Txirrindularitza

Cavendishek irabazi du Tourreko bosgarren etapa

Man uharteko txirrindularia esprintean gailendu zaio Freire espainiarrari. Hiru frantziar ihesean ibili dira ia etapa osoan, baina helmugatik gertu gainditu ditu tropelak.

2008ko uztailaren 9a
18:58
Entzun
Mark Cavendish mandarrak (Team Colombiakoa) irabazi du gaur arratsaldean Frantziako Tourreko bosgarren etapa: Cholet-Chateauroux (232 kilometro). Etapa laua izan da, eta tropel handian iritsi dira txirrindulariak helmugara, esprint luze eta gogor batean. Bigarren postuan Oscar Freire (Rabobankekoa) sartu da, eta Erik Zabel (Milramekoa) izan da hirugarrena.

11. kilometroan Lilian Jegou (FDJ), Nicolas Vogondy (Agrotubel) eta Florent Brard (Cofidis) frantziarrek tropeletik ospa egin dute. Lasterketaren zatirik handienean aurretik joan badira ere -33,5. kilometroan izan dute alderik handiena, 8’15’’-ekoa-, helmugatik gertu harrapatu dituzte. Helmugatik 300 metrora esprinta hasi du Cavendishek, eta aurretik ihesean geratzen zen Vogondy 50 metrora gainditu du. Tropelak ere irentsi egin du frantziarra.

Stefan Schumacher alemaniarrak (Gerolsteiner taldekoa) segitzen du lider. Team Colmbiako Kim Kirchen luxenburgoarrari 12 segundoko aldea ateratzen dio, baita David Millar Maltan jaiotako eskoziarrari (Garmin Chipotlekoa) ere.

Bihar korrituko dute seigarren etapa: Aigurande-Super Besse (195,5 kilometro). Bigarren mailako mendatean bukatuko da. Aurretik, laugarren mailako bi mendate eta bigarren mailako bat izango dituzte.

Hilaren 27an bukatuko da itzulia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.