txirriNDULARITZA

Contadorrek kolpea jo du Tourrean

Arcalisko mendatean erasoa jota sailkapen nagusian aurrea hartu dio Armstrong taldekideari. Nocentini jarri da lider. Etapa, Feilluk irabazi du.

2009ko uztailaren 10a
17:41
Entzun
Gaur Frantziako Tourreko lider Lance Armstrong jarriko zela uste zenean, Alberto Contadorrek eman du kolpea, Arcalis mendatean helmugarako bi kilometro falta zirela jotako erasoari esker. Hirugarren zegoen sailkapen nagusian, Fabian Cancellara liderretik eta Armstrong Astanako taldekidetik 19 segundora, baina Cancellarak Contadorrekiko lau bat minutu galdu ditu gaur -zazpi bat kilometro falta zirela atzean geratu da- eta Armstrongek 22 segundo.

Rinaldo Nocentini ipini da lider -eguneko ihesaldiaz baliatu da-, eta bigarren da Contador, sei segundora. Zortzira, Armstrong.

2007ko Tourra irabazi zuen Contadorrek, baina gero Astanara joan zen eta talde honek ezin izan zuen iaz Frantziako itzulia korritu. Italiako Giroan eta Espainiako Vueltan izan zen txirrindulari hura, eta biak eskuratu zituen.

Montpellierko taldekako erlojupekoan lortu ez zuena gaur ere lortzeke geratu da Armstrong: maillot horia. Zazpi Tour ditu irabaziak, eta azkena patrikaratu ostean erretiroa hartu zuen: duela hiru urte. Aurten itzuli da, 37 urte dituela, eta kolpe handia ematea nahi zuen orain, lidergoa eskuratuta.

Etapa -itzuliko zazpigarrena: Bartzelona-Andorra Arcalis, 224 kilometro-, Brice Feilluk irabazi du. Hasiera-hasieratik egon da ihes eginda Egoi Martinez, Nocentini, Christophe Riblon, Aleksandr Kuxinski,Ivan Gutierrez, Christophe Kern, Jerome Pineau eta Johannes Fröhlingerrekin -56. kilometroan 14.20ko aldea izan dute-. Azkeneko mendatearen erdialdera jo du eraso erabakigarria Feilluk. Martinez indarrik gabe geratu da, berak aitortu duenez.

Bihar korrituko dute Tourreko zortzigarren etapa: Andorra-Saint Girons (176,5 kilometro). Hasi eta berehala Enva lira lehen mailako mendatea izango dute. Helmugatik 44 kilometrora, Agnes lehen mailakoa.

Igandean, Aspin lehen mailako mendia eta Tourmalet maila berezikoa, biak etaparen erdialdera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.