Azken orduko iraultza batekin egiten zuten amets ziklismo epikoaren zaleek. Bada, ez: aurtengo Giroa Egan Bernalena (Ineos) da. Gaur zuen azken suzko proba, Alpe Mottan bukatzen zen etapa menditsuan. Lehen mailako hiru mendate igo behar ziren elkarren segidan; beraz, segadaren batean erori eta pot egiteko arriskua zuen kolonbiarrak. Itxaropena bazuen Damiano Carusok (Bahrain), eta bere esku zegoen guztia egin du miraria gauzatu zedin. Pikotxa eta pala alde batera utzi ditu Giro honetan, Mikel Landa erretiratu ondotik, eta distira egin du haren ordezko gisa. Gaur, etapa garaipen handia lortu du, ausardiaren bidetik. Hori bai, Bernalek kontrolpean izan du egoera ia une oro, eta, oker handirik gertatu ezean, arrosaz jantziko da bihar Milango podiumean.
Erabat lauak ziren lehen 80 kilometroen ondoren, San Bernardino igotzen hasi dira txirrindulariak. Eguneko hiru mendateetan aurrenekoa zen, eta hiruretan gogorrena, 23,7 kilometro eta, batez beste, %6,2ko pendizarekin. Lasterketa hankaz gora jar zezaketen erasoak espero ziren koloso suitzarrean. Begirada guztiak Simon Yatesengan (Bike Exchange) zeuden jarriak. Haren taldea jarri da tropeletik tiraka, baina su handirik gabe. Erritmo lasaian egin dute igoera, harik eta azken txanpan DSM agertu den arte, Bardetentzat lasterketa gogortzeko.
Hori horrela, ihesaldiak 50 segundoren aldearekin igaro du gailur elurtua. Bederatzi lagunek osatu dute hasiera batean, baina bost nabarmendu dira San Bernardino amaiezinean: Louis Vervaeke (Alpecin), Simon Pellaud (Androni), Giovanni Visconti (Bardiani), Felix Grossschartner (Bora) eta Vincenzo Albanese (Eolo). Jaitsieran, Bardet batu zaie, Chris Hamilton eta Michael Storer taldekideekin batera. Hortik gutxira, Carusok eta Pello Bilbaok (Bahrain) egin dute bat lasterketa burukoekin. Igoeran ez, maldan behera piztu da txinparta.
Alarmak piztu zaizkio ordura arte lasai ederrean egona zen Ineosi. Aurrekoak 25 segundorekin iritsi dira Splugako igoerara. 38 kilometro gelditzen ziren helmugarako. Caruso eta Bardeti esku bat bota die Vervaekek, errelebo indartsua eman baitu hanka altxatu aurretik. Aldea gora zihoan, eta Bernalek taldekideak erre behar izan ditu; Jonathan Castroviejorekin eta Daniel Felipe Martinezekin gelditu da bakarrik. Liderrak kontrolpean zeukan oraindik lasterketa: 45 segundo ateratzen zioten Bahraingo eta DSMko bikoteek mendate gainean. Bestalde, deigarria izan da Yatesek ez duela imintziorik ere egin. Indar kontua izan da, geroago ikusi denez.
Aleksandr Vlasovek (Astana) soka tenkatu du jaitsieraren hasieran, zorua bustita zegoela baliatuz. Haren ahaleginak ez du Bernal jokoz kanpo harrapatu; bai, ordea, Daniel Martinez. Gogotik estutzeko prest zegoen Castroviejo, baina kolonbiarrari itxaron behar izan diote. Aurreko laukotearentzat mesede. Haatik, pagotxa amaitu zaie behin getxoztarra indarrez tira egiten hasi denean. Halako ziztuan gidatu du onenen multzoa, ezen pare bat aldiz eten baitu. Aurrean, berriz, lana zintzo egin du Bilbaok.
Helmugatik 6,5 kilometrora zabaldu da gernikarra, Alpe Mottan gora, Carusoren esker ona jasota. Italiarrak igoera itzela osatu du, eta Bardet lehertu bi kilometro falta zirela. Atzean, suziriak Dani Martinezek piztu ditu, erritmo bortitzarekin. Jota utzi ditu Bernalen aurkari guztiak. Liderra bakarrik abiatu da azken kilometroan, Giroa jada zakuan zuela. Etapa, aldiz, Carusok irabazi du, ondo merezita. 24 segundo atera dizkio Bernali, eta 35 haren ezkutari Dani Martinezi.
Bihar bukatuko da Giroa, Senago eta Milan artean jokatuko den 30,3 kilometroko erlojupekoarekin. Bernalek 1.59ra du Caruso, eta 3.23ra Yates; inongo arazorik gabe irabazi beharko luke.