Cejudok beste hiru aste beharko ditu jokatzeko prest egoteko

Ferran Corominas Espanyoleko aurrelariak Osasunan jokatuko du utzita denboraldia amaitu arte

Iruñea
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Egun gorabeheratsua izan zen atzokoa Osasunaren bulegoetako langileentzat. Atzo eguerdian aurkeztu behar zuten Alvaro Cejudo, baina azterketa medikuek eragindako zalantzak zirela eta, arratsaldea arte ez zuen erdilari espainiarra fitxatzeko erabakia hartu Iruñeko taldeak. Abenduaren 5ean Las Palmasekin Celtaren aurka jokatutako partidan erdilaria eskuin belaunean min hartuta zela bazekiten Osasunako arduradunek, baina, lesioa osatzetik gertu zela uste zutenean, atzo goizeko azterketa medikuek zalantzak eragin zizkieten, eta behin betiko erabakia atzeratzea hobetsi zuten. Arratsaldean, arriskuen inguruan hausnartu ostean, Cejudo fitxatzea erabaki zuten, dena dela. Eta bien bitartean, Espanyoleko aurrelari Ferran Corominas sasoi amaiera arte utzita ariko dela ere baieztatu zuen Osasunak —ez du hura fitxatzeko aukerarik izango—. Bi jokalari horien fitxaketarekin, Juanfranen hutsunea betetzea espero du klubak.

«Badakit konparazioak saihestezinak direla kasu hauetan, baina Juanfran jokalari garrantzitsua da, eta nik nire ekarpena egitea besterik ez dut pentsatzen. Ez dut inoiz Lehen Mailan jokatu, baina hori ez da arazoa izango. Esperientzia hartu eta nire ekarpena egin nahi diot Osasunari. Hobeto edo okerrago ariko naiz, baina lana erruz egingo dudala argi daukat», esan zuen Cejudok aurkezpenean. «Juanfran ordezkatzera dator Cejudo, eskuin hegaletik jokatu ohi du, baina erditik zein ezkerretik ere ari daiteke. Jokalari indartsua da, eta lana gogotik egiten du. Bi oinekin ondo astintzen du baloia eta estrategiako jokaldietan ere lagunduko digu», adierazi zuen Angel Martin Gonzalez kirol zuzendariak.

Eskuin zangoko koadrizepsean haustura dauka Cejudok, eta Patxi Zipriain Osasunako medikuaren esanetan, hiruzpalau aste beharko ditu jokatzeko prest egoteko. Horrek atzeratu zuen fitxaketa, baina Martin Gonzalezen esanetan Corominas ere etorriko dela jakiteak Cejudoren arazoari garrantzia kendu dio. 320.000 euro ordainduko dizkio Osasunak Las Palmasi, baina lehen hilabetean jokatuko ez duenez, mailari eutsiz gero Osasunak kontratuz Cejudoren talde ohiari ordaindu beharko liokeen 50.000 euroko gehigarria ordaindu beharrik ez dute izango gorritxoek orain. Bestalde, gaur aurkeztuko dute Corominas.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.