Berri onak izan zituen atzo Jose Luis Mendilibarrek. Damia Abella eta Raul Garcia arazorik gabe entrenatu ziren atzo Taxoaren, eta jokatzeko prest daude. Eskuin hegaleko atzelariak mina izan du eskuin begian azken egunetan. Erdilariak, berriz, orkatila bihurritu zuen orain astebete, baina azken hiru egunetan arazorik gabe aritu da lanean. Mendilibarrek, baina, Damia bakarrik zelairatu ahal izango du bihar Calderonen, Raul Garciak ezin baitu Atletico Madrilen aurka jokatu. Erdilari iruindarra Espainiako taldeak utzita ari da Osasunan, eta bi klubek sinatutako akordioaren arabera, jokalariak ezingo du parte hartu bi taldeen arteko partidetan.
Hiru dira, beraz, derrigorrez Iruñean geratuko diren jokalariak: Masud Shojaei eta Ion Etxaide (min hartuta daude biak) eta Raul Garcia bera.
Timorrek kontratua berritu du
Bestalde, David Timor Osasunako erdilari valentziarrak beste hiru denboraldirako kontratua sinatu zuen atzo. Timorri sasoi honen amaieran bukatzen zitzaion kontratua. Valentziako harrobian hazitako jokalariak iragan sasoian egin zuen debuta lehen taldearekin, 21 urterekin. «Oso pozik nago, eta eskerrak eman nahi dizkiot klubari nigan erakutsi duen konfiantzagatik», aitortu zuen atzo.
Damia eta Raul Garcia osatu dira, baina erdilariak ez du jokatuko bihar
Osasunako erdilari iruindarra ezin da aritu Atletico Madrilen aurka, haren kontratuak hala agintzen baitu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu