Casey Stoner garaile Estatu Batuetan, asko sufrituta

Australiarrak erritmo biziagoa izan zuen lasterketaren amaieran, Lorenzori hasieran sendo eutsi ondoren

2012ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Casey Stoner (Honda) ondo egokitu zen uneoro lasterketako egoerara, eta AEBetako Sari Nagusia irabazi zuen. Eutsi behar zuenean eutsi, eta erasoa jo behar zuenean aurrera egin. Beste misteriorik ez zuen izan. Denboraldiko laugarren garaipena lortu zuen herenegun, Jorge Lorenzo (Yamaha) eta Dani Pedrosaren (Honda) aurretik. Sailkapen nagusian, baina, Lorenzok sendo jarraitzen du lider, 23 puntuko aldea baitu Pedrosarekiko.

Liderrak markatu zuen lasterketako erritmoa lehen itzulietan. Bizi aritu zen Lorenzo hasieratik, eta Stoner eta Pedrosa bakarrik izan ziren bere gurpilari jarraitzeko gai. Gainontzekoak oso atzean geratu ziren. Pedrosak berak ere zailtasunak zituen lasterketa buruari eusteko, eta saioaren erdialdean atzean geratu zen. Kataluniako gidaria taldetik geratzen eta berriro sartzen egon zen denbora luzez, baina azkenerako ezin izan zuen gehiago iraun.

Lehia aurreko biek zuten. Azken bi urteetako Munduko txapeldunak nor baino nor gehiago. Lorenzok bereari eusten zion, abiadura azkarrean, australiarrak noiz amore emango zain. Haatik, kontrako erantzuna jaso zuen. Lasterketa amaitzeko hamaika itzuli falta zirenean, aurrea hartu zion espainiarrari, eta hortik aurrera ez zion inork kendu lehen postua. Berak erabilitako jokaldi berbera izan zen Lorenzo jokoz kanpo utzi zuena. Yamaha taldekoak egin bezala, erritmo bizia jartzeari ekin zion Stonerrek. Eta hasieran eutsi zion Lorenzok, baina amore behar izan zuen gero. Hurrengo itzulietan, aldeak gora baino ez zuen egin. Azkenerako, garaipen erosoa lortu zuen Stonerrek.

Lorenzo, lidergoan sendo

Lasterketan lortutako bigarren postuarekin, Munduko Txapelketako lidergoa sendotu du Lorenzok. Pedrosarekiko zuen aldea handitu egin du, eta 23 puntura du orain. Igandeko garailea, berriz, hirugarren postuan da, 32 puntura. Denboraldi osoaren erakusle izan zen Estatu Batuetako Sari Nagusia. Hiru izan ziren beste guztien gainetik.

Atzetik, Ben Spies (Yamaha) izan zen gainontzekoen buru, baina erori egin zen. Amerikarraren zoritxarra baliatu zuen Andrea Doviziosok (Yamaha) laugarren izateko. Aldea nabarmena da aurreneko hiruren eta txapelketako beste guztien artean, eta ez dirudi aldatuko denik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.