Paolo Bettini
Iaz berak irabazi zuen, eta aurten argi eta garbi esan du berriro irabazi nahi duela. Eta ez Donostian bakarrik, Munduko Kopako sailkapeneko lehen postua ere nahi du, ez alferrik, aurreko bi urteetako garailea bera baita. Proba irabazteko Donostian banatuko diren puntuak ezinbestekoak izango direla badaki, berak puntuak lortzeaz gain, besteek ez lortzea ere garrantzitsua baita. Alde guztietan aurpegia ematen duten txirrindularietakoa da Paolo Bettini. Argia, azkarra, sendoa eta eskarmentuduna. Faboritoetatik, Tourrean izan den bakarra da, eta asteazken honetan Camaioreko proba irabazi du. Sekulako indar erakustaldia egin zuen, gainera, eta Donostian arerio izango dituen hainbat txirrindulari atzean utzi zituen, Danilo di Luca eta Damiano Cunego Saecoko txirrindulariak tartean.
Igor Astarloa
Astarloak baina gogo gehiago txirrindulari gutxik izango du Donostian irabazteko, eta ez da etxean arituko delako bakarrik. Ermuarrak ondo prestatzen ditu klasikoak, azti ibiltzen da proba guztietan, lasterketa irakurtzen gutxik bezala daki, eta ihesaldi erabakiorrean han izango da jo eta su lanean. Baina oraindainokoan ez du zorte handirik izan, ez Donostian ezta beste Munduko Kopako klasikoetan ere. Orain dela bi urte bigarren izan zen bi aldiz jarraian, Hew Klasikoan eta Donostiakoan, hain zuzen. Klasiko handietan Flecha Valona irabazi du, iaz, hain zuzen. Gerora Munduko Txapelketa irabazi zuen, eta bazirudien aurten gauzak hobeto joango zitzaizkiola. Cofidis auziak udaberriko klasiketatik kanpo utzi zuen, Milan Sanremon seigarren egin ondoren, eta gogo biziz dator berriro klasikotara.
OscarFreire
Kristalezko belaunak dituela diote, denboraldia hasi eta bukatu, beti izaten du arazoren bat, eta horrek prestaketarako eta egutegia antolatzeko arazoak ekartzen dizkio. Dena dela, duen palmares laburren garaipen handiak ditu Rabobankeko txirrindulariak, ez alperrik, klasikomanorik onenetakoa baita. Aurten jada Milan Sanremon irabazi du, eta gertu ibili zen Hew Klasikoan, laugarren bukatu baitzuen. Ohituago dago aldapa txiki, labur eta gogorrak dituzten probetan, Jaizkibel bezalako mendate luzeagoak dituztenetan baino; baina taldetxo batean iritsiz gero gutxik izango dute berak bezain aukera hoberik. Izan ere Freireren esprinterako dohainak ez dira abiadurara bakarrik mugatzen, tokia inork bezala hartzen daki, eta inork ikusten ez dituen tarteak ikusten ditu tropelean mugitzeko.