Zalantzaren bat zeukanarentzat, Alberto Contador (Tinkoff) da Italiako Giroko txirrindularirik indartsuena. 59,4 kilometroko erlojupekoa zeukaten gaur, hamalaugarren etapan, eta espainiarrak astindu handia eman die gainerako faboritoei. Vasil Kiryienkak (Sky) irabazi du etapa, Luis Leon Sanchezi (Astana) eta Contadorri berari aurrea hartuta, eta Tinkoffeko txirrindularia jarri da lider, oso sendo, gainera. 2.28 minutura dauka orain Fabio Aru (Astana) —Contadorrekiko 2.47 galdu du etapan—; Andrey Amador (Movistar) dago hirugarren, 3.36ra; eta atzetik daude Rigoberto Uran (Etixx) 4.14ra, Jurgen Van den Broeck (Lotto) 4.17ra, Dario Cataldo (Astana) 4.50era eta Mikel Landa (Astana) 4.55era. Contadorrekiko lau minutu galdu ditu arabarrak, baina, hainbestean, 1.19ra dauka podiumeko hirugarren koska.
Damiano Caruso (BMC), Roman Kreuziger (Tinkoff) eta Leopold Koenigek (Sky) osatzen dute orain lehen hamarren barruko sailkapena, eta erabat urrunduta geratu da Richie Porte (Sky), 17. postuan, Contadorrekiko 8.52ra. Erlojupeko ona eginda, postu bat atzerago dago Ion Izagirre (Movistar), 8.55era. Gaur-gaurkoz, 3.20ra dauka lehen hamarren artean sartzeko erronka. Erlojupeko lanak ahaztuta, mendiari helduko diote bihar. Marostica eta Madonna di Campiglio artean, 165 kilometro dauzka 15. etapak, eta Passo Daone eta Madonna di Campiglio lehen mailakoak igo beharko dituzte txirrindulariek.