Chelsearen estiloak balio du

Lehia estua jokatu dute, eta asteazkenean jakingo da zein sailkatuko den Txapeldunen Ligako finalerako

Igor Susaeta.
2009ko apirilaren 29a
00:00
Entzun
Bartzelonan atzo jokatutakoa ezzen udako lagunarteko partida aspergarri bat. Ligako norgehiagoka soil bat ere ez. Bartzelonako eta Chelseako jokalariak Camp Noura zelairatu baino lehenago harmailak nola zeuden ikustea besterik ez zen egin behar, neurketa inportatea, oso inportantea, zela konturatzeko. Gogorrenari ere oilo ipurdia jartzeko moduko giroa arnas zitekeen Bartzelonaren etxean. Izan ere, Txapeldunen Ligako finalerako bidean urrats garrantzitsua ematea zegoen jokoan; finalaurrekoetako joaneko partida, hain zuzen. Eta bi taldeetako entrenatzaileek zein jokalariek ondotxo zekiten hori. Beraz, neuketaren tamaina hain handia izanda, bi taldeak ondoen menperatzen dutena zelaian gauzatzeko intentzioarekin irten ziren zaleen aurrera. Bartzelona, jokoa lotzeko asmoarekin, aurkaria hormarenen, pase sakonen, eta talentuaren zein abiaduraren bidez txikitzeko asmoarekin. Chelsea, berriz, hori guztia eragozteko intentzioarekin. Bartzelonak egiten duena ikusgarriagoa da zaleen, ia mundu guztiaren, begietara, baina Chelsearen estiloak balio du. Balio du, Txapeldunen Ligako finalerako txartela baldin badago jokoan. Eta atzo Chelsearen estiloa nagusitu zen, Bartzelonak dozena erdi aukera garbi eduki arren. Datoren asteazkenean jakingo da, Londresen, zein sailkatuko den Erroman jokatuko den finalerako.

Kanporaketa hasi aurretik Bartzelona zen faboritoa. Normala. Denboraldi honetan sekulakoak eta bi egiten ari da Pep Guardiolak entrenatzen duen taldea. Egin kontu: atzo arte, sasoi honetan zaleen aurrean jokatutako 26 partidetan golen bat egin zuen. Chelsea izan zen marka hori eten zuena. Guus Hiddinkek entrenatutako Chelsea. Halere, Jose Mourinhok zizelkatutako talde haren traza du egungoak ere. Ezin fisikoagoa, harroka baino gogorragoa, ordenatua, diziplinatua...

Hiddink Herbeheretako eskolakoa entrenatzailea da, baina partida gogorra planteatu zuen atzo. Artistakeriak, beraz, beste baterako, partida hain garrantzitsua ez denerako. Hasteko, zelai erdia indartu zuen. Eto'ok eta Lampardek aukera bana eduki zuten hasieran, baina Chelseak gauza bat zeukan argi da: Marquezek eta Piquek nahi adina ukitu zezaketen baloia, baina Xavik eta Iniestak ez. Inondik ere. Horretarako, Ballack eta Mikel jarri zituen Bartzelonako bi joko sortzaileen gainean.

Guardiolaren jokalariak, baina, ez ziren, ez, urduritu. Horrenbestekoa da euren talentua... Pixkanaka jokoa kontrolatzen hasi ziren, baloia maseatzen. Hartara, 10. minututik ordua erdia bete bitartean, bere atezainaren bueltan biltzera behartu zituzten Chelseakoak. Horiek, baina, bazekiten halako zerbait gerta zitekeela, eta lasai: ordena handiarekin defendatzen, modu solidarioan, eta, tarteka, epailearen baimenarekin egurra ematen.

Tarte horretan aukera bat eduki zuen Xavik, beste bat Henryk, baina protestak eta sarrera gogor samarrak gorabehera, atsedenaldia bitartean partida gogortu eta itsusitu zen. Dena dela, aukera garbiena Drogbak eduki zuen 39. minutuan, Valdesen aurrean bakarrik geratu zenean. Atezain kataluniarrak ondo erantzun zien bolikostarrak di-da batean egindako bi erremateei.

Zuloak aurkitu ezinda

Ballackek ere aukera garbia huts egin zuen buruz, atsedenalditik bueltan. Bartzelonak erritmo bizia jarri nahi zion lehiari, Chelseak Cechren aurrean eraikitako horma zulatu. Bost minututan, ordea, Henryk kolpe gogorra hartu zuen buruan, eta Marquezek berak bakarrik mindu zuen ezker hankako meniskoa.

Horrek partida hoztu zuen. 10 bat minutuko lozorroaren ondoren, baina, joko apur bat lotu zuen Bartzelonak, eta Alvesek, Messik eta Eto'ok euren aukerak eduki zituzten; garbiena kamerundarrarena, Cechren aurrean geratu zenean.

Etxeko taldea ez zegoen amore emateko prest, baina Chelseak 90, 120 minutu, jokatu ditzake diziplina eta indar berarekin. Gainera, 10 bat minutuz partida hautsi zen, eta Ingalaterrako taldeak gola egitea ere ez zen harritzeko izango. Azkeneko ahaleginean, ordea, Hlbek eta Bojanekeduki zituzten aukera garbiak; oso garbiak. Kale, baina. Bartzelonaren estiloa ikusgarria, baina Chelsearenak ere balio du.



Bartzelona 0

Chelsea 0

Bartzelona. Valdes; Alves, Marquez (Puyol, 52. min.), Pique, Abidal; Xavi, Toure, Iniesta; Messi, Eto'o (Bojan, 82. min.) eta Henry (Hleb, 89. min.).

Chelsea. Cech; Ivanovic, Terry, Alex, Bosingwa; Mikel, Lampard (Belletti, 71. min.); Essien, Ballack (Anelka, 90. min.), Malouda; eta Drogba.

Epailea. Wolfgang Stark (Alemania). Txartel horiak Bartzelonako Toureri eta Puyoli, eta Chelseako Alexi eta Ballack

Bestelakoak. 98.000 zaleek goraino bete zuten Camp Nou zelaian. Giro bikaina.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.