Clement Champoussinek (Ag2r) ustekabeko garaipena lortu du Vueltako azken-aurreko etapan. Faboritoetako bat nagusitu behar zela zirudien, baina elkarri begira gelditu dira haiek Castro de Hervilleko igoerako azken txanpan. Frantziarrak ez du aukera alferrik galdu, eta aurrenekoz altxatu ditu besoak profesional bezala. Jack Haig (Bahrain) ere pozik bukatu du etapa, seigarren postutik hirugarrenera egin baitu jauzi. Primoz Roglicek (Jumbo), berriz, nagusiko garaipena ziurtatu du. Txanponaren beste aldean, amildu egin da Miguel Angel Lopez (Movistar). Moztuta gelditu da Yatesek urrutitik jo duenean, eta amorrazioaren poderioz, bizikletatik jaitsi eta lasterketa uztea erabaki du.
Zerra itxura zuen etaparen bigarren zatiak, bata bestearen atzetik igo behar zituzten bost mendaterekin. Hirugarren mailako Vilachan zen aurrenekoa, eta bertara 16 txirrindulari iritsi dira buruan, ia hamabi minutuko aldearekin. Mikel Bizkarra (Euskaltel) izan da ihes egin duen euskal herritar bakarra. Maila handiko ziklistak zituen ondoan: Champoussin eta Lilian Calmejane(Ag2r), Romain Bardet eta Michael Storer (DSM), Ryan Gibbons eta Matteo Trentin (UAE) eta Mark Padun (Bahrain), besteak beste.
Gauzak bare ziren tropelean, harik eta Ineosek ekimena hartu duen arte. Lasterketa nabarmen gogortu du bigarren mailako Mabian. Belarriak tentetu egin zaizkie ihesaldikoei, zuten errentaren erdia begi kliska batean galdu baitute. Berandu gabe hasi dira elkarri oldartzen: Trentinek maldan behera egin du ekinaldia, eta multzoa aletuz joan da Mougasen, eguneko mendaterik gogorrenean –9,8 kilometro eta %6,4ko pendiza–.
Han piztu da onenen arteko lehia ere. Ineos taldearen estutuari jarraipena eman dio Yatesek, erasoari ekinez. Helmugarako 60 kilometro gelditzen ziren oraindik. Egan Bernal (Ineos) saiatu da geroago, eta segidan, beste ahalegin bat egin du Yatesek. Saiatuaren saiatuaz, aurrera egin du britainiarrak, gurpilean Roglic, Mas eta Gino Maeder eta Jack Haig (Bahrain) zituela. Komeriak, horrenbestez, Lopezentzat estutu arren, ez da kapaza izan aurkariekin berriro bat egiteko. Bernal ere atzean gelditu da, baina Yates aurrean zegoenez, Lopezen esku utzi du patata beroa. Etsiak erabat jo dio Movistarrekoari, eta Patxi Vila zuzendariak ez du lortu borrokan jarrai zezan konbentzitzea.
Roglicen multzoak harrapatu egin ditu pixkanaka iheslari guztiak, Gibbons izan ezik. Hegoafrikarrak Mougasen behera egin du eraso, eta Pradoko gaina gainditu ondotik, 1.30eko aldearekin iritsi da Castro de Hervillera, eguneko azken igoerara. Berehala gaineratu zaizkio Roglic, Mas, Yates eta Haig, baina haien arteko markaketak zabaldu egin du etaparen lehia. Erasoa jo, eta gelditu egiten ziren berehala. Bizkarra atzera eta aurrera eginez ibili da, baina ezin izan ditu indartsuenak itsumustuan harrapatu; bai, ordea, Champoussinek. Sei segundo beranduago helmugaratu da Roglic, eta zortzira Yates eta Mas. Bizkarra zazpigarren izan da, 23ra.
Roglicek bere hirugarren Vuelta irabaziko du bihar, Padron eta Santiago de Compostela artean jokatuko den 34 kilometroko erlojupekoan. Esloveniarra bera da saioa irabazteko faboritoa.