Txirrindularitza

Contadorrek irabaziko du Vuelta

Hiru itzuli handiak lortzen historiako bosgarren txirrindularia izango da. Gaurko erlojupekoan Levi Leipheimer izan da garaile.

2008ko irailaren 20a
18:26
Entzun
Alberto Contador (25 urte, Espainia) Astana taldeko txirrindulariak irabaziko du bihar Espainiako Vuelta, gaurko krono-igoerak ez baitu sailkapen nagusian aldaketarik ekarri lehen postuan. Aurreko larunbatean lortu zuen lidergoa Contadorrek, eta eutsi egin dio gaurko erlojupekoan bigarren sailkatuz.

Levi Leiphemer Contadorren taldekide estatubatuarrak irabazi du gaur 20. etapa: La Granja-Navacerrada lehen mailako gaina (17,1 kilometro). Contador bera geratu da bigarren (32 segundora), eta Alejandro Valverde hirugarren (denbora berean).

Gaurko erlojupekoaren aurretik Contador zen sailkapen nagusian lehena eta Leipheimer bigarren, eta orain berdin jarraitzen du. Minutu eta 17 segundoko aldea zuen Contadorrek Leipheimerrekiko eta estatubatuarrak 31 segundotan soilik murriztu du espainiarraren abantaila. Beraz, bigarren segitzen du. Hirugarren, berriz, Carlos Sastre da sailkapen nagusian.

Contadorrek aurten Italiako Giroa ere irabazi du, iaz Frantziako Tourra -aurten ez diote haren taldeari parte hartzen utzi- eta, orain Vueltako garaipenarekin, hiru itzuli handiak eskuratzen historiako bosgarren txirrindularia izango da. Aurretik, Jacques Anquetil, Felice Gimondi, Eddy Merckx eta Bernard Hinaultek lortu izan dute.

Bihar korrituko dute itzuliko 21. eta azkeneko etapa: San Sebastian de los Reyes-Madril (102,2 kilometro). Etapa laua izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.