Valentzia. San Miguel, Rafa Martinez (8), Claver (14), Caner-Medley (13) eta Listxuk (2) -hasierako bostekoa-; Faverani (6), Markovic (4), Florent Pietrus (2), De Colo (14) Ogilvy eta Newley.
Caja Laboral Baskonia. Prigioni (6), Oleson (3), San Emeterio (13), Nemanja Bjelica (4) eta Lampe (6) -hasierako bostekoa-; Heurtel (2), Pau Ribas (2), Teletovic (21) eta Milko Bjelica (11).
Markagailua laurdenka. 15-22, 30-37 (atsed.); 48-52 eta 63-68.
Epaileak. Hierrezuelo, Guirao eta Soto. Kanporaturik ez
Bestelakoak. 8.000 lagun La Fontetan.
Ez da munduko jokalari onena, ezta ikusgarriena ere, baina asko daki. Gehiegi, aurkariaren begietara. Zakur zaharra da Prigioni, eta zakur zaharra garaile izaten da gehienetan. 21 puntuko balorazioa lortu zuen atzo argentinarrak, zenbaki normal samarrak, baina berak desorekatu zuen balantza, garaipena Gasteizera ekarri, bere talentuarekin eta bere adimen ikaragarriari esker, Nando De Colok jotako erronkari eutsi eta lokatzetan murgildu zelako, De Colo bera, Markovic ordezkoa eta La Fontetara bildu ziren zaleak ernegatzeraino. Ernegatu eta makurrarazi, Prigioni erabakigarria izan zelako une jakinetan. Bereganatutako baloi bat, biko bat, asistentzia bat edo errebote bat. Baina beti toki egokian, urteek ematen duten eskarmentuari esker. Plazagizonetan plazagizon onena da Prigioni, gaiztoa, deabrua bezala, eta deabruak ez du inoiz atsedenik hartzen, lo egiten. Honatx Prigioniren atzoko jarduna: sei puntu, zazpi errebote, bost asistentzia, berreskuratutako lau baloi eta behartutako zazpi falta. Maisua.
Caja Laboralek meritu handiko garaipena lortu zuen Valentzian, Perasovicen taldea ondo aritu delako azken bi asteetan. Arabarrek nahiko txukun jokatu zuten, lehen eta hirugarren laurdeneko hasieran izan ezik, eta jokalari askok lagundu zuten partida irabazten. Teletovicek 21 puntu lortu zituen. Hamar bigarren laurdenean, kantxara sartu zenean, Ivanovicek aulkian utzi zuelako Nemanja Bjelicaren mesedean, eta partida hondarrean, lau puntu erabakigarri lortu zituen.
San Emeterio ere funtsezkoa izan zen, aspaldiko partez. San Emeterio zen atzoko eguna egutegi katolikoetan, eta taldea bizkar gainean hartu zuen espainiarrak. Hamar puntu sartu zituen jarraian hirugarren laurdenean, hamahiru denera. Beste askok ere minutu onak izan zituzten. Lampek lau puntu on sartu zituen partida bero-bero zegoenean, eta Nemanja Bjelicak ere sei errebote jaso zituen. Milko Bjelicak ere 63-68koa sartu zuen partida bukatzeko 23 segundo falta zirela, taldekideei baloia eskatu ostean.
15-0eko partziala
Despistatu samar ekin zion Baskoniak, eta Claverrek zortzi puntu sartzeko baliatu zuen aukera hori. Valentzia 15-9 aurreratu zen eta hutsartea eskatu behar izan zuen Ivanovicek. Erantzuna berehalakoa izan zen, gasteiztarrek 16-0eko partziala lortu zutelako. Valentziaren iturria itxi zuten lau minutuan, eta 15-25 bukatu zen lehen laurdena. Panoramak antzera jarraitu zen bigarren laurdenean, eta Baskoniak zazpi punturen alde onarekin hartu zuen aldageletarako bidea.
Valentzia indartsu bueltatzea zen logikoena, eta hala izan zen. De Colok aginte makila hartu eta zazpi puntu lortu zituen jarraian, eta partida 44na berdindu. Akabo lehen zatiko lan on guztia. San Emeteriok, halere, aurretik eutsi zion bere taldeari, eta Prigioni De Colo nekatzen hasi zen. Aulkira bidali zuen arte ez zuen etsi. Baskoniak une hori baliatu zuen eta zortzi punturen alde erabakigarria lortu zuen: 50-58 eta zortzi minutu dema bukatzeko.
Valentzia hiruko azkarren bitartez saiatu zen alde hori murrizten, baina haren portzentajea ez zen on-ona izan: %37. Hirukoek errebote luzeak ekartzen dituzte, eta horietan nagusi izan zen heinean (15 errebote Caja Laboralen saskian), partidan sartuta segitu zuen. Markovicek 63-66koa lortu zuen, adibidez. Orduan, Prigioni agertu zen: asistentzia bat eta erasoko errebote bat, eta agur.
Valentzia 63. Caja Laboral Baskonia 68
Deabruak inoiz ez du lo egiten
Prigionik bere onetik atera ditu Markovic, De Colo eta Valentziako zaleak, eta garaipena eman dio Baskoniari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu