'Defentsako harrotasuna' berreskuratzeko deia

Katsikarisek dio Bilbo Basket gai dela lehen itzuliko bost partidak irabazteko; lehena, Zaragozan (21:00)

Andoni Urbistondo.
Donostia
2010eko abenduaren 29a
00:00
Entzun
Fotis Katsikarisek psikologiaren eragina muturreraino eramatea erabaki du 13. jardunaldiaren atarian, eta mezu garbia bidali die jokalariei. Harritzeko modukoa ere bai, neurri batean, jokalariei atarikoan esan baitie taldea gai dela lehen itzuliko azken bost partidak irabazteko. Entrenatzailea atsekabetuta mintzatu zen oso Bilbo Basketek Fuenlabradan galdu ostean, eta Zaragozakoari eta beste lau neurketei begira mingaina astindu du, jokalariek euren onena emateko beste erremediorik ikusiko ez balu bezala. Izan ere, Bilbo Basketek irabazi, irabaz ditzake bost partidak, baina lantegi zaila da hori. Ezinezkoa ez esateagatik.

Izan ere, Zaragoza gora dator, eta etxean talde zaila da. Urrunago joanda, Bilbo Basketek Bartzelona hartuko du etxean, eta denak irabaz ditzakeela esatea askotxo esatea da. Bizkaitarrak Kopan sartu nahi duten bederatzi taldeetan onenak dira aldeko eta kontrako puntu balantzean, eta aintzat hartzeko modukoa da hori... bederatzi partida irabazten badira. Sei ditu orain taldeak, eta Zaragozan irabazten ez badu, mirariren bat beharko du.

Katsikarisek defentsako harrotasuna eskatu die jokalariei. «Ezin da oparitu hainbeste saskiratze erraz; bestela, jai dugu». Zaragoza ere goraipatu du: «Haiek dira onenak hiruko jaurtiketetan, eta adi egon beharko dugu blokeoan eta jarraipenean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.