Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Contador, astinduta

Skyren erritmoak ito egin du espainiarra azkeneko mendatean, eta Joaquim Rodriguezek irabazi du seigarren etapaIgor Anton oso larri ibili da berriro, eta ia minutuko galera izan du helmugan

Contador, astinduta.
2012ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Ahulgunerik agerian utzi gabe zen Alberto Contador (Saxo Bank) Espainiako Vueltan. Atzo, baina, ondo asko estutu zuen Sky taldeak. Faboritoen taldetxoari astindu bortitza eman zioten Sergio Henaok eta Rigoberto Uranek (Sky), eta espainiarrak ere jaso zuen danbatekoa. Seigarren etapako azken mendateak ito zuen Contador, ahulgunerik baduela erakutsita. Halako maldatxoetan ahulgunerik eta parekorik ez duena Joaquim Rodriguez (Katuxa) da. Chris Froomeren (Sky) erasoari eusten bakarra izan zen, eta aise gainditu zuen britainiarra.

Erasoak ahaztuta, sufritu zutenen artean izan zen Contador, karranpek jota. Azken kilometro erdian galdu zuen Froomeren gurpila, eta denbora galera ere ez zen handia izan: hemeretzi segundo galdu zituen Rodriguezekin. Hori baino, psikologikoa izan zen gainontzeko faboritoen irabazi handiena. Orain badakite Contadorrek huts egin dezakeela, eta gainditu dezaketela ere bai.

Lau kilometro eskaseko mendatea izan zen jokalekua. Sky ezin indartsuago tiraka, eta faboritoak banaka geratzen. Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) izan zen horietan lehena. Gaizki kokatuta iritsi zen mendate hasierara, eta larri ibili zen helmugara bitartean. Azkenerako, ia minutuko galera izan zuen, eta gero eta urrutiago dauzka sailkapen nagusiko lehenak.

Etapa osoaren gogortasuna nabaritu zuten txirrindulariek azken kilometro horietan. Bero handiarekin beste behin, erritmo bizian aritu zen tropela, ihesaldia kontrolpean eduki nahi baitzuen Katuxak. Ez zuten tarte handirik izan ihes eginda ibili ziren bost ziklistek: Thomas De Gendt (Vacansoleil), Kristof Vandewalle (Omega), Peter Weening (Greenedge), Martijn Maaskant (Garmin) eta Joost Van Leijen (Lotto). Iheskideak atzean utzi eta indartsu aritu zen De Gendt, baina lau kilometro falta zirela irentsi zuen tropelak.

Movistar taldea lanean zen ordurako, Alejandro Valverdek garaipena lortuko zuen itxaropenez. Tropela erabat txikitu zuen Beñat Intxaustiren lanak, eta Skykoek birrindu zituzten denak. Aldapa pikoenetan ere, esprintean aritu ziren Henao eta Uran kolonbiarrak, Froomeren erasoa prestatzen. Ez zuen huts egin britainiarrak, baina halako amaieretan ezin indartsuagoa da Rodriguez. Froomek, ordea, Contador du arerio nagusia, eta astindu polita eman zion atzo. Frantziako Tourreko nekeak eraginda, Vuelta nola amaituko duen ikusteko dago. Hasi, behintzat, espainiarrak baino hobeto hasi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.