Orduan Europako Kopa izena zuen lehiaketan, Bartzelonak eta Sampdoriak jokatu zuten finala (1992). Johan Cruyffek gozatzeko agindu omen zien bere jokalariei. Partidan gozatu zuten ez dakigu, baina gero bai, Bartzelonak irabazi zuelako.
Gaurkoa ere finala da, eta Cruyffen herrialdeko taldeak maisuaren filosofia irauli beharko du txapeldun izateko. Hasteko, ezin dute gozatzera atera. Baloiarekin gozatzen dute gehiago, eta Espainiak ez dio utziko baloia erabiltzen. Espainiarrek ez gozatzea izan behar du herbeheretarren helburua. Alemaniaren aurka bezain erraz erabiltzen badute baloia, jai dauka. Arriskuak hartzea izan daiteke, baina hartu beharra dauzka: goian presionatzea izan daiteke aukera egokia. Galarazi paseen joko landua espainiarrei.
Maisuaren filosofiari bigarren ostikada. Nekez aterako du Herbehereak baloia atzetik ukituz. Jo dezala luze Stekelenburg atezainak. Goitik erortzen den baloia hartzen duenean, eta Espainiaren areatik gertu dagoenean, joka dezala zelaiaren gainetik nahi badu. Baina arrisku handirik hartu gabe oraingoan, espainiarren kontraerasoak zitalak izan daitezke-eta.
Munduko Kopako Herbehereak ez dela betikoa esan dugu denok. Gaur irabazi nahi badu, oraindik eta gehiago urrundu beharko du betiko horretatik.
Bukatzeko, galdera bat: zer gertatuko da Herbehereak jartzen bada aurretik markagailuan?
---
Betikoak edo besteak (uztailak 10)
Ez da gauza bera Munduko Kopan hirugarren edo laugarren izatea. Aukeran, nahiago gaur gaueko partida irabazi. Finalaren atarian, atea muturren aurrean ixten ikustea gogorra da. Horregatik, ez da oso erraza izango gaur gauerako motibazioa edukitzea. Nahiz eta edozein partida irabazteko gogoak nahiko motibazio izan beharko lukeen. Baina ez da beti hori gertatzen. Bakoitzak, jokalariak edo taldeak, aurkitu behar du motibatzeko txinparta. Hirugarren gelditzea izan daiteke talde osoarena. Txapelketako golegile nagusia izateko helburua izan daiteke jokalari batena. Taldez aldatzeko ondo jokatu beharra izan daiteke beste jokalari batena.
Entrenatzaileek, akaso, aurreko partidetan baino buruko min astunagoa izango dute. Nor atera hamaikakoan eta nor ez. Txapelketa osoan gehien jokatu dutenak ala alerik jokatu ez dutenak. Jokatu dutenengatik heldu dira honaino, eta saria ematea zilegia da. Baina jokatu ez dutenek ere sekulako lana egin dute entrenamenduetan, eta aukera ematea polita litzateke.
Gaur Alemaniak eta Uruguaik jokatuko duten partidan entrenatzaile izatea deserosoa izango da. Egiten dutena egiten dutela, denak ezin konforme utzi. Aterako dituztenak atera dituztelako, eta atera ez dituztenak atera ez dituztelako, zenbait jokalari kopeta belztuta egongo dira. Azken batean, hauxe da entrenatzailearen patua: alde guztietatik egurra jasotzea.
---
Bizkarrezurra (uztailak 9)
Eta Podolskik ez zuen txikiziorik eragin, Sergio Ramos ehun bider igo bazen ere erasora. Eta Ozilek ez zuen baloirik usaindu ere egin, berari baloia ematen diotenetako bi, Schweinsteiger eta Khedira ito egin zituelako Espainiak presioaren bidez. Eta Lahmek oso gutxitan zeharkatu zuen zelai erdia, Alemania kontrarioari ez zitzaiolako utzi hiru pase segidan ematen. Eta Klosek ez zuen jaurtiketa bat bera ere egin, Puyolek eta Piquek kate motzean lotu zutelako.
Mundu osoak goraipatu du Espainiaren jokoa erasoan. Arrazoi handiz. Baina nik neureari eutsiko diot: baloirik gabeko lan bikainik gabe askoz arazo gehiago emango zizkion Alemaniak. Erasotu eta defendatu, biak egin behar zituen ondo Espainiak, eta hala egin zuen. Erasoko lan zoragarriari defentsako lan bikaina lotu zion. Baloia oso gora eramateko abilezia, eta presioa goian egiteko gaitasuna uztartu zituen. Batek bestea ekarri zion. Baloiak presioa, eta presioak baloia.
Sendotuz joan da Del Bosqueren taldea. Txapelketa aurrera doan heinean, bizkarrezurra osatu du. Atezain ona, erdiko atzelari paregabeak, bi euskarri bikainak, eta aurrelari zorrotza. Hori dena daukaten taldeek irabazten dituzte lehiaketak, taldeka edo selekzioka. Hainbesteko nagusitasunari golak errazago sartzeko gaitasuna edota eraginkortasun handiagoa gehituko balio, txapelduna izateko faboritoagoa litzateke Espainia.
---
"Ez arriskatzea da arriskua" (uztailak 8)
Munduko Kopa hau (ere) aspergarria gertatzen ari da. Gehienetan, gatzik eta piperrik gabeko partidak ari gara ikusten. Jokoaren erritmo makala da horren eragilerik handienetakoa. Erritmoa moteletan motelena izateko, honela jokatu behar dute bi taldeek: defendatzen ari denak lerroak atzeratu bere zelai-erdiko lekuren batera heldu arte, eta erasoan ari denak bizitasunik ez eman jokoari.
Lehen finalerdian, aurreneko zatia lo hartzeko modukoa izan zen. Uruguaik lerroak atzeratzen zituenean, Herbehereak ez ziren gauza aurrera egiteko; baloia erdiko atzelariek denbora luzez edukitzen zuten oinetan, baina ez zuten paseak emateko aukerarik. Baloiaren aurretik zeuden jokalariak ez baitziren mugitzen. Hori ere hamaika aldiz ikusi dugu aurten. Selekzio askori gertatu zaie gauza bera.
Mugimendurik ez badago, lana errazten zaio lerroak atzeratzen dituenari. Mugimendurik ez badago, ez dira espazio libreak sortzen, eta espazio libreak sortzen ez badira, ezin dira bete. Geldi egoteak geldotasuna dakar. Zergatik ez dira mugitzen jokalariak? Izan daiteke landu gabea delako entrenamenduetan. Baina Herbehereak abilak dira joko horretan. Ez galtzeko beldurra izan daiteke beste arrazoia.
Baina bigarren zatian, beldurrik gabe jokatuz, eta mugituz, nagusi izan ziren laranjak. Juanma Lillok esan zuen behin: «Ez arriskatzea da arriskua».
---
2008an bezala (uztailak 7)
Duela bi urteko final hartan, Espainia Alemaniaren mende egon zen une askotan. Zenbaitetan, larri ere ibili zen. Baina baloirik gabeko lana hobetu egin zuen partida aurrera zihoan bezala, eta horri esker lotu zituen alemaniarrak.
Bi urte igaro dira, eta gaurko finalerdiaren muina espainiarren aldean dagoela uste dut. Orain ere, baloirik gabeko lanean. Kontraesana ematen du, baina baloia dotore bezain erraz erabiltzen duen selekzioak baloirik gabe egin beharko du lan ona. Bestela, ez da izango finalean. Alemaniak zigortu egingo duelako, betebehar hori ondo betetzen ez badu. Gainera, espainiarrek ez dute eraginkortasun handirik erakutsi erasoan orain arte, nahiz eta askotan iristen diren aurkariaren ate ingurura. Horretan, askoz hobeak izan dira alemaniarrak.
Lowen taldea abila da kontraerasoetan, eta Espainiak kontuan hartu beharko du hori erasoan ari denean. Oreka funtsezkoa izango du. Baloiaren atzetik ondo jarrita eduki beharko ditu jokalariak, baloia galtzean alemaniarren kontraerasoa gelditzeko. Adibide bat: Sergio Ramosek gora egiten duenean, bizkarra gordeko dion norbait beharko du eskuin hegalean, Podolskik txikizioa eragingo baitio bestela. Orain arte, orekarik ez du izan egoera horietan Espainiak.
Alemaniak Argentinaren gabeziak agerian utzi zituen lehengoan. Gaur Espainiarenak ere bai?
---
Zalantzak (uztailak 6)
Uruguai edo Herbehereak. Itxuraz, europarrak dira faboritoak. Finalerdietan egon behar ez lukeena hegoamerikako taldea dela ematen du, txapelketa hasi aurreko iragarpenetan oinarrituz. Baina erne Forlanen taldearekin. Lehiaketa osoan erakutsi du taldea dela. Landutako taldea, alegia. Oinarri sendoa da hori gaurko norgehiagokan aintzat hartua izateko. Nik ez dut batere argi zein den faboritoa.
Beste zalantza Uruguaiko hutsuneek eragin didate. Batek nagusiki. Luis Suarez aurrelaria ez da ariko, zigortuta dagoelako. Orain arteko partidetan, Tabarez entrenatzaileak 4-4-2 sistema erabili du. Baloirik ez dutenean, zortzi jokalari arduratu izan dira defentsako lanaz. Lauko bi lerroak. Ondo egiten dute lan hori. Beste aurrelari batek ordezkatuko ote du Ajaxeko golegilea?
Herbehereetako selekzioa hiru jokalarirekin aritzen da zelaiaren erdi-erdian: gaur jokatuko ez duen De Jong, Van Boomel eta Sneijder. Baloia zelaiaren gainean erabiltzen dutenez, europarren oinarrietako bat da hiruko hori. Uruguaik zortzi jokalarirekin bakarrik defendatzen baldin badu, arazoak izango ditu zelai erdian. Bi hiruren kontra. Beste jokalari bat sartu beharko dute amerikarrek erdian. Ondorioz, litekeena da Forlan bakarrik izatea aurrelari petoa, orain arte ez bezala.
Zalantza nagusia, finalera zein sailkatuko den, beste zalantza txiki horrek erabaki dezake, besteak beste.
---
Musuak, taldeko lanari (uztailak 4)
Alemaniak zapaldu egin zuen Argentina. Nolatan? Zergatik? Zertan oinarrituz? Partida ikusi ondoren, hainbat gogoeta gelditu zaizkit buruan.
Aurrenekoa: Golak sartzeko erraztasun handia erakutsia zen Argentinak alerik ez zuen sartu. Aukera garbi-garbiak sortzeko gai ere ez zen izan. Alemaniarren baloirik gabeko lan sendoak eragina izan zuen horretan.
Bigarrena: Alemaniak lau aldiz jo zion aurkariari. Argentinaz baziren galdera batzuk partida aurretik. Baloirik gabeko lanean sendoa al da? Zer erantzun emango ote zuen benetako talde baten aurka? Emaitzak ematen du erantzuna.
Hirugarrena: Messi euskarri lanetan jartzea haren joko eder eta eraginkorrari indarra kentzea da. Aurrerago ibili zenean egin zien min apur bat alemaniarrei.
Laugarrena: Schweinsteiger erdilariak bere bizitzako partida erosoena jokatu zuen atzo. Baloiarekin nahi zuena egiten utzi zioten.
Bosgarrena: Argentina jokalarien talentuaren mende dago. Ez da taldea. Alemania beste muturrean dabil. Talentua taldearen mesedetan, eta ez talentua taldearen gainetik.
Seigarrena: Alemaniako jokalari guztiek lagundu zuten baloirik gabeko lanean. Denak ziren defentsak Argentinak baloia zeukanean. Argentinan paso egin zuten Higuainek, Tevezek, Di Mariak eta, batzuetan, Messik.
Alemaniak Maradona zapaldu zuen. Hemendik, musuak, alemaniarren taldeko lan ikusgarriari.
---
Burua (uztailak 3)
Sekretu txiki bat: testu hau bigarrena da. Aurrenekoa ordenagailuaren zakarrontzian dago. Atzo arratsaldeko partidaren atsedenaldian idatzi nuen, Brasilek partida irabazita zeukalakoan. Herbehereetako jokalarien ezinaz idatzi nuen. Bigarren honek ere badu loturarik kontu horrekin. Baina brasildarrak ditut hizpide oraingoan. Brasilgo jokalarien burua.
Futbolari heltzen ez da erraza. Ematen zuen Brasilek egingo zuela aurrera. Robben eta konpainia txikituta ari ziren, ezinean. Baina berdinketaren golak dena aldatu zuen. Dungaren taldeak behea jo zuen. Azalpenik ez diot aurkitzen, ezpada buruarena. Ordura arte konfiantzaz ari ziren, nagusi zirela sinetsiz eta erakutsiz. Une labur batean batenak edo bestearenak ez diren baloi denak irabazten zituzten. Bere atean gola sartu ondoren, kontrakoa gertatu zen. Desagertu egin zen Brasil indartsua. Bere buruan sekulako konfiantza zeukana.
Bigarren gola jaso izanak okertu egin zien egoera. Ez buru eta ez ezer. Eta beste kontu bat: ekimena lehen aldiz hartu behar izan duenean Munduko Kopa honetan, ez du jakin zer egin. Erabat lotuta zegoen taldea.
Bukatzeko: non zuten burua Robinhok -berdinketaren golean baloiari bizkarra emanda dago hesian-, Luis Fabianok -bigarren golean, egonean dago, aurkariak kornerra nola ateratzen duen begira- eta Felipe Melok -taldea izorratu zuen berriz-?
---
Talde paregabea (uztailak 2)
Ederra behar luke izan honelako talde puska entrenatzea. Brasilgo jokalarien indar fisikoak ez dauka parekorik. Ghanakoena ere antzekoa da. Uruguaiko Forlan nork ez luke hartuko bere taldean? Argentinarrek aurrealdean daukaten joa paregabea da. Messiri buruz esana dago esan daitekeen guztia, handiagoren bat egin eta berriz ere adjektiboen bila jarriko gaituen arte. Besteen opariak baliatzen ere abilak dira Maradonarenak. Alemaniarren buruko indarra bakarra da munduan. Haien gaztetasuna eta gosea ere aldeko balio ikaragarriak dira.
Espainiak baloia nola erabiltzen duen ez sinestekoa da. Eta Villa? Golegileek urrearen balioa daukate edozein taldetan. Paraguairen sendotasuna eta gogortasuna ez dira lagun txarrak. Aurkari gaiztoenaren zelaian jokatzeko, derbi petraletan petralenean lehiatzeko, sasoiko partida garrantzitsuenean aritzeko zein ondo etortzen diren bi ezaugarri horiek.
Munduko atezain onenetakoa da Julio Cesar Brasilgoa. Zer esan Puyoli eta Piqueri buruz, edota Friedrich alemaniarraz eta Juan brasildarraz. Xabi Alonsoren pase neurtuak ez dira saltzen merkatuetan. Ayew Ghanakoa ikusgarria da baloiarekin. Xavi eta Iniesta txiki handiak ezin ahaztu. Eta Luis Fabianoren gol usaina. Eta Ozilen ezaugarri on mordoa. Robbenek nola eramaten du baloia oinetan... Gozatu gaur eta bihar!
---
Jo eta ez jaso (uztailak 1)
Zortzi talde besterik ez dira gelditzen Munduko Kopan. Honaino zergatik heldu diren azaldu nahiko nuke. Txiripaz ez baita inor iristen final-laurdenetara. Gauza asko egin behar dira ondo. Zergatik dauden puntu horretan erakusteko, ariketa ona izan daiteke final-zortzirenetan gelditu direnak aztertzea. Partida horietan, talde horiei falta izan zaienak azalduko du zer eduki duten zortzi onenek.
Hego Koreari eraginkortasuna falta izan zitzaion. Huts handi samarrak egin zituen atzealdean, eta aurrealdean kamuts ibili zen. AEBak eskas aritu ziren baloirik gabe lehen zatian. Gero, azken metroetan ez zuen asmatu, ondo ari zen unean. Ingalaterrak talde batek inoiz egin behar ez dituen hutsak egin zituen zelaiko leku guztietan; batez ere, atzealdean. Mexikok oparitu egin zuen txartela. Eslovakiak ez zuen ia aukerarik eduki, eta izan zituenean, ez zuen asmatu. Txilek bere burua bota zuen, eta esperientzia faltak ez zion asko lagundu. Japoniak penaltien loterian galdu zuen. Eta Portugalek ez zion etekinik atera baloirik gabeko lan txukunari. Lan erdia bakarrik egin zuen ondo Portugalek.
Zortzi onenek besteek gaizki egindakoa ondo egin dute. Bi ezaugarri dira zortzikoa bereizteko egokienak: jo eta ez jaso. Batzuek bat hobeto egiten dute. Beste batzuk bietan ari dira ondo. Bietan asmatzen dutenak izango dira lau onenak.
---
Brasilen koloreak (ekainak 30)
Munduko Koparen hasieran, multzoak aztertzeko garaian, hauxe kontatu nuen: Brasilek eraginkortasunaren mozorroa jantzita jokatzen duela. Lehen fasean, horrela egin zuen, eta aurrez uste zena berretsi besterik ez zuen egin.
Beste ezaugarri bat ere izan zuen Brasilek aurreneko hiru partidetan: erritmo makala. Batez ere, atzealdean eta zelai erdian. Baloia ez galtzeko helburu zehatza balute bezala. Erritmoa igotzekotan, azkeneko metroetan igotzen zuten. Ziurtasuna oinarri duen jokatzeko eredu horretan, mugimendu eta jarrera taktiko batek eman zidan atentzioa: Gilberto Silvak nekez igarotzen zuen zelai erdiko lerroa; ia beti egoten zen atzelarien aurretik. Gorantz jotzeko aukera zeukanean ere, gelditu egiten zen askotan. Bere lekua gordetzen. Beti segurtasunaren laguntza deitzen zaiona ematen goiko taldekideei.
Bukatu zen lehen fasea, eta herenegun, final-zortzirenetan, beste Brasil bat ikusi genuen, Gilberto Silvak bereari eusten dion arren. Txileren erritmo biziak behartuta edo, azkarrago jokatu zuen. Bikain moldatu ziren jokalariak. Teknika zoragarria izatearen abantaila. Jokoari abiadura ematen badakitela erakutsi zuten. Baita kontraerasoan jokatzen ere. Ondorioa: Brasilek kolore asko dauzka. Baina zuria, gorria, berdea edo urdina izan, oinarria bat eta bera da: eraginkortasuna.
---
Golarekin itsu (ekainak 27)
Munduko Kopa hasi zenetik, aurrelariak berekoi tankeran sumatu ditut. Edozein moduz, kosta ahala kosta gola sartzeko irrikaz. Desio hori edukitzea ona da, bestalde, haien lan nagusia horixe baita: golak sartzea. Baina zenbait golegile itsututa dabiltzala iruditzen zait. Taldekideen kaltean eta taldeari min emanez.
Atzo izan genuen beste adibide argi bat. Uruguaiko Luis Suarezek bi gol sartu zituen, taldearen biak hain zuzen ere, eta lore guztiak harentzat izan dira. Haren golei esker sartu da selekzioa final-laurdenetan. Bigarrena, ikusgarria eta ederra. Merezi ditu loreak. Hori ezin da ukatu. Baina zenbait jokalditan gaizki aritu zen. Ez zitzaidan gustatu haren berekoikeria. Pare bat aldiz, taldekideren bat bakar-bakarrik eduki arren, jokaldia berak amaitzea erabaki zuen. Aukera zailena bazen ere. Taldekide horiei kendu egin zien golak sartzeko aukera. Eta selekzioari lasaiago ibiltzeko patxada galarazi.
Aurrelariak golak sartzen baldin baditu eta bere taldea garaile baldin bada, partida bikaina jokatu duela esaten da. Baina inor ez da gogoratzen jarrera berekoia izan duen jokaldiez. Halakoetan ez da esaten ez duela hain norgehiagoka biribila jokatu. Bada, atzo, Uruguaik Luis Suarezen golei esker irabazi zuen, baina Luis Suarezen beraren erruz, aukera ona galdu zuen partida errazago irabazteko. Aurrelariak partidak irabazten ditu, bai, baina galdu ere galtzen ditu.
---
Entrentzaileen damuak (ekainak 26)
Erabakiak hartu behar izaten ditugu entrenatzaileok. Horixe da gure zeregin nagusia. Egunero aritzen gara horretan. Taldea gogoan, aurkaria buruan, partida garunean. Neurketan bertan ere erabakiak hartu behar izaten ditugu. Baina ezberdintasun handi honekin: momentuan hartu behar dira. Zirt edo zart. Ezin gara ordu erdi pentsatzen egon. Ez daukagu denborarik.
Partida amaitzen denean, ohikoa izaten da buruari bueltak ematea. Nik, adibidez, oso gaizki egiten du lo neurketaren ondorengo gauean. 90 minutuak goitik behera eta ezkerretik eskuinera errepasatzen ditut. Partidan ez bezala, lasaitasun handiagoz. Jokoak gehitzen dion tentsiorik gabe. Entrenatzaile guztion lana da partida aztertzea bukatu eta gero. Eta noizbait denoi gertatu zaigu hau: erabakiren bat hartu izanaz damutzea.
Uste dut herenegun ataka horretan egongo zela Morten Olsen, Danimarkako entrenatzailea. Lehen zatian galdu zuen partida. Eta ez Japoniak bi gol faltaz sartu eta aurrea hartu zuelako. Iruditzen zait Olsenek buruan izango duela damu hau: japoniarrek atzealdean baloia zeukatenean presioa egitera ez joatea. Ondorioz, Japonia eroso ibili zen zelai erdian eta aurrean.
Agian, munduko entrenatzaile guztiek ere Olsenen erabaki bera hartuko genuen partidan. Gerora, partida amaitu eta lasai ederrean, damutu arren. Ez baita erraza eta pagotxa entrenatzaile izatea.
---
Ez da Italia izan (ekainak 25)
Beste selekzio baten alde jarri behar dut. Joan zait Italia. Ez du berrituko aurreko Munduko Kopako lorpena. Tokitan gelditu da. Multzoko azkena. Zeelanda Berriak ere aurrea hartu dio. Egongo da azalpenen bat Italiaren hondamendia azaltzeko. Hona hemen nirea.
Ez da kalera joan catenaccioa erabili duelako. Ezta ez erabiltzeagatik ere. Lehen partidan, Paraguairen aurkako hartan dago nire azalpenaren oinarrietako bat. Orduan, aurreneko hogei minutuetan oso ondo jokatu zuen. Baloiarekin eta baloirik gabe. Selekzio on baten aurka, gerora ikusi den bezala. Gogoan gelditu zait partidaren tarte hura, eta berriz esango dut: Munduko Kopa honetan gehien gustatu zaizkidan uneetako bat izan da. Baina ez zion etekinik atera erauntsi hari. Ez zuen golik sartu. Kamuts ibili zen aurkariaren arean.
Zerbait falta izan zaio aurrealdean. Norbait. Duela lau urte, Alemaniako Munduko Kopan, Luca Toni zeukan. Arriskua sumatzen zen baloia arean sartzen zenean. Baina, oraingoan, ez du beldurrik eman. Gola falta izan zaio, eta golaren usainean ibiltzeko sena.
Hori gutxi ez, eta zelaiaren beste muturrean, Gianluigi Buffon gabe jokatu ditu bi partida eta erdi. Bigarren oinarria. Hirugarrena: atzealdean erraztasun handiak eman ditu. Eta laugarrena: zelai erdian jokoa sortzeko arduradun nagusi Andrea Pirlo ere minutu apurretan aritu da. Gauza asko falta izan zaizkio. Gehiegi.
---
Jabulani maitea (ekainak 24)
Atzoko Ingalaterra ezagutu egin zuen Fabio Capellok. Hiru partidetan onena jokatu behar izan zuten jokalariek entrenatzailearen txaloa jasotzeko. Gol batez irabazi zuen, baina errazago gailentzeko jokoa eta aukerak egin zituen, egia esan.
Baloiarekin beste bi partidetan baino hobeto aritu ziren ingelesak. Zelai-erdian erraz mugitu zuten; ia beti, hegal batetik bestera; normalean, ezkerretik eskuinera. Gerrard kapitainak ezker hegalean jokatu zuen, eta on egin zion taldeari baloia norabide horretan mugitzeko. Berak hartzen zuenean, barrurantz jotzen zuen askotan, oinetan eramanez edo taldekideren bati emanez eta besteak itzuliz. Onartu behar da, ordea, esloveniarrak oso atzean sartzen zirela baloia galtzean, eta horrek erraztu egin zizkien gauzak ingelesei.
Partida aurrera zihoala, Eslovenia ere hasi zen baloia aurreneko zatian baino hobeto erabiltzen. Ondorio txiki bat: gorago iristen zen.
Ondorio handi bat: ingelesek ondo jokatu zuten baloiaren jabetzan oinarrituta. Esloveniarrak gora heltzen hasi ziren, baloia denbora gehiagoz edukitzearen eraginez. Baloiaren jabe egitea eta jokoari sakontasuna ematea funtsezkoa da futbolean. Jabulani laguna da, ez etsaia. Jabulani izenak ospatu esan nahi du zuluen hizkuntzan, eta baloiaren lagun egiten denak zer ospatua izaten du askotan. Ez al da hala, Capello jauna?
---
Gola noiz helduko (ekainak 23)
Gola sartzea eta gola ez jasotzea da futboleko lan nagusia. Horixe da dena. Zerbaitegatik esaten da gola dela futbolaren gatza eta piperra. Horregatik egoten gara denok golaren zain gure gustuko taldeak jokatzen duenean.
Gola sartzeko bideak ugariak dira. Politagoak edo zatarragoak, baina denak zilegiak. Munduko Kopa honetan kolore guztietakoak ikusi ditugu. Baina gehiago ikusteko aukera galarazten ari zaizkigula uste dut. Nor baina? Arearen barruan golaren esperoan egoten diren jokalariak. Atzelaria nahasteko mugimenduren bat egin ordez, geldi gelditzen dira. Atzelariari aurrea hartu beharrean, haren alboan jarraitzea erabakitzen dute. Atzelaria bere lekutik ateraz, atzetik datorren taldekideari zuloa sortu beharrean, planto egiten dute. A zer pagotxa atzelaria izatea! Halakoetan, hauxe esaten diet nire jokalariei: mugitzen ez den jokalaria bere burua zaintzen ari da. Aurrelaria atzelariarena egiten. Atzelaria lasai ederrean.
Adibide asko ikusi ditut Munduko Kopan. Baloia hegalen batean, hegalekoaren oinetan. Erdiraketa egitera doa, eta area barruko taldekideak, geldi-geldi. Baloiaren zain, baloiaren bila joan beharrean.
Gola noiz helduko egoten gara telebistari begira. Baina aurrelariak ere gola noiz helduko segitzen duten bitartean jai daukagu. Nork esan behar zigun aurrelaria ez zela izango atzelariaren amesgaiztoa?
---
Afrika preso dago (ekainak 22)
Aurreko mendeko 1990eko hamarkadaren hasieran, Kamerunek eta Nigeriak zirrara eragin zuten. Lehoi menderaezinek Italiako Munduko Kopan, 1990ean, eta arrano berdeek AEBetan, 1994an. Haize freskoa eman zioten futbolari. Afrika futbolaren mapan ezarri zuten.
Ordutik asko hitz egin da kontinente beltzeko futbolaz. Lau urtetik behin, batez ere. Munduko Kopa dagoenean. Hango selekzioez azterketa bera egin izan da beti: oso jokalari onak dituzte, baina taktika aldetik anabasa dute nagusi. Oreka eta ordena ez dituzte ezagutzen. Gabezia hori betetzeko, han joan ziren Europako entrenatzaileak. Taktikaren bidez Afrika kolonizatzera. Bada, orduz geroztik, apenas egin duten nabarmentzeko zerbait hango selekzioek Munduko Kopan, Senegalgoak 2002an egin zuena kenduta.
Europako entrenatzaile andana hara joan aurretik, aldrebesak izango ziren taktika aldetik. Baina orain beste muturrera igaroarazi dituzte. Zurrunegiak dira. Lotuta daude jokalariak. Berezko talentu guztia taktikaren esklabu da orain. Igandean, Boli Kostak egin zuena adibide. Baloirik gabe, bere zelai erdiaren erditik atzera. Brasil aurkaria bazen ere, gehiegizkoa da.
Asko gustatzen zait taktikarekin lotura duen guztia, baina afrikar jokalariei ezin zaie kendu askatasuna. Ez osoki, behintzat. Preso jokatzen dute hango jokalariek. Kolonialismoa ez da amaitu.
---
Hotza edo beroa (ekainak 20)
Zerbait aldatu da Hegoafrikan. Eguraldia hoztu egin du. Ageriko aldaketa. Futbol zelaietan kontrakoa gertatu da. Jokoa berotuz doa. Hori ere aldaketa nabarmena. Bigarren jardunaldia hastearekin batera, pixka bat politagoak bihurtu dira partida batzuk. Eguraldi hotzak futbola berotu balu bezala, egia esan.
Idatzi nuen txapelketaren hasieran lehenengo partidak itxiak izango zirela. Gehienak halakoak izan dira. Ez galtzea irabaztearen parekoa da hasieran. Baina denek ez zuten irabazi, denek ez zuten berdindu. Eta talde horiek irabazi beharra daukate bigarren jardunaldian, aurrera jarraitzeko batere aukerarik gabe ez gelditzeko. Erabat aldatzen dute jokatzeko modua. Lehen itxia zena irekia da orain. Puntuen beharraren premia gorria. Talde batek gehixeago arriskatzea nahikoa da partida politagoa izateko. Besteak beste, aurkariak zulo eta leku gehiago duelako. Ikusgarritasuna handitzen da horrela.
Talde batzuen aldaketa horretaz, badut zalantza: zein da haien benetako estiloa? Lehen jardunaldian erakutsi izan duten zurruntasuna denik ez dut uste. Bigarren jardunaldian azaldu duten ausardia ere ez da izango. Ondorioa: Munduko Kopan, berezko estiloa gorde egiten dute talde batzuek. Mozorrotu egiten dira. Hotza eta beroa nahastearen pareko zerbait. Gauza onik ez, normalean. Hala ere, ez da hobea nork bere estiloarekin jarraitzea ezina handia denean.
---
Botatzea libre (ekainak 19)
Izenburua irakurtzearekin bat, burura etor daiteke hau: arearen barruan jokalariek beren burua lurrera botatzearen alde idatziko dudala. Baina jaurtikez ariko naiz. Area ertzetik edo kanpotik egiten direnez.
Munduko Kopa honetan, atentzioa eman dit jaurtiketa mota horren kopuruak. Asko ari dira saiatzen jokalariak. Harrigarri samarra da. Izan ere, azkenaldian, batek baino gehiagok esan izan du gero eta gutxiago jaurtitzen dutela jokalariek atetik urrun direla.
Asko jaurtitzearen azalpenak asko izan daitezke. Bat: baloia txoro samarra denez, entrenatzaileek agindu diete jokalariei botatzeko beldurrik gabe. Bi: geldikako jokaldietan, kornerretan batez ere, talde askok zonan defendatzen jartzen dituzte jokalari gehienak; halakoetan, atzelari lanetan jende asko behar da, eta, ondorioz, inor ez dute jartzen areatik kanpo, aldaratzeak hartzeko; leku hori hutsik dagoenez, erasotzaileek aukera guztiak dituzte atera botatzeko. Hiru: partidak irekita daudenean -ez dira asko izan-, galdu egiten da ordena taktikoa, eta hautsi egiten dira taldeak; ondorioz, defentsan ari den taldeak ez du inor jartzen area ertzean. Lau: aurkaria hegaletatik sartzen den ia gehienetan, defendatzen ari den taldeko jokalariak area barrura sartzen dira, erretxazea ahaztuta.
Lehen arrazoia subjektiboa da, baina beste hirurak objektiboak, Munduko Kopa honetan ikusiak. Botatzea libre da.
---
Hiru huts larri (ekainak 18)
Eskerrak Argentinak irabazi egin zuen atzo. Bestela, Demichelis erdiko atzelaria larrutu egingo zuten bere herrikideek. Galanta egin baitzuen Hego Korearen golean.
Hiru huts egin zituen. Bi taktikoak, eta bestea teknikoa. Oharkabean joaten dira aurreneko multzoko hutsak. Taktikoak direnik ere zaila da antzematen. Baina baloia hartu aurretik beste leku batzuetara ez begiratzea huts taktikoa da. Begiratu beharra dago, gero baloiarekin zer egin behar den ikusteko, aztertzeko eta erabakitzeko. Hori dena azkar-azkar egin behar da. Argentinarrak baloia duenean begiratzen du, ez lehenago, eta korearra gainean daukanean. Bigarren huts taktikoa gorputzaren posizioa okerra da. Hegaleko atzelariak baloia duenean, erdiko atzelaria -Demichelis- ezin da bere ateari begira egon. Beste aldera begira egon behar zuen, pasea berari emateko aukera eskainiz lagunari. Hegalekoak baino atzerago jarrita behar zuen.
Hirugarren hutsa ere, teknikoa, nabarmena da. Oinaren kanpoaldearekin baloia kontrolatzea arriskutsua da zelaiaren eremu horretan. Barrualdearekin egin behar zuen, seguruagoa baita. Baina akats hori huts taktikoen ondorioa izan zela uste dut. Zaila da ulertzen tamaina horretako jokalariak nola egin ditzakeen halakoak. Mikel Etxarrik esaten du jokalariek gabeziak dituztela oinarrizko taktikan, arlo hori ez dela ongi lantzen. Huskeria ematen dute, baina huts larriak dira.
---
Teoria bat (ekainak 17)
Ez da erabat zehatza. Ez da beti-beti betetzen, baina bai askotan. Hauxe da nire ustea: joko ez-zuzena soilik erabiltzen duten taldeak bigunak izaten dira. Futbolean beharrezkoa den beste zerbait hori falta izaten zaie. Lagunen artean, kasta esaten diogu beste zerbait horri. Lehiakortasuna. Malizia. Sendotasuna. Beste batzuek futbol ikustezina esaten diote. Ikusten ez den futbola.
Munduko Kopa honetan, Espainia da joko ez-zuzenaren eredua: baloia zelaiaren gainean; pase motzak gehienetan; lagunari pasea eman, eta lagunak bueltatu, edo beste taldekideren bati bota; hegalak bilatuz edo hegalak erabili gabe. Estilo hori eraginkorra izateko, oso garrantzitsua da erritmo azkarrean egitea. Baina hori beste upeleko sagardoa da.
Natorren berriz teoriara. Horrela jokatzen duten taldeei gabezia bera antzematen diet nik. Atzo erakutsi zuen Espainiak Suitzaren golean. Benaglio atezainak luze atera zuen. Goitik zetorren baloiaren bila epel borrokatu zen espainiar bat, eta aurkariak jo zuen buruz. Bigarren baloia ere suitzarrek hartu zuten. Area barruko anabasan, Fernandes joan zen azkarrena baloia sarera sartzera. Espainiar gehienak begira gelditu ziren. Oso bigun Espainia jokaldi horretan.
Futbola ez baita pase onak eta zehatzak ematea bakarrik. Beste zerbait hori ere funtsezkoa da. Niretzat, oinarrizkoa eta ezinbestekoa.
---
=bGora 'catenaccioa'!=b (ekainak 16)
Italiak nahi dut Munduko Kopa hau irabaztea. Orain arte berdin zitzaidan selekzio bat edo bestea garaile izatea. Baina herenegun gauetik eta atzo goizetik italiarren alde nago. Kritika gordin guztien jomuga izaten delako beti. Ohitura bilakatu da italiarrei egurra ematea. Arrazoia, gainera, betikoa: ez dutela piperrik jokatzen, eta atzean sartuta ibiltzen direla partida guztietan. Nahiz eta horrela ez jokatu.
Paraguairen aurkako partidaren hasieran, esaterako, oso ondo jokatu zuten Marcello Lippik entrenatutako jokalariek. Baloia zentzuz erabiliz, hegaletatik hegaletako atzelariak sartuz, erdiraketak eginez area barruan zeuden hiru edo lau jokalariri... Eta baloia galtzen zutenean amerikarren area inguruan, sekulako presioa eginez. Hori ez bada erasokorra izatea! Orain arteko partidetan, ez diet halakorik ikusi beste selekzioei. Baina egurra Italiari. Italia delako, eta aurreiritzietan oinarrituz epaitzen zaiolako. Italia da erasoari uko egiten diona. Soilik defendatzera ateratzen dena.
Hori catenaccioa bada, hori bada ikuskizuna ez ematea, hori bada aurkariari jokoaren ekimena ematea, forza Italia! 2006ko Munduko Kopan ere gozatu egin nuen Lippiren taldearekin, eta txapeldun izan ziren. Orduan ere entzun behar izan zituzten epelak. Catenaccioa egin behar zaie aurreiritzien bidez Italia epaitzen duten horiei denei. Ez daitezela pasa!
---
Aurrelariak edota erdilariak (ekainak 15)
Alemania beti izan da irabazlea, eta ez du inor harritu igandeko emaitzak. Australiari 4-0 irabaztea normala da. Baina ahoa bete hortz utzi du mundu osoa. Jokatzeko eredua izan da harrigarria. Orain arte, ez da joko ez-zuzenaren zalea izan. Baloia zelaiaren gainean neurrian erabili izan du. Gehiegi ere ez. Herenegun, ordea, erakustaldia eman zuen joko ez-zuzena erabiliz. Egun bateko kontua ala estilo aldaketa?
Igandekoaz, beste gogoeta bat. Lau golegileak aurrelariak dira. Podolski, Klose, Mueller eta Cacau. Ez da harritzekoa golak sartzea. Baina aurrelariak izan arren, beti ez dute aurre-aurrean jokatzen. Zelai erdian ere jartzen ditu Lowek, eta beren taldeetan ere jokatu izan dute eremu horretan. Gero eta gehiago dira zelaiaren erdian jokatzen duten aurrelariak. Batez ere, 4-2-3-1 sisteman. Aurrelari bakarraren atzeko hiruko lerroan. Aurrelari-erdilariak.
Nik izan ditudan entrenatzaile guztiek gauza bera erakutsi didate: golak sartzeko lekuetara zelai-erdikoek ere iritsi egin behar dutela. Beraz, ez da harritzekoa zelai-erdikoek golak sartzea. Eta aurrelariek erraztasun handiagoa daukatenez, horregatik kokatzen dituzte aurrelariaren atzetik entrenatzaileek. Hautu egokia da beste taldea txarragoa bada. Baina zu baino hobea bada, eta baloirik gabeko lanean bikain lan egin behar bada, zer? Hobe, ziurrenik, erdilariak jartzea. Erdilari-aurrelariak.
---
Golik gabeko ikusgarritasuna (ekainak 13)
Golak omen futboleko gatza eta piperra. Golek egiten ei dute futbola ikusgarri. Hortaz, golik gabe ez da ikuskizunik. Futbolaren munduan erabiltzen diren betiko esaldi horietako bat da azkenekoa. Eder askoak izan daitezke, baina, golari bizkarra emanda bizi diren lehiak ere.
Ostiral gauekoaz, hedabide ia denak bat datoz: aspergarria izan zen partida. Eskas Uruguai, eskas Frantzia. Galtzeko beldurrak jango zituen biak. Golik ez, eta golak sartzeko aukerak ere apenas.
Baina Forlan zelaian dela, beti egoten da zerbait ikusgarria. Golik ez badu sartzen ere. Asko gustatzen zait nola mugitzen den erasoan. Alor horretan, baloirik gabe egiten dituen mugimenduak oso onak dira. Futboleko eskoletan umeei erakutsi beharrekoak. Alde batera jotzen du. Bestera ere bai. Diagonalean mugitzen da. Zirkulu formako mugimenduak egiten ere abila da. Hori dena ikuskizuna da. Eta are ikusgarriagoa da beste alderdi honetan: alde batera jotzen baldin badu, eta ikusten badu ez dela erabaki zuzenena izan, azkar aldatzen du norabidez lasterka doala, baloia hartzeko edota espazioren bat sortzeko leku egokiaren bila. Hori ere ikuskizuna da. Ikusi beharrekoa, gozatzekoa eta ikastekoa. Munduan oso aurrelari gutxik daukate gaitasun hori.
Ez zuen golik sartu ostiralean. Baina ikusgarria izan zen bera mugitzen ikustea. Golik gabe ere badelako ikuskizuna.
---
Erritmoaren gorabeherak (ekainak 12)
Garrantzitsua da erritmoa futbolean. Bi modu daude neurtzeko: jokoaren erritmoa eta erritmo aldaketa. Talde batek partida osoan erritmo berari eusten badio, jokoaren erritmoa mantendu duela esan nahi du. Erritmo aldaketak ondo egiten dituen taldeak jokoa azkartu egiten du zenbait unetan, komeni zaionean edo behar duenean.
Erritmo aldaketak jokalari batek egin ditzake, edota talde osoak. Arlo fisikoa, teknikoa eta taktikoa erabiltzen dira horretarako. Abiadura bizitzea kontzeptu fisikoa da. Baloia oinetan ez eramatea eta ukitu batean edo bitan lagunari ematea kontzeptu teknikoak da, taktikoak ere diren bezalaxe. Jokoari norabidea aldatzea kontzeptu taktikoa da, eta teknika ere hartzen du. Baloirik gabe ere alda daiteke erritmoa; presioa eginez, esaterako.
Atzo, Hegoafrikaren eta Mexikoren arteko partidan, amerikarrek, lehen zatian, baloirik gabe aldatzen zuten erritmoa. Presioaren bidez. Baloia berreskuratzean, mantendu egiten zuten erritmo aldaketa hori, lehen esandako kontzeptu batzuk erabiliz. Baina bigarren zatian, ez zuten aldatu erritmoa. Baloirik gabe ez zutelako presioa egiten, eta baloiarekin, jokoa geldotu egiten zutelako. Baloia gehiegi eramaten zuten oinetan jokalariek. Paseak ez zituzten azkar ematen.
Mexikok ez zion jokoaren erritmoari eutsi partida osoan, eta horregatik ere, ez zuen irabazi.
---
Irabaztea: ez galtzea (ekainak 11)
Ezohiko txapelketa da Munduko Kopa. Hiru partidako ligaxka, hasieran. Oso laburra. Motzegia. Itogarria. Presioa. Partidaren bat galtzea hondamendia da gehienetan. Debekatuta dago lehen jardunaldietan kale egitea. Ez dago astirik galera berreskuratzeko. Ez galtzea oso garrantzitsua da.
Horregatik, ez da ohikoa lehen jardunaldian taldeek oso irekita jokatzea. Ahalik eta itxien, hobe. Aurkariak ez dezala erraztasunik izan. Ondorioz, partida lotuak izaten dira. Estuak. Gogorrak. Baloirik gabeko lanean, eredu taktiko hauek erabil ditzakete taldeek aurreneko partidetan: lerroak atzeratu eta presioa. Aurretik zehaztutako leku batera atzeratu, eta lerroak asko elkartu, aurrez erabakitako eremuren batean presioa egiteko.
Baloiarekin, berriz, beste eredu honi etekina ateratzea izan daiteke helburua: kontraerasoa. Aurkariaren atera jo, baina jokalari gutxirekin; beste guztiek bizkarrak zaintzen dituztela, baloirik gabeko lanari ekiteko erne, badaezpada ere. Baloirik gabe eta baloiarekin, bat eta bakarra da helburua: lekua ez galtzea. Lekua galtzea eta puntuak galtzea sinonimoak izan daitezke.
Lekua oparitzen duenak sailkatzeko txartela oparituko dio aurkariari. Eta Munduko Kopan ez dira opariak egiten. Irabaztea da opari desiratuena. Lehen faseko lehen partidetan, ez galtzea.
---
Brasilen mozorroa (ekainak 10)
Jokatzeko eredu ezaguna izan du beti Brasilek. Historian atzera eginez, nork ez ditu gogoan Pele eta Garrincha? Socrates eta Zico ere ezin ahaztu. Ronaldo, Ronaldinho, Kaka eta Robinho gure garaikoak dira. Baloia jostailua izan zen aspaldiko haientzat. Eta jostailua da oraingoentzat. Baloiarekin jolasean ibiltzea da brasildarren jogo bonito ezaguna.
Bestelako izarrak ere izan ditu Brasilek. Aurreko izen horiek guztiak nabarmentzeko lan zikina egin behar izan dutenak. Bi aipatzen aldera, horra Mauro Silva eta Dunga. Horien jokoa ez zen polita askorentzat. Niretzat, baina, ikusgarria zen. Baloirik gabeko lanean sendoak ziren, eta baloia oinetan, helburua bakarra zeukaten: oreka. Jolaserako beste batzuk zeuden.
Orain, langile fin horietako bat du entrenatzailea Brasilek: Dunga. Munduko Koparako taldean, izarrak batu ditu. Baina baita langileak ere. Bera bezalakoak. Hegoafrikan Dungaren eragina izango du taldeak. Jolaserako daudenak neurrian egiten dute jolasean. Lanerako daudenek lana beltz egiten dute. Ez du Peleren garaiko jokoa erabiliko. Socratesek ere esango du, izen bereko filosofoak esan zuen bezala, berak ez dakiela ezer, jokatzeko ereduaz galdetzen badiote.
Beste Brasil bat ikusiko dugu Afrikako muturrean. Ezberdina. Rio Janeiroko inauterietan, futbol eraginkorraren mozorroa erosi izan balu bezala.
---
Atez ate (ekainak 9)
Entrenatzaile asko ari gara Munduko Kopa hau aztertzen. Baina gutako inori ez zaigu burura etortzen atezainen lanaz aritzea. Ez lehiaketa hasi aurretik, behintzat. Eta gero, asko nabarmendu behar izaten du atezainen batek gure idatzietan sartzeko.
Bada, gaur, atezainak hartuko ditut hizpide. E eta F multzoetako bi: Gianluigi Buffon eta Maarten Sketelenburg. Atzo nioen jokalariek baldintzatzen dutela neurri batean taldeen jokatzeko modua. Atezainak barne. Area kanpoan ondo moldatzen denarekin, defentsako lerroa aurreratu dezake taldeak. Baina eremu hori menderatzen ez duenarekin, nekez. Ate azpian ona denarekin, atzean sar daiteke talde bat. Hain ona ez denarekin, ez.
Buffonen ezaugarririk onena hau da: bikaina da atearen azpian. Italiak ez dauka arazorik atzean defendatzeko. Badaki atezain paregabea duela aurkariaren erremateak gelditzeko. Baina Sketelenburgen ezaugarri nagusia beste bat da: area kanpoan ondo aritzea -baloi luzeetan distantziak menderatzea, eta oinarekin ondo moldatzea, adibidez-. Baloia asko ukitzeko jokoa erraztu egiten dio halako atezaina edukitzeak.
Buffon ez litzateke hain ondo moldatuko Herbehereetako selekzioarekin, area kanpoan ez delako batere trebea. Sketelenburg ere larri ibiliko litzateke Italiarekin, atearen azpian ez delako hainbeste hainbeste nabarmentzen.
---
Aurrelarien garrantzia (ekainak 8)
C eta D multzoetako taldeei begiratuz gero, Wayne Rooney da izarra. Sekulako denboraldia egin du Manchester Unitedekin. Golak erruz sartu ditu. Futbolean emaitza onak lortzeko ezinbestekoa da golak sartzea. Oso zaila da gol gutxirekin txukun aritzea, salbuespenak egon badauden arren. Golak sartzeko ardura aurrelariena da batez ere. Eta ezaugarri askotakoak daude. Baina denak izan daitezke golegileak.
C eta D multzoetan daude adibideak. Rooney bera, Mario Gomez eta Nikola Zigic. Hiru aurrelari, eta bi eredu. Teknikoki, fisikoki eta taktikoki ezberdinak. Ingelesa alde batean, alemaniarra eta serbiarra bestean. Baina hirurak golegileak. Jokalariek baldintzatzen dute neurri batean talde baten jokatzeko modua. Rooney aurrelari bakar dela, nekez jokatuko du Ingalaterrak joko zuzena, ez bada aurkarien atzelariak oso aurrean daudenean. Mario Gomez eta Zigic aurrean direla, Alemaniak eta Serbiak joko zuzena balia dezakete. Joko zuzenaren oinarriak baloi luzeak dira, metro askotara eta gorantz botatzen diren paseak. Halakoetan, hobe bi aurrelarirekin jokatzea. Bat handia eta bestea txikia, uztartze egokia da.
Bikote beldurgarria osatuko lukete Rooneyk eta Zigicek edo Mario Gomezek. Gainera, aukera emango lukete joko zuzena eta joko ez zuzena lantzeko. Gogoratzen duzue Nihat eta Kovacevicekin Reala Espainiako Ligan bigarren gelditu zen sasoia?
---
Messi bakarrik dago (ekainak 6)
Munduko jokalari onena da Lionel Messi. Hegoafrikan, begi guztien arreta bereganatuko du. Baina, harrigarria bada ere, zalantza hau dabil futbolaren munduan: Munduko Kopa ona jokatuko al du munduko jokalari onenak?
Messi Bartzelonarekin jokatzen soilik ikusi duenak nekez ulertuko du zalantza hori. Baina Argentinarekin ikusi duenak segituan harrapatuko du ezbaia. Taldearekin bikain jokatzen du; selekzioarekin ez. Arazo bilakatu da haren herrialdean, eta hedabideetan egurra eman izan diote, Bartzelonarekin bezain ongi ez jokatzeagatik. Arazoa dauka selekzioak, eta arazoak konpondu egin behar dira. Onartu badela, zehaztu zein den, eta zuzendu. Zein da, baina, arazoa?
Futbolaren lau arloak kontuan hartuta, Messik ondo ez jokatzea ez da arazo teknikoa: munduko onena da. Ezta arazo taktikoa ere: ederki mugitzen da zelaian, ia beti bakarrik hartzen du baloia. Arazo fisikoa ere ez: ez du min hartzen lehen adina. Laugarren arloa geratzen zaigu: psikologikoa. Gaur egun, futbolean eta kirol guztietan gero eta garrantzi handiagoa dauka. Arlo hori lantzeko, psikologoak egoten dira taldean, edota entrenatzaile nagusia bera izan ohi da psikologo egokia. Guardiola, esaterako. Gustura sentiarazten du Messi. Maradonak ez du gauza bera lortu. Egingo al du ahalegina bere garaian munduko jokalari onena izan zenak? Futbolaren mesedetan, egin dezala. Messi du eta.
AuLKITIK BEGIRA (Aitor Manterola)
Cruyffen kontra
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu