Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Contadorren xake-matea

Helmugarako 52 kilometro faltan erasoa jo, eta harri batez bi txori bota ditu Contadorrek: etapa irabaztea eta Vueltako lider jartzeaOrain arte ez bezala, Rodriguezek txakalaldia izan du, eta Valverde dago bigarren postuan

Contadorren xake-matea.
jon eskudero
2012ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Handia da Alberto Contador (Saxo Bank). Handietan handiena. Sasoi betean egon ez arren eta egunero kontrarioak hura adina direla ikusi arren, etsitzen ez duen horietakoa. Eta etsitzen ez duenak saria izaten du lehenago edo geroago. Bada, madrildarrak atzo jaso zuen oparia, sekula Olentzerorik onenak ere ekarriko ez dion oparia: etapa irabaztea eta Espainiako Vueltako lider jartzea, noiz eta azken astean. Merezita. Antzinako txirrindularitza egungora ekarrita. Helmugarako 52 kilometro faltan erasoa jo, eta bakarrik helmugaratu zen Fuente De-ko mendatean, erakustaldia emanda. Auskalo zenbat arantza atera izango zituen garaipenarekin, dopin kasu batengatik zigortuta egon ondoren.

Gogotsu altxatu zituen bi besoak helmugan, eta aurpegian zuen irribarreak ez zeukan preziorik. Gustura baino gusturago zegoen Contador: «Memorian gordeko dudan etapa izan da, bikaina. Ez neukan pentsatuta erasoa jotzea, baina hala tokatu da». Eta ongi tokatu ere. Hori da hori pedal kolpea erakutsi zuena. Lehen mailako mendateetan lortu ez duena malda erosoagoetan egin zuen atzo: Joaquim Rodriguez (Katuxa) atzean utzi. Collado de la Hozen gertatu zen hori. Gainean hamabost segundoren aldea lortu zuen Saxo Bankekoak, eta beheraka zein ordekan egin zuen min.

Rodriguez, psikologikoki jota

Ez atzera ez aurrera geratu zen Rodriguez. Bien bitartean, Alejandro Valverdek (Movistar), artean sailkapen nagusiko hirugarrenak, aurrera egin zuen, taldekide pare baten laguntzaz. Amaieran, eguneko ihesaldiarekin elkartu zen Valverde bera, tartean ziren Beñat Intxausti (Movistar) eta Gorka Verdugo (Euskaltel-Euskaltel), eta denen artean lan ona egin zuten errepide lauan. Azken hiru kilometroetan ziztu bizian ibili ziren, eta Contador harrapatzeko zorian izan ziren. Ordea, atzo madrildarraren eguna zen, eta ez zuen barkatu. Valverdek ere helburua bete zuen, bigarren postua eskuratuta. Verdugok ezin izan zuen etapa irabazi, baina lan ona osatu zuen.

Bi minutu eta erdi pasara heldu zen helmugara Rodriguez. Etsita. Psikologikoki erabat jota. Ez da harritzekoa. Hainbeste egunetan hain itxura ona eman ondoren inor gutxik usteko baitzuen atzo txakalaldia izango zuenik. Dena den, umiltasunez onartu zuen porrota kataluniarrak. Bola del Mundoko etapan azken hitza esaten saiatuko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.