Giroarekin zorretan zegoen Cofidis. Tropelean mende laurdena darama mailegu enpresa frantziarrak babestutako taldeak, baina soilik bi garaipen zituen lasterketa italiarrean. Areago, 11 urte zeramatzan bertan irabazi gabe. Bada, zorra kitatzea lortu du gaur, Victor Lafayk Guardia Sanframondiko igoeran emandako erakustaldiari esker. Ihesean lortu du garaipena Lafayk, taldearen estiloari leial. Zortzi egunean arrakasta eduki duen laugarren ihesaldia izan da. Bestalde, lidergoak ez dio ihes egin Attila Valterri (Groupama), eta arrosaz jantzita iritsiko da biharko etapa menditsura. Onenak, berriz, gaur batere mugitu gabe helduko dira .
Bihurriak ziren etapako lehen kilometroak, eta jolaserako gogoa zuten txirrindulariek. Hainbat saiakera izan dira tropela zatikatzeko; horietako batean parte hartu du Egan Bernalek (Ineos). Jokoz kanpo harrapatu ditu, hasiera batean, Remco Evenepoel (Deceuninck) eta Valter. Geroago, haize babesak sortzen saiatu da Bahrain taldea. Ufadak indarrez sartzen ziren, saihetsetik une batzuetan, eta aurrez gehienetan. Lan nekeza zen multzo nagusitik ihes egitea. Bertan irauteko gai ere ez da izan Caleb Ewan (Lotto Soudal), haren taldearen arabera, belaunean mina zuelako. Bi etapa irabazita eta erregulartasunaren sailkapeneko buru zela utzi du lasterketa. Jakina zen noizbait erretiratuko zela, bere buruari Tourrean eta Vueltan ere besoak altxatzeko erronka baitio jarria.
Azkenean, 55 kilometroko zalapartaren ondotik, bederatzi txirrindularik egin dute aurrera: Lafayk, Fernando Gaviriak (UAE), Alexis Gougeardek (Ag2r), Nelson Oliveirak (Movistar), Nikias Arndtek (DSM), Kobe Goosensek (Lotto Soudal), Giovanni Carbonik (Bardiani), Francesco Gavazzik (Eolo) eta Victor Campenaertsek (Qhubeka). Ez zioten mehatxu egiten Valterren lidergoari, eta hala, bidea egiteko baimena izan dute: zazpi minutuko aldearekin igaro dute eguneko bi mendateetan lehena, Bocca della Selva, hirugarren mailakoa. Groupamak trostan zeraman tropela.
Mendate horren gainetik helmugara 50 kilometro zeuden, horietatik gehienak maldan behera egin beharrekoak. Gaviria lurrera joan da bihurgune itxi batean, erasoa jo berritan. Bere txarrean, bizikleta gainera itzuli eta lasterketa buruan sartu da berriro. Azken igoerara gerturatu ahala, multzoa apurtzen saiatu dira ziklistarik astunenak. Campenaerts tematu da gehien, eta metro batzuk hartu ditu azkenean, gurpilean Carboni zuela. Errepidea tentetzean, baina, ezinean gelditu da flandirarra, eta bere legea ezarri du Lafayk. Atzetik ziztu batean atera, Carboni aise harrapatu, eta erabakimenez jo du helmugaren bila.
Faboritoek ez dute zirkinik ere egin. Alta, Pello Bilbao (Bahrain) 30 segundoko atzerapenarekin helmugaratu da: bete-betean harrapatu du Matteo Fabroren (Bora) erorikoak, eta lurrera erortzeaz gain, katea atera zaio gernikarrari. Hautagaien arteko esprinta Joao Almeidak (Deceuninck) irabazi du, eta bukaeran sufritu arren, onenekin batera sartu da Valter. Evenepoelek eta Bernalek ez zuten asmorik hungariarrari maglia arrosa kentzeko.
Ondo egin dute oilarrek indarrak gordeta, bihar azterketa serioa izango baitute Castel di Sango eta Campo Felice artean. 158 kilometroko etapa gorabeheratsua izango da, eta min egin dezake amaierako mendateak. Lehen mailakoa da, eta azken zatia asfaltorik gabea du. Aurrez beste hiru igoera gainditu beharko dituzte, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako bat. Kotoiaren lehen proba garrantzitsua izan liteke.