Sarritan, eguneko ihesaldian sartzen diren txirrindulariak tropelak ehizatzen ditu azken kilometroetan. Gaur, ordea, bestelakoa izan da. Gaurko Tourreko 9. etapak 187 kilometro izan ditu. Etapa gogorra izan da; izan ere, ibilbidean 3. mailako mendate bat, 2. mailako bat eta azkenik 1. mailako bat (helmugatik 17 kilometrora) igo dituzte txirrindulariek.
Eguneko protagonista Lillian Calmejan frantziarra izan da. Hasieran, eguneko ihesaldia 50 txirrindularik osatu dute, baina, ibilbidearen gogortasunaren ondorioz, 16 txirrindulari geratu dira lasterketa buruan: Jan Bakelants (AG2R-La Mondiale), Mathias Frank (AG2R-La Mondiale), Koen de Kort (Trek-Segafredo), Michael Schär (BMC), Greg Van Avermaet (BMC), Michael Valgren (Astana), Jens Keukeleire (Orica-Scott), Serge Pauwels (Dimension Data), Emanuel Buchmann (Bora-Hansgrohe), Thomas De Gendt (Lotto-Soudal), Laurens ten Dam (Sunweb), Lilian Calmejane (Direct Energie), Alberto Bettiol (Cannondale-Drapac) Marcus Burghardt (Bora-Hansgrohe), Matteo Trentin (Quick-Step Floors) eta Warren Barguil (Sunweb).
Etapak aurrera egin ahala, beste txirrindulari indartsuago batzuk agertu dira ihesaldian, tartean Mikel Nieve (Sky) eta Jonathan Castroviejo euskaldunak, eta Lilian Calmejane, gaurko irabazlea. Azken mendatean, ordea, lau txirrindulari geratu dira lasterketa buruan: Nicolas Roche (BMC), Serge Pauwels (Dimension Data) Robert Gesink (Lotto NL Jumbo) eta Calmejane. Sei kilometro falta zirenean Calmejanek erasoa jo du, eta Rochek bakarrik erantzun dio. Hala ere, Calmejanek erritmo gogorra jarri eta bakarrik helmugaratu da, nahiz eta birritan karranpak izan dituen bikietan. Faboritoei dagokienez, tropelean ez da mugimendurik egon, eta Froomek jarraitzen du elastiko horiarekin.