Futbola

Camacho: "Seriotasuna dago Osasunan"

Klubak entrenatzaile berria aurkeztu du gaur.

2008ko urriaren 14a
15:39
Entzun
Entrenatzaile serioa da Jose Antonio Camacho (Espainia, 53 urte), eta Osasunan "seriotasuna" dagoelako erabaki du Iruñera etortzea teknikari, klubak atzo Jose Angel Ziganda (Larrainzar, Nafarroa; 42 urte) kargutik kendu ostean. "Ikusi nuen seriotasun handia dagoela, eta hori gustatzen zait niri. Ilusioa ere bazuten ni hona etortzeko", esan du gaur, aurkezpenean.

Duela urte batzuk ere Osasunan fitxatzeko aukera eduki zuela jakinarazi du, "baina orain islatu da". Denboraldia bukatu arteko kontratua sinatu du. Klubak beste urtebetez luzatzeko aukera izanen du. Jose Carcelen izango du laguntzaile, ohi bezala. Gaur arratsaldean zuzenduko dute lehen entrenamendua.

Hamaseigarren dago taldea Espainiako Lehen Mailan, lau punturekin -ez du partidarik irababazi-, Betis azkenetik bi puntura. "Badakigu zailtasun handiak izanen ditugula, baina aurrera irtengo dugu, konbentzituta gaude. Osasunak zer egiten duen da garrantzitsuena, ez entrenatzaileak irabaztea edo galtzea".

Real Madrilen jokalari eta entrenatzaile izana da Camacho, eta Real Madril ez dago ondo ikusia Iruñean eta Nafarroan jende askoren artean. Hori eragozpena ez dela izango uste du hark, eta bere iraganaz ez zaiola damutzen gaineratu du. "Nik lortutakoa, neuk irabazitakoa izan da".

Patxi Izko Osasunako presidenteak aitortu du bere agintaldiko "erabakirik gogorrena" izan dela Ziganda bidaltzea.

Sporting Gijonen zelaian jokatuko du Osasunak hurrena, igandean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.