Pilota

Danel Elezkano, Binakako Txapelketatik kanpo

Lehen bi sailkatuak zuzenean izango dira finalerdietako ligaxkan, eta beste bi bikoteak kanporaketa bidez erabakiko dira. Txapelketa ostiralean hasiko da Azkoitian, eta Ezkurdiak eta Martijak Altuna III.aren eta Ladis Galarzaren aurka jokatuko dute.  

2019ko azaroaren 19a
09:20
Entzun

Aurkeztu dute Binakako Txapelketa, eta hauxe da ezusterik handiena: Aspek kanpoan utzi duela iazko bikote txapeldunaren aurrelaria, Danel Elezkano —iaz, Rezustarekin jantzi zuen txapela—. Zurrumurrua bazebilen ez zela aukeratuen artean egongo, eta baieztatu egin da. Beste zalantza Baikok zuen, Oinatz Bengoetxearekin. Baina Leitzakoak txapelketa jokatuko du. Guztira, zortzi bikote ariko dira nor baino nor gehiago, ostiraletik hasi eta apirilaren 5ra bitarte.

Aspeko berrien artean, aurreko koadroetan, Erik Jaka izango da. Zabaleta izango du atzelari. Bestalde, Aspen bada aurretik txapeldun izandako bikote bat: Irribarria eta Rezusta —2017an irabazi zuten—. Baikon, berriro ere Mikel Urrutikoetxeak atzelari jokatuko du, Olaizola II.a aurrean duela. Bikote horrek ere txapela jantzi zuen binakakoan, 2016an.

Hauek dira bikoteak: 

Aspe

Altuna III-Ladis Galartza,

Ezkurdia-Martija

Jaka-Zabaleta

Irribarria-Rezusta

Baiko

Olaizola II-Urrutikoetxea

Bengoetxea VI-Mariezkurrena II

Laso-Albisu

Artola-Imaz

Txapelketa ostiralean hasiko da Azkoitian, eta hantxe izango dira azken lau eta erdiko finala jokatuko duten bi pilotariak. Izan ere, Ezkurdia-Martija Altuna III.a Galartza norgehiagokarekin abiatuko da txapelketa. Finala, berriz, apirilaren 5an jokatuko da Bizkaia frontoian.

Aurten ere ligaxka formatuan jokatuko da. Baina bada aldaketa bat. Lehen bi sailkatuak zuzenean izango dira finalerdietako ligaxkan. Eta beste bi bikoteak kanporaketa bidez erabakiko dira. Hirugarren sailkatuak seigarrenaren aurka jokatuko du, eta laugarrenak bosgarrenaren kontra. Irabazleak finalerdietako ligaxka jokatuko dute. Kanporaketa horiek otsailaren 29an eta martxoaren 1ean jokatuko dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.