Txirrindularitza

Dani Morenok ezustea eman du Fleche Wallone klasikoan

Katuxak asmatu egin du estrategian, Joaquim Rodriguezen ordez Dani Morenoren alde apustu eginda, eta Huyko azken aldapan ezinean geratu dira aurkari guztiak. Zortzigarren izan da Igor Anton (Euskaltel).

unai zubeldia
2013ko apirilaren 17a
17:35
Entzun

Bi apustu zeuzkan Katuxak Fleche Wallonen, Joaquim Rodriguez eta Dani Moreno, eta estrategia jokaldi ona egin du Errusiako taldeak. Rodriguez erori egin zen joan den igandean, Amstel Gold Race klasikoan, eta gaur abiatu, ez abiatu, zalantzan egon da azken unera arte. Abiatzeaz gain, kilometro bateko Huyko azken igoeran aurre-aurrean ibili da kataluniarra (bosgarren amaitu du), baina, aurkari gehienentzat ezustean, Moreno izan da Katuxaren apustua. Carlos Alberto Betancurrek (Ag2r) behe-behetik jo du erasoa Huyko horman, eta irabazteko zorian egon da kolonbiarra.

Philippe Gilbertek (BMC) hartu du ardura igoera guztian, baina Betancurrengana gerturatu ezinik ibili da belgikarra, nahiz eta berehala lehertu duen Peter Sagan (Cannondale). 300 bat metro falta zirela aldatu du erritmoa Dani Morenok, eta ezinean geratu dira Gilbert bera eta Sergio Luis Henao (Sky). Helmugara iristeko 100 metro falta zirela harrapatu du Morenok Betancur, eta bakar-bakarrik helmugaratu da, Henao eta Betancur bi kolonbiarren aurretik. Igor Anton (Euskaltel) izan da euskaldunik onena, zortzigarren postuan, Morenorengandik zortzi segundora.

Eta pare bat ordu lehenago, Huyko horman bertan, Morenoren pareko erakustaldia eman du Marianne Vosek ere (Rabo Women Cycling). Herbeheretarrak bosgarrenez irabazi du Fleche Wallone klasikoa, Elisa Longo Borghini (Hitec) eta Ashleigh Moolmani (Lotto) aurrea hartuta. Oso maila ona eman du Ane Santesteban errenteriarrak (Bizkaia-Durango), 22. postuan, Vosengandik 56 segundora. 73. postuan helmugaratu da Dorleta Eskamendi (Bizkaia-Durango), 9.17 minutura.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.