Maialen Chorraut piraguista gipuzkoarrak garaipen handia lortu zuen atzo Pragan. Munduko Kopako proba bat jokatu zen, eta Chorrautek K-1 modalitatean irabazi zuen. Pasa den udan urrezko domina irabazi zuen Rioko Olinpiar Jokoetan, eta atzokoa du horren ondorengo lehen garaipena. Zailtasun handiko proba izan zen, Chorrautek berak esan zuenez. "Pragan sekula ez nintzen finalerdietatik pasa. Oso zaila izan da, erraza zen kale egitea, intentsitate handiko ibilbidea baita", esan zuen Chorrautek urrezko domina eskuratu ondoren.
104,68 segundotan amaitu zuen ibilbidea lasartearrak, eta zigorrik ez. Gutxigatik irabazi zuen, bigarren sailkatua 24 ehunenekotara helmugaratu baitzen, Kimberley Woods ingelesea. Hirugarren Ricarda Funk izan zen; denbora onena horrek egin zuen, baina hainbat akats egin zituen jaitsieran eta lau segundoko zigorra jaso zuen.
Irati Goikoetxea donostiarrak ez zuen lortu finalerdietara sailkatzea, eta Ander Elosegi Irundarrak ere ez.