Golak. 1-0: Y. Poulsenek (59. min.).
Gauza jakina da barkatzen duenak, futbolean, zeregin gutxi duela, eta teoria hori hamaikagarrenez berretsi da Peru eta Danimarkaren arteko partidan. Danimarkak ia aukera bakarra izan du, eta ondo baliatu du kontraeraso batean. Peruk, aldiz, askotan jaurtiki du atera, gehiago izan da, baina ez du asmatu. Penalti bat ere huts egin du lehen zatiaren amaieran, VAR sistemari esker adierazitakoa, baina Cuevak langaren gainetik bota du. Garaipen honi esker Danimarka Frantziarekin berdinduta dago C multzoko lehen postuan.
Kasper Schmeichel Danimarkako atezaina izan da partidako izarra. Peruk penaltia kanpora bota du, baina atearekin asmatu duen guztietan atezaina agertu da, eta ez da gutxitan izan. Peruk izan du baloia oinetan, hark hartu du jokoaren ekimena, eta askoz gehiago merezi izan du, baina merezitzea ez da aski. Danimarkak, bitartean, atzean itxaron dio, eta horrela jokatzeko atezaina fin ibiltzea derrigorrezkoa da.
Partidak bi jokaldi erabakigarri izan ditu. Aurrenekoa penaltia izan da, 44. minutuan. Poulsenek zangotrabatu egin du Cuevari area barruan, eta epaileak VARaren aginduz adierazi du. Penaltia zen, eta bideo sistemak huts egitea konpontzeko balio izan du. Cuevak, baina, ez du asmatu. Beste jokaldi erabakigarria gola izan da (59. min.). Peren gol aukera onenetariko baten ondoren iritsi da, hiru hiruren aurkako kontraeraso batean. Danimarkak ondo gidatu du eta Polusenek erremate dotorea egin du. Azken ordu erdian Peruk setioa hasi du, baina Danimarkak ondo eutsi dio.