Masajea berdin-berdin hartu dugu etapa bukatutakoan, mekanikariek berdin-berdin errebisatu dituzte bizikletak azken etaparako, medikua ere egunero bezala etorri zaigu zer moduz gauden galdetzera... baina hau bukatu da. Hori da tropelak duen sentsazioa. Frantziako Tourra bukatuta dagoela. Ostiraleko etaparen ostean bukatu zen gehienentzat, eta erlojupekoaren ostean bukatu da beste guztientzat. Parisera bidean gozatzea besterik ez da gelditzen. Egun guzti hauetan egin ez duguna: lagunekin hitz egin, patxadaz joan... Azken etapan bukaerako 60 kilometroetan hasten da lehia. Ordu arte ez da deus gertatzen. Irabazlearekin konfiantza duena berarengana hurbilduko da eta zoriondu. Nik ez daukat horrenbesterainoko konfiantzarik eta ez naiz joango, baina merezi du zoriontzea. Seigarren Tourra da, errekorra da, kopuru bat. Niri burura datorkidana zera da: seigarrena dela, eta inoiz baino errazago irabazi duela. Pena da, baina horrela da. Pena dela diot, kontrariorik ez duelako izan, eta heldu den urtean ere zazpigarrena irabazteko hautagaia bera izango delako. Besteen boladak ere bukatu ziren, ordea, eta Armstrongenak ere izango du amaiera. Datorren urtean? Litekeena da.
Badakit batzuek meritua kenduko diotela Armstrongen errekorrari. Tourra bakarrik prestatzen duela diote, baina ze prestatzen dute Ullrichek, Klodenek eta Bassok? Helburu finko batzuk jarri eta horiek lortzea ez da batere erraza, eta Armstrongek beti lortzen du. Gainera, korritzen dituen beste proba guztiak lehiatzen ditu. Berdin dio apirilean, otsailean edo maiatzean. Oso txirrindulari lehiakorra da, txirrindulari puska da. Ez da sekula barregarri gelditzen, eta beti ematen du bere maila. Hura ez duzu Ullrich bezala ikusiko goi mailako proba batean 10 kilo gehiagorekin. Errespetuz jokatzen du zaleekin, eta errespetuz antolatzaileekin.Bukatzera doa nire aurtengo jarduna, baina ez nuke nahi Pirinioetan, Alpeetan edo etxetik euren bultzada eman didaten euskal zaleei neure eskerrik beroenak eman gabe agurtu. Mila esker guztioi, eta datorren urtea arte.
NIRE TOURRA
Datorren urtea arte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu