Alberto Contadorrek (Saxo Bank) irabaziko du aurtengo Espainiako Vuelta, bere bigarrena. 2008an eraman zuen aurrena. Urte hartan Italiako Giroa ere eskuratu zuen. Frantziako bi Tour ere baditu: 2007 eta 2009koak —eta beste kendu egin zioten, dopinagatik—.
Alejandro Valverdek eta Joaquim Rodriguezek gaur zuten azkeneko aukera liderra eraisteko —sailkapen nagusian 1.35era zegoen aurrena, 2.21era bigarrena–, lehen mailako hiru mendate eta bukaeran maila bereziko Bola del Mundo zituztelako igotzeko. Valverdek eraso txiki bat jo du azkenaurreko mendatean, baina ezer ez. Rodriguezek ere jo du erasoa Bola del Mundon, tarte bat zabaldu du, baina helmugan —3.35era sartu da, bederatzigarren— Contadorri 41 segundo kendu dizkio eta Valverderi 21.
Ondorioz, itzuliko podiuma Contadorrek (Espainia, 1982), Valverdek eta Rodriguezek orden horretan osatuko dute.
Etapa Denis Mentxovek irabazi du, ihesaldi bat baliatuta. Bigarren Richard Porte heldu da, 16 segundora. Romain Sicard (Euskaltel-Euskadi) bosgarren sartu da, minutu eta erdi pasatxora; hura ere ihesaldian ibili da.
Bihar izango da Vueltako 21. eta azken etapa: Cercedilla-Madril, 115 kilometro. Ibilbide laua izango dute.