Ez dago zalantzarik, Alberto Contador (Saxo Bank) da Espainiako Vuelta irabazteko hautagai nagusia. Gaur abiatuko da, Iruñetik, taldekako erlojupeko batekin. Eta berehala ekingo diete mendiko etapei, Arraten amaituko baita hirugarrena. Eskalatzaileentzat oso ibilbide egokia izango du Vueltak, eta askok kendu nahiko diote Contadorri garaipena. Erlojuaren aurka kilometro gutxi, eta aldapa gora mordoa. Mendateek jarriko dute bakoitza bere tokian.
Sei hilabeteko zigorra bete ondoren, bigarren lasterketa izango du Contadorrek. Eneco Tourrean itzuli zen tropelera, eta indartsu dagoela erakutsi zuen: laugarren izan zen sailkapen nagusian, bere ezaugarrietara egokitzen ez zen arren. Beraz, sasoi onean iritsiko da Espainiako Vueltara, baita gogoz ere. Urte osoan lehiatu gabe egon ondoren, bere gaitasuna erakutsi nahiko du espainiarrak. Azken urteotan hura izan da hiru asteko itzulietan ziklista onena, eta oraindik ere hala dela berresteko erronka du orain.
Gainontzeko hautagaiek, baina, ez diote lana erraztuko. Contadorren antzeko ezaugarriak ditu Chris Froomek (Sky): igotzaile bikaina, eta indartsua erlojuaren aurka. Maila handiko taldekideak izango ditu inguruan, gainera: Rigoberto Uran, Sergio Henao eta Richie Porte, besteak beste. Iaz, bigarren izan zen Espainiako itzulian, eta berdin amaitu du aurten Frantziako Tourra, Bradley Wiggins taldekidearen atzetik. Horixe izango du traba nagusia, Tourrean lehiatu izana. Nekatuago iritsiko da Iruñera, eta fresko egongo diren ziklista asko izango ditu aurrez aurre.
Igor Anton (Euskaltel-Euskadi) eta Joaquim Rodriguez (Katuxa) izango dira horietako bi. Igotzaile petoak, erlojuaren aurka kaskar aritzen direnak. Pagotxa dute aurtengo Vueltan —banakako erlojupeko bakarra izango da—, eta kontu handiz prestatu dute. Galdakoztarrak denboraldi osoa bideratu du Espainiako itzulira sasoi onenean iristera, eta sailkapen nagusian lehiatzeko moduan egon daitekeela aitortu du. Rodriguez, berriz, Italiako Giroan izan zen, eta bigarren amaitu zuen. Igotzaile onenetakoa da kataluniarra, eta sasoia borobiltzen saiatuko da Vueltan.
Ibilbidea alde izango dute biek. Itzulia hasi berritan aurre egingo diote lehen mendiko etapari. Hirugarrena izango da, Arrateko santutegian amaituko dena. Eta ez dute atsedenik izango, Valdezcaray (Espainia) gainean izango baitute helmuga hurrengo egunean. Lehen lau etapa horiek, ia osorik, Euskal Herrian jokatuko dira. Iruñean taldekako erlojupekoa egin ondoren, bertatik Vianara egingo dute bigarrena. Oionen abiatu, eta Arrateko santutegian amaituko dute, eta Barakaldon hasiko dute laugarrena, Valdezcarayn amaituko dena.
Sasoi onean iritsi beharko dute sailkapen nagusian lehiatu nahi dutenek. Bestela, lehen etapa horietan galdutako denbora berreskuratu beharko dute gerora. Aukera, behintzat, ez dute faltako. Mendatez josita edukiko dute ibilbidea, hiru astetan. Bereziki erabakigarriak izango dira jarraian jokatuko diren hiru etapa, Galizia eta Asturias artean. Ancares gainean amaituko da 14. etapa, beste lau mendate igo ondoren. Atseden hartzeko astirik gabe, Covadongako lakuetan izango dute helmuga hurrengo egunean, eta indarrik gabe helduko dira 16. etapa gogorrera: lehen mailako bi mendate, eta amaiera Cuitu Negru beldurgarrian —%24ko pendiza du azken kilometroetan—.
Asturiastik aterata, itzulia bideratuta egon daiteke jada. Baina ez erabakita. Bola del Mundok emango du azken epaia, Vuelta Madrilen amaitu aurreko egunean. Saio gogorra izango dute txirrindulariek. Ordura arte pilatutako nekearekin, lau mendate gainditu beharko dituzte, Bola del Mundora igo aurretik. Horrelako etapa batek itzuli osoa alda dezake. Lortutako guztia pikutara joan daiteke egun bakar batean.
Igotzaileen lehia
Eskalatzaileentzat ezin hobea izango da Vuelta, eta haiek izango dira protagonista. Contador, Froome, Anton eta Rodriguez igotzaile bikainak dira, eta haiek izango dira faborito nagusiak. Haatik, garaipenaren lehian sar daitezkeen eskalatzaile ugari irtengo dira Iruñetik. Juanjo Cobo (Movistar) iazko garailea da horietan lehena, baina zerrenda luzea da oso: Robert Gesink eta Bauke Mollema (Rabobank), Jurgen Van den Broeck (Lotto), John Gadret eta Nicolas Roche (Ag2R), Denis Mentxov (Katuxa), Alejandro Valverde (Movistar), Arnold Jeanesson (FDJ), Tiago Machado (RadioShack), Thomas de Gendt (Vacansoleil), Fredrik Kessiakoff (Astana)...
Batzuek sasoi ona egin dute, eta presiorik gabe iritsiko dira Vueltara. Horiek izan daitezke arriskutsuenak faborito nagusientzat, lasterketa hankaz gora jar dezaketelako. Van den Broeck eta De Gendten kasua da hori. Lottokoa laugarren izan berri da Tourrean, eta Vacansoleilekoa Giroko podiumera igo zen. Beste batzuek, berriz, ez dituzte aurreikuspenak bete, eta emaitza on bat lortzeko presioarekin abiatuko dira Iruñetik. Gesink eta Gadret daude multzo horretan.
Igotzaileak protagonista izango diren Vueltan; leku gutxi dute tropeleko ziklista azkarrenek. Aurreko ekitaldietan baino etapa gutxiago dira esprintean amaitzeko modukoak. Zortzi bat saio dira profil lauagoa dutenak, baina horiek ere badituzte zailtasunak. Eta aukera askorik gabe, esprinterrek uko egin diote lasterketan parte hartzeari. Ziklista azkarrenetako bat ere ez da izango irteeran. Esprintean erabakiko diren etapetan, beraz, bigarren mailako ziklistak lehiatuko dira: Jose Joaquin Rojas (Movistar), Nacer Bouhanni (FDJ), Gert Steegmans (Omega), Gianni Meersman (Lotto), Matti Breschel (Rabobank), Ben Swift (Sky), John Degenkolb (Argos), Allan Davis (Greenedge)...
Zalantzarik gabe, mendiko etapek izango dute oihartzun gehien, eta horietan, Contadorrek onena dela erakutsi nahiko du. Baina, horretarako, garaipen gosez iritsiko den igotzaile mordoa gainditu beharko du, gaurtik. Iruñean dute gaur lehen saioa.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Contador eta beste
Gaur abiatuko da Espainiako Vuelta, Iruñetik, eta Saxo Bankeko espainiarra da lasterketa irabazteko hautagai nagusiaEskalatzaile askok parte hartuko dute, ondo datorkien ibilbidea aprobetxatzeko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu