Thomas de Gendt (Vacansoleil) Italiako Giroan kolpe handia jotzear izan da azkenaurreko etapan, itzuliko saio nagusian: etapa irabazi du, eta ia jarri da itzulia irabazteko moduan. Stelvio gainean, ordea, azkeneko kilometroetan behera egin du haren erritmoak, eta sailkapen nagusiko aurrenekoek denbora jan diote.
Etapako azkenaurreko mendatea pasatu ostean hasi du erakustaldia De Gendtek, Mortirolo handia pasatutakoan. Euskaltel-Euskadi ere mugitzen hasi da orduan, Mikel Nieve eta Jon Izagirrerekin. Aurretik ihes eginda ziren batzuk harrapatu ondotik, Stelvio mendatean De Gendt, Nieve eta Damiano Cunego bakarrik geratu dira. De Gendtek beste biak atzean utzi ditu berehala, eta Joaquim Rodriguez liderrarekin eta besteekin aldea handitzen joan da —etapa hasi aurretik 5.40ra zegoen—. Baina bukaeran Rodriguez, adibidez, 3.22ra sartu da.
Cunego izan da gaur bigarren, 56 segundora. Nieve hirugarren, 2.50era. Liderrak sailkapen nagusiko bigarren Ryder Hesjedali hamalau segundo kendu dizkio, bukaeran erasoa jota.
Hesjedal orain 31ra dago. Hirugarren Michele Scarponi dago, 1.51ra. Laugarren De Gendt, 2.18ra. Bosgarren Ivan Basso, 3.18ra. Seigarren Cunego, 3.43ra. Nieve bederatzigarren dago, 5.56ra.
Bihar bukatuko da Giroa, Milan-Milan 30 kilometroko erlojupekoarekin —ibilbide laua—. Halako probetan Rodriguez baino hobeto moldatzen da Hesjedal.
Rodriguez aurtengo Euskal Herriko Itzuliaren bukaerara antzeko egoeran iritsi zen Samuel Sanchezekin. Azken erlojupekoan galdu egin zuen itzulia.
Orain arteko etapak
- 1. etapa: Herning-Herning. Irabazlea: Taylor Phinney. Liderra: Taylor Phinney.
- 2. etapa: Herning-Herning. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Taylor Phinney.
- 3. etapa: Horsens-Horsens. Irabazlea: Matthew Goss. Liderra: Taylor Phinney.
- 4. etapa: Verona-Verona. Irabazlea: Garmin taldea. Liderra: Ramunas Navardauskas.
- 5. etapa: Modena-Fano. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Ramunas Navardauskas.
- 6. etapa: Urbino-Porto Sant'Elpidio. Irabazlea: Miguel Angel Rubiano. Liderra: Adriano Malori.
- 7. etapa: Recanati-Rocca di Cambio. Irabazlea: Paolo Tiralongo. Liderra: Ryder Hesjedal.
- 8. etapa: Sulmona-Laceno. Irabazlea: Domenico Pozzovivo. Liderra: Ryder Hesjedal.
- 9. etapa: San Giorgio Nel Sannio-Frosinone. Irabazlea: Francisco Ventoso. Liderra: R. Hesjedal.
- 10. etapa: Civitavecchia-Assisi. Irabazlea: Joaquim Rodriguez. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 11. etapa: Assisi-Montecatini Terme. Irabazlea: Roberto Ferrari. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 12. etapa: Seravezza-Sestri Levante. Irabazlea: Lars Ytting Bak. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 13. etapa: Savona-Cervere. Irabazlea: Mark Cavendish. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 14. etapa: Cherasco-Cervinia. Irabazlea: Andrey Amador. Liderra: Ryder Hesjedal.
- 15. etapa: Burso Arsizio-Lecco. Irabazlea: Mateo Rabottini. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 16. etapa: Limone sul Garda-Falzes. Irabazlea: Jon Izagirre. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 17. etapa: Falzes-Cortina d'Ampezzo. Irabazlea: Joaquim Rodriguez. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 18. etapa: San Vito di Vadore-Vedelago. Irabazlea: Andrea Guardini. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 19. etapa: Treviso-Alpe di Pampeago. Irabazlea: Roman Kreuziguer. Liderra: Joaquim Rodriguez.
- 20. etapa: Caldes-Stelvio. Irabazlea: Thomas de Gendt. Liderra: Joaquim Rodriguez.