Alberto Contadorrek eskuan du bere bigarren Frantziako Tourra -2007an irabazi zuen aurrenekoa-, Alpeetan sendotu egin duelako lidergoa. Gaur, batik bat, itzuliko 17. etapan (Bourg Saint Maurice-Le Grand Bornand, 169,5 kilometro). Gaurko saioaren aurretik 1.37 kentzen zion bigarren sailkatuari -Lance Armstrong taldekideari- eta orain 2.26 -Andy Schlecki-.
Lehen mailako lau mendate zituzten gaur, Alpeetako hirugarren etapan, eta haietako hirugarrenean hautsi da faboritoen tropela: Romme-n (8,8 kilometro, %8,9). Lau txirrindulari geratu dira aurrean. Astana taldeko bi: Contador eta Andreas Kloden gaur arteko laugarren sailkatua (2.17ra). Eta Saxo Bankeko beste bi: Andy Schleck bosgarrena (2.26ra) eta Frank Schleck zortzigarrena (3.25era). Geroago atzean geratu da Kloden. Atzeko multzoan gelditu dira Armstrong eta Bradley Wiggins (hirugarrena, 1.46ra).
Schlecktarrak eta Contador bakarrik heldu dira helmugara, eta Frank Schleck nagusitu da esprintean, erraz. Bigarren, Contador. Hirugarren, Andy Schleck. Armstrong 2.18ra heldu da -Vincenzo Nibalirekin-, Kloden 2.26ra. Mikel Astarloza atzoko irabazlea, 6.09ra; ondo aritu da.
Sailkapen nagusian, Contadorren eta Andy Schlecken ondoren, Frank Schleck da hirugarren, 3.25era. Laugarren Armstrong, 3.55era. Bosgarren Kloden, 4.44ra. Seigarren Wiggins, 4.53ra. Astarloza hamargarren dago, 10.50era -atzo 11. zegoen-.
Bihar korrituko dute Tourreko 18. etapa: Annecy-Annecy 40,5 kilometroko erlojupekoa. Hirugarren mailako mendate bat izango dute.
Etzi ez dute etapa menditsua izango, larunbatekoa Mont Ventoux maila bereziko mendian amaituko da, eta igandean bukatuko da Tourra, Parisen.
Txirrindularitza
Contadorrek sendotu egin du Tourreko lidergoa
Frank Schleckek irabazi du Alpeetako hirugarren etapa, anaia Andyrekin eta liderrarekin ihes eginda. Armstrong laugarren dago orain sailkapen nagusian. Astarlozak postu bat aurreratu du eta hamargarren dago. Bihar 40,5 kilometroko erlojupekoa izango dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu