Casey Stonerrek etxean irabazi du GP mailako Munduko Txapelketa

Sasoiko bederatzigarren garaipena lortu du Australiako Sari Nagusian, eta txapeldun da, bi proba falta arren

Erredakzioa
Donostia
2011ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Irabaz zezakeen tokirik berezienean irabazi zuen Casey Stonerrek (Honda) 2011ko Motoziklismoko GP mailako Munduko Txapelketa, herenegun. Non eta Australian, bere etxean. Denboraldia amaitzeko bi sari nagusi falta arren, ez zuen itxaron nahi izan munduko txapeldun izateko, eta jaun eta jabe izan zen Phillips Islandeko zirkuituan. Sasoiko bederatzigarren garaipena eskuratuta, berea du titulua; profesional mailako bigarrena, hain zuzen ere. Lehenengoa 2007an lortu zuen. Guztira hamasei sari nagusi jokatu dira, eta bi besterik ez dira falta: Malaysiakoa eta Valentziakoa.

Titulua lotzeko atea zabalduta zeukan Stonerrek, eta ez zuen aukera huts egin. Lan saio ofizialetan eroriko larria izan zuen Jorge Lorenzok (Yamaha), eta herenegun ezin izan zen motor gainera igo. Hala, australiarrak ia nahikoa zuen hutsik ez egitea. Irteera lerroan bertan lehen postuan jarri zen, eta bikain eutsi zion aldeari lasterketa guztian. Itzulirik azkarrena ere berak egin zuen. Bigarren Marco Simoncelli helmugaratu zen, eta hirugarren Andrea Dovizioso, biak ere Honda etxekoak.

125 cc-ko proban lan ona egin zuen Efren Vazquezek (Derbi), laugarren postuan amaitu baitzuen. Podiumetik urrats bakar batera geratu zen bilbotarra. Garaipena Sandro Corteserentzat izan zen (Aprilia). Vazquez seigarren dago sailkapen nagusian, 142 punturekin. Maila horretan Nico Terol da liderra (Aprilia). Moto 2 mailan, bestalde, Alex de Angelisek (Motobi) irabazi zuen Australiako proba. Sailkapen nagusian Stefan Bradl dago lehen postuan (Kalex), 254 punturekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.