Contador pozik, ingurua haserre

Algarveko Itzulian lehiara itzulita, «lasaiago» eta «arauak aldatzeko itxaropentsu» hitz egin du espainiarrak

unai zubeldia
Donostia
2011ko otsailaren 17a
00:00
Entzun
«Espainiako Txirrindularitza Federazioaren erabakia ez da patriotismo kontua; erabaki juridiko eta zientifikoa da». Portugalen, Algarveko Itzuliko lehen etapa amaitu berritan, Bjarne Riis taldeko zuzendaria ondoan zuela egin zituen adierazpen horiek Alberto Contadorrek (Saxo Bank), Albufeirako hotel batean. Philippe Gilbertek (Omega Pharma Lotto) irabazi zuen lehen etapa —bera jarri da lider—, eta 28. postuan iritsi zen helmugara espainiarra, tropel nagusian, Gilbertengandik bost segundora.

Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) hilabeteko epea dauka helegitea jartzeko, eta Dopinaren Aurkako Munduko Agentziak (WADA), zazpi aste. Baina txirrindulariak atzo aitortu zuen «lasaiago» dagoela. Bezperan esan bezala, bere kasua «egungo arauak aldatzeko aukera paregabea» dela berretsi zuen.

Gustura zegoen Contador, baina nazioartean zalaparta handia sortu du Espainiako Txirrindularitza Federazioak txirrindularia zigorrik gabe utzi izanak. «Zalantzarik gabe, kontu ekonomiko eta politikoak daude absoluzioaren atzean», zioen atzo Corriere dello Sport Italiako kirol kazetak. «Contadorren aldeko frontea», gaineratu zuen La Gazzetta dello Sport-ek. Alemaniako prentsarentzat ere «onartzeko zaila» da absoluzioa. «Ben Johnsoni ere eman diezaiotela absoluzioa», kaleratu zuen Bild egunkariak. Frantzian, Ingalaterran, Belgikan... Kritika hotsak izan ziren atzo Contadorren eta Espainian dopinaren aurka lanean ari diren arduradunen aurka.

«Ez dut uste politikariek prozesu honen erdian sartu behar dutenik, eurek ez baitaukate kasuaren inguruko informazio guztia. Egiten dituzten adierazpen guztiak politikoak dira». Haserre hitz egin zuen Pat McQuaid UCIko presidenteak ere. Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteak Contadorren alde egindako adierazpenak zeuden haserre horren atzean. «Baina Espainiatik iristen den ezerk ez nau harritzen. Ez dauka justifikaziorik, eta ez dio laguntzen Espainiaren irudiari. Kasuko gertaerek diotena diotela ere, edozeren gainetik babesteko prest daude».

Hori bai, McQuaidek defendatu egin zuen Espainiako Txirrindularitza Federazioa, eta «lan ona» egin dutela gaineratu zuen. Txosten osoaren zain dago UCI. «Aztertu eta itzultzeko. Eta ondoren 30 egun edukiko ditugu helegitea jarriko dugun edo ez erabakitzeko». Hori bai, kasua Frantziako Tourra hasi baino lehen argituko dela sinetsita dago UCIko presidentea.

«Zain egotera kondenatuta»

Christian Prudhomme Tourreko zuzendariak ere hitz egin zuen atzo. «Oraindik ez dakigu Contadorren auziaren epilogoan gauden edo foiletoiaren hamaikagarren kapitulua den», adierazi zuen. UCIren eta WADA Dopinaren Aurkako Munduko Agentziaren erabakien zain egongo direla argitu zuen Prudhommek. «Tamalez, zain egotera kondenatuta gaude».

Bestalde, Lance Armstrong estatubatuarrak atzo jakinarazi zuen Tour Down Under lasterketa izan zela azkena. «Nire bost seme-alabak heztea eta Livestrong misioaren promozioa egitea izango da orain nire helburua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.