekatuagoa izan zen. Akasvayu uneoro izan zen aurretik, baina Joventutek, talde borrokalaria eta gogorra izaki, ez zuen etsi. Akasvayuk lortutako alderik handiena bederatzi puntukoa izan zen (13. min.). Hortik bukaera arte alde txikitzen joan zen Aito Garcia Renesesen taldea, harik eta azken segundoan partida berdintzea lortu zuten arte. Marcelinho Huertasek lortu zuen azken saskiratzeko hori. Luzapenean, berriz, Akasvayuk ez zuen jaurtiketa libreetan asmatu, eta hori baliatu zuen Joventutek, hiru urteren ondoren Kopako finalerdiak jokatzeko.

Bartzelona izango da bere aurkaria. Dusko Ivanovicek zuzendutako taldeak 62-77 irabazi zion Unicaja Malagari; etxeko taldeari, alegia. Hasiera-hasieratik aurrea hartu zuen markagailuan (19-34, 17. min.), eta gero horri eutsi zion, Unicajak estutu arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.