«Beldurra erreakzio bat da, ausardia erabaki bat». Hala zioen Chimy Avila Osasunako jokalariak joan den larunbatean soinean zuen kamisetak; alboan Santiago Abascal Vox alderdi ultraeskuindarreko buruaren irudi bat du esaldiak. Bere Instagram kontura igo zuen irudi hori Avilak, baina geroxeago ezabatu egin behar izan zuen.
Izan ere, kritika mordoa jasotzen hasi zen aurrelaria. Besteak beste, sareetako erabiltzaileek atzerritarra dela gogorarazi zioten Avilari (argentinarra da), eta Voxek migratzaileekiko dituen politikak eta ideiak aipatu zizkioten. Beste batzuek jokalaria kanporatzeko ere eskatu zioten Osasunari.
Chimy gutxienez zigortua: Osasunako komunikatua +ez entrenatu, Patri bezala. Ea Osasuna-ren baloreak nahi dugun momentuetarako izanen diren. Baloreak golak baino inportanteagoak dira. Ta nire kasuan, nahiago dut Osasuna 2ªBn egotea jokalari faxistarik gabe, 1ªn faxistekin baino.
— Itziar_Nafarroa (@itziar_nafarroa) June 20, 2021
Avilak Instagramen bertan erantzun zien kritikei. Barkamena eskatu zuen: «Gaur hanka sartu dut jende askori min egin dion kamiseta batekin argazki bat igota sareetara. Sentitzen dut. Oparitu egin zidaten, gustuko dut kamisetako esaldia, eta ez nuen uste pertsona batzuentzat halako esanahia izango zuenik. Ez dakit ezer politikaz, ez zait interesatzen. Nire pasio bakarrak futbola eta nire familia dira. Ez zen nire asmoa inor haserraraztea, eta barkamena eskatu nahi dut», idatzi zuen.
Osasunaren zaletuentzat jokalari maitatua da Avila, aurtengo denboraldi osoa min hartuta igaro duen arren. Sadarren ohikoak dira «Chimy, Chimy» oihuak; izan ere, jokalari borrokalaria eta izaera handikoa da argentinarra. Orain, ordea, ikusteko dago zaletuek aurrelariaren barkamen eskaera onartuko duten ala ez.
Chimy Ávila, aurkeztezina, ezjakina... eta faxista.
— JJ Agirre (@Ortubekoa) June 20, 2021
Utikan! https://t.co/dlYq6m68u5
Gaur, gertatutakoaz hitz egin du Jorge Buxade Voxen bozeramaileak, eta «babesa eta elkartasuna» adierazi dizkio Avilari. Haren iritziz, gertatutakoak erakusten du «askatasun falta handia» dagoela oraindik, eta gehitu du elastikoa «oso ondo» geratzen zaiola Osasunako jokalariari: «Kamisetak egiten dituen enpresa gustura egongo da progresistek eta independentistek egin dioten kanpainarekin».
Zugastiren aurrekaria
Osasunak, momentuz, ez du adierazpenik egin gertatutakoari buruz. Duela hilabete antzeko beste gertakari bat izan zen Osasunaren emakumezkoen taldeko Patricia Zugastirekin. Oviedoren aurka jokatutako neurketa batean, aurkako taldeko jokalari bati irain arrazistak egitea egotzi zioten.
Jokalariak, ordea, esan zuen hori ez zela egia, eta gertaturakoa ikusita inpotentzia sentitzen zuela adierazi. Neurketaren 75. minutuan, Oviedoko jokalari batek ostikada bat eman zion Osasunako bati, eta orduan esan zuen eztabaida piztu zuen esaldia Zugastik: «A zer ostikada eman dion txinatar puta horrek!».
Eztabaida sortu zen orduan, eta, Zugastik barkamena eskatu eta aurkariarekin bakeak egin zituen arren, sareetan berehala zabaldu zen gertatutakoa. Orduan, Osasunak ohar bat kaleratu zuen, eta «gauzak argitu bitartean» taldetik kanpo utzi zuen Zugasti. Jokalariak esan zuen ulertzen zuela klubaren erabakia: «Akats bat egin dut, onartzen dut, baina espero dut dena azkar argituko dela eta entrenatzera itzuliko naizela», esan zuen.
2019an ere eztabaida piztu zuen beste kasu batek: orduan Osasunako jokalari zen Endika Irigoien Altsasuko gazteen aldeko kamiseta batekin joan zen San Ferminetako txupinazora, sareetara igo zuen, eta ekintza hura gaitzetsi egin zuten zaletu batzuek.