Espero zen bezala hasi da Giroa; esprintarekin eta Mark Cavendishen (Omega) garaipenarekin. Napolin hasi eta bukatu, sekretu handirik gabea izan da lehen etapa. Ricardo Mestre (Euskaltel), Giovanni Visconti (Movistar), Guillaume Bonnafond (Ag2R), Cameron Wurf (Cannondale), Brian Bulgac (Lotto), Marco Canola (Bardiani) eta Martin Keijzer (Vacansoleil) sartu dira ihesaldian, baina, azken esprinta buruan, tropelak ondo zaindu du aurrekoen lana. Taldean ezin eta, Wurf bakarka saiatu da gero (mendiko eta tarteko helmugetako puntuak pilatzeko), baina helmugara iristeko 20 kilometro falta zirela harrapatu du tropelak australiarra. Zulatu, matxura eta erorketa dezente izan da egun guztian zehar, eta horietako batean kolpe handia hartu du Pablo Urtasunek (Euskaltel). Datozen orduetan egingo dizkiote azterketa gehiago.
Tropela luze-luze eginda zihoala, erorketa izan da azken hiru kilometroen barruan sartuta, eta multzo txiki bat geratu da aurrean. Greenedgek ondo bideratu dio esprinta Matthew Gossi, baina Cavendishek indarrez irabazi du lehen etapa, eskuin aldetik esprinta jota. Etapa eta lidergoa eskuratu ditu Man uhartekoak. Ischia eta Forio artean, 17,4 kilometroko taldekako erlojupekoa izango da bihar.