Espainiako Vuelta

Corten hirugarren garaipena Vueltan

Iheslarien arteko esprinta irabazi du danimarkarrak lasterketako 19. etapan. Ezustean, oso etapa lehiatua eta bizia izan da. Roglicek jarraitzen du lidergoan.

enaut agirrebengoa
2021eko irailaren 3a
18:17
Entzun

Zakua bete garaipen bukatuko du Espainiako Vuelta Magnus Cortek (Education First). Gaur hirugarrena lortu du, lasterketako 19. etapan. Modu batera ez bada, bestera nabarmentzen da ehiztari danimarkarra. Lehenik ihesean irabazi zuen, hurrena esprintean, eta gaur, bi bideak uztartu ditu: iheslarien arteko esprintean gailendu da, Rui Oliveira (UAE) eta Quinn Simmons (Trek) hasiberrien aurretik. Neurria ondo baino hobeto dio hartua Cortek proba espainiarrari, gaurkoarekin sei etapa garaipen lortu baititu dagoeneko. Hiru aurtengo aldian eskuratu ditu, eta hala, Primoz Roglicen pare (Jumbo) jarri da. Esloveniarrak, edonola ere, sari are handiagoa du oraintxe esku artean: elastiko gorria. Gaur, espero bezala, inongo arazorik gabe eutsi dio. 

Etapak, edonola ere, ez du inor epel utzi. Mendiko etaparik gogorrenen eta azken txanparen arteko trantsiziotzat jo zitekeen, baina ez da hala izan; ezta hurrik eman ere. Bizia eta lehiatua izan da zeharo, soka-tira zirraragarria izan baitute tropelak eta iheslariek, azken kilometroetan batez ere. Hasteko, hiru mendate igo behar zituzten lehen 60 kilometroetan. Hirugarren asteko ohiko gidoia bete izan balitz, bertan bidea egingo zukeen ihesaldiak, eta hortik aurrera, lasterketa burukoen artean jokatuko zen etapa. Tropelak, ordea, ez du halakorik onartu. DSM eta Bike Exchange taldeek kate motzean lotu dute 18 txirrindularik osaturiko multzoa, eta errenta ez da sekula hiru minututik igo. Deceuninckek ez du lanik egin, aurrean Andrea Bagioli zuelako, eta Fabio Jakobsen maldan gora ezinak jota gelditu delako, Jon Aberasturi (Caja Rural) bezalaxe.

Ez zegoen mendate puntuagarri gehiago, baina errepideak gorabeheratsua izaten jarraitzen zuen. Eta gora ez, behera zihoan iheslarien errenta. Urduritzen hasi, eta erasoari ekin diote. Apurtu egin da multzoa, eta 11 ziklista gelditu dira buruan. Bertan ziren Cort, Oliveira, Simmons eta Bagioli; baita Anthony Roux (Groupama), Lawson Craddock (Education), Andreas Kron (Lotto Soudal) eta Antonio Jesus Soto (Euskaltel) ere. Beste galbahe bat eragin du Simmonsek 34 kilometroren faltan egindako erasoak, eta Sotok ezin izan du gainditu; bai, ordea, Cortek, Craddockek, Bagiolik, Rouxek, Kronek eta Oliveirak. Zazpi ziklista ziren tropelaren aurka. Erronka ia ezinezkotzat jo zitekeen, multzo nagusia gain-gainean baitzuten, minutu bat baino gutxiagora. Hori gutxi balitz bezala, Bike Exchange gogor jarri da tiraka, Robert Stannardek ihesean amore eman eta gero. 

Bi gauza gertatu dira orduan, ihesaldiaren arrakasta ahalbidetu dutenak: aurrean elkar ulertze handia izan da, eta eskuzabal jardun dute erreleboka; tropelean, berriz, somatu egin dute ia hiru astez pilatutako nekea. Dena emanda zihoazen, eta 10 kilometoren faltan, 20 segundo eskasera hurbildu zaizkio ihesaldiari. Alabaina, ez dira kapazak izan zuloa erabat ixteko, eta akitu egin dira azkenerako. Cortek, ordea, indar erakustaldia egin du esprintean. Aukerarik txikiena ere ez die eman aurkariei.Corten hirugarren garaipena Vueltan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.