Stade Français. Wright, De Malmanche, Attoub; Van Zyl, Flanquart; Tomiki, Rabadan, Lyons; Dupuy (Kelleher, 74. min.), Warwick; Fainifo, Danty (Gobelet, 49. min.), Turiunui, Sackey; eta Rokobaro (Fillol, 64. min.).
Baiona. Lafond (Iginiz, 40. min.), Da Ros (Roumieu, 40. min.), Boyoud (Avril, 46. min.); Lafitte (Flavell, 40. min.), Linde; Puricelli, Lauaki (Bernad, 49. min.), Baget (kap.) (Haare, 60. min.); Audy (Gartzia, 65. min.), Boyet; O'Connor, Visensang, Lacroix, Ziegler; eta Gerber.
Markagailua. 7-0, 7-7, 14-7, 17-7, 24-7, 24-12 (atsed.); 24-15, 27-15, 30-15, 30-18 eta 33-18.
Epailea. Stephan Pomarede.
Baiona Parisetik esku hutsik itzuli zen, lehen zatian defentsan egindako petoengatik, eta sailkapenean behera darrai. Baionarrek plakaketarik gabe errugbian alferrik dela ahantzi zuten, eta defentsan erakutsitako arinkeriak porrota ekarri zien.
Baiona arin hasi baldin bazen, etxekoak Baiona estu hartzeko asmoz zelairatu ziren, eta lehen bost minutuetan presio handia egin zuten. Baiona artean lo zegoen, eta defentsan plakaketak jasan zituen. Warwickek min egin zion Baionari, eta berehala Parisek entsegua sartu zuen: 7-0.
Hasiera txar horren ondotik, ordea, Baionaren erreakzioa iritsi zen. Marvin O'Connor gazteak zulatzea egin zuen, eta bere abiadurari esker berdinketa ezarri zuen markagailuan: 7-7. Hala ere, euskaldunen susperraldia ez zen bururaino joan, eta Parisek berriz ere partidaren agintea hartu zuen ondorengo minutuetan.
Hurrengo jokaldietan grina gehiagorekin jokatu zuen, eta Lyons edo Warwicken indarrari esker, Baionako defentsa behin eta berriz zulatu zuen. Jokaldi onak egin zituen etxeko taldeak, eta 20 minutuko aginte horri esker zuloa egin zuen markagailuan. Baionak faktura garesti ordaindu zuen, errenkan bi entsegu eta zigor kolpe bat jasan zituelako. Lehen oren erdia iritsi berria zen, eta Paris 24-7 ezarri zen aitzinetik markagailuan.
Orduan, Baiona jokatzen hasi zen, eta ausartago aritu zen. Ausardiak saria jaso zuen, Lafitte, Boyet eta Zieglerren arteko jokaldi polit bati esker, Zimbabwekoak entsegua sartu zuelako. Boyetek ostikada huts egin zuen, eta 24-12 hurbildu zen Baiona. Beste aukera batzuk ere izan zituen Lapurdiko taldeak, baina ez zuen punturik sartu, Parisekoen 5 metroetan gaizki kudeatu baitzuen uztartzea. Eskas arriskutsu batean baloia galdu zuen. Beranta horrekin iritsi zen atsedenaldia.
Bigarren zatian partida itzali egin zen. Partida galdutzat eman, eta Gajanek hainbat jokalari aldatu zituen. Parisek markagailua segurtatua zuen, eta partida kudeatu zuen. Baionak, aldiz, ez zuen erritmoa bizitzen jakin izan, eta hainbat aitzin pasaren ondorioz, erritmo motel horretan ito zen. Dena erabakita zegoela, ostikatzaileek hartu zuten erreleboa, eta Boyeten kolpeei Dupuyk erantzun zien, bukaerako 33-18koa ezarriz markagailuan.
Miarritzek ere ezin (24-0)
Iluntzeko bigarren partidan, Miarritzek 40 minutuz bakarrik eutsi ahal izan zion Tolosari (24-0). Okzitaniara egin beharreko bidaian, gauza sinpleen alde egin zuen Agilerako taldeak. Patrice Lagisqueten eskola nabaritu zen, xuri-gorriek erakutsi zuten defentsa txalogarrian, batik bat. Uztartzeetan dezente sufritu arren, defentsa on horrek Tolosa zer egin jakin gabe utzi zuen, eta lehen zatia etxekoen aldeko 3-0 murritzarekin bururatu zen.
Bigarren zatian gauzek ildo beretik jarraitu zuten, baina tolosarrek gakoa atzeman zuten baloia hegalera bota ordez bat-bateko desafioa bilatuz. 54. minutuan aitzinekoek entsegua sartu zuten Nyangari esker: 10-0. Entsegu horrek gauzak erraztu zizkien etxekoei, Matanavou eta Mc Alisterren eskutik beste bi entsegu sartu baitzituzten. Hortik aitzina Tolosak partida kudeatu zuen, eta erasoko puntua lortzeaz gain, Miarritze hutsean utzi zuen.
Stade Français 33. Baiona 18
Defentsa etxean utzita
Baionak plakatzea zer den ahantzi du, eta lehen zatian sortutako zuloa ezin izan du bete bigarren zatian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu