«Triste» eta «ilusioa galduta» hitz egin zuen atzo Alberto Contadorrek (Saxo Bank) kazetarien aurrean, Mallorcan (Herrialde Katalanak) —Saxo Bank bertan ari da egiten denboraldi-aurreko lana—. «Inoiz ez dut hartu legez kanpoko ezer. Ozen, argi eta burua tente esan dezaket. Garbitasunaren eredu naizela uste dut. Horregatik, amaierara arte defendatuko dut nire errugabetasuna». Kirola Arbitratzeko Epaitegian (TAS) helegitea jartzea esan nahi du errugabetasuna «amaierara arte» defendatzeak.
Izan ere, Espainiako Txirrindularitza Federazioko Lehiaketa Batzordeak espainiarrari urtebeteko zigorra jartzea proposatu du—nahiz eta zigorra ez den behin betikoa—, iazko Frantziako Tourrean klenbuterolarekin positibo emateagatik. «Lehen sinesten nuen dopinaren aurkako sisteman, baina orain jada ez. Badakit dopatzeak zer ondorio izan dezakeen, eta horregatik ez dut hartu inoiz legez kanpoko ezer».
Bjarne Riis Saxo Bankeko zuzendaria ondoan zuela hitz egin zuen atzo Contadorrek. Eta asteazkenean, Federazioaren proposamenaren berri izan zuenean, Riisi «etxera joaten uzteko» eskatu ziola gaineratu zuen. «Familiarekin egon nahi nuen, eta egon nahi dut». Auzi honekin txirrindularitza «zeinen pobrea» den eta «zenbat gabezia dauzkan» ikusi du Contadorrek. «Erabat zaharkitua dagoen arau batekin» bere kirol ibilbidea «ezerezean» utzi nahi dutela salatu zuen Saxo Bankekoak —zigorra jasoz gero kendu egingo liokete iazko Frantziako Tourreko garaipena—. «Dopinaren aurkako sistemaren arduradunek berriz pentsatu beharko lukete zer egiten ari diren. Zientzialari guztiek dakite arau horiek ez datozela bat dopinaren aurkako egungo sistema aurreratuekin». Hori bai, Contadorrek erabat ukatu zuen zigortuz gero erretiroa hartuko duela.
Bere auzia «foiletoi» bihurtu dela azaldu zuen Saxo Bankekoak. «Sinesgaitza da hilabete hauetan gertatu den guztia». Epaiketa «publiko» bihurtu dela kritikatu zuen. «Epaiketa politikoa izaten ari da. Filtrazioak batetik, WADAren —Dopinaren Aurkako Munduko Agentzia— eta UCIren —Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasuna— adierazpenak, asmo txarreko, oinarririk gabeko eta doako azalpenak bestetik... Argi daukat kontu horiek federazioaren proposamen honetan eragin nabarmena izan dutela».
Hamar eguneko epea
Txirrindulariak behin eta berriz azaldu zuen federazioarena «proposamena» dela. «Eta nik ahal dudan guztia egingo dut proposamen hori aldatu ahal izateko». Halakorik lortzen ez badu eta azkenean urtebeteko zigorra edo handiagoa jasotzen badu «beharrezkoa den leku guztietara» joango dela ere argitu zuen, bere «errugabetasuna defendatzeko». Contadorrek hamar egun dauzka bere buruaren defentsa egiteko. «Eta, abokatuen laguntzarekin, ahal dudan guztia egingo dut justizia egiteko».
Kontu honetan guztian «oker bakarra» egin duela adierazi zuen atzo Saxo Bankeko txirrindulariak. «Klenbuterola zeukan edo ez ikusteko aurretik aztertu gabeko haragi zati bat jatea». Egungo sistemarekin txirrindulari guztiak «arriskuan» daudela esan zuen Contadorrek. «Arauak egungo sistemetara eguneratu ezean, positibo faltsuak agertzen jarraituko dute. Arauak aldatu egin beharko dituzte, baina ez dakit noiz aldatuko dituzten».
Contador: «Amaierara arte defendatuko dut nire errugabetasuna»
«Garbitasunaren eredu» dela eta dopinaren aurkako sisteman jada ez duela sinesten azaldu du espainiarrak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu