«Partidaren eguna bakarrik ez, beste batzuk ere pasatu ditut gaizki». Mikel San Jose Realaren aurkako partida burutik kendu ezinik dabil oraindik. «Ez dut uste partida txarra jokatu nuenik». Baina Athleticen zorigaiztoko bi jokalditan parte hartu zuen. Baloiari eskuarekin eman eta penaltia egin zuen lehenengo; eta bere atean gola sartu zuen gero. «Min ematen du. Baina ez niregatik bakarrik, taldearengatik baizik. Niri berdin izango litzaidake partida bakoitzean neure atean gol bat sartzea, baldin eta gero taldeak irabaziko balu». Igandeko partidan ez zen halakorik gertatu, ordea. «Reala ondo sartu zen atzean 2-0ekoarekin, eta hortik aurrera erraza izan zen eurentzat».
Partida hasiera dauka gogoan San Josek. «Lehenengo zatian, haien aldeko penaltira arte, gu hobeto aritu ginela uste dut». Athleticek gertu eduki zuen gola. «Aukera ona eduki nuen lehen minutuan, baina Bravok geldiketa ona egin zuen. Hortik aurrera dena aldrebes atera zen». Asteburuan jokatzeko eta akatsik ez egiteko entrenatzen duela gogorarazi zuen atzo atzelariak. «Baina ulertuko nuke hurrengo partidan aulkian geratzea». Denak «bete-betean entrenatzera» joaten direla argitu zuen nafarrak. «Eta entrenatzaileak uste badu beste jokalari batek hobeto joka dezakeela, nik ez daukat zeresanik. Ixo eta lan egin, berriz jokatzen saiatzeko».
Hori bai, San Josek argi utzi nahi izan zuen gol bakoitzaren atzean ez direla egoten okerrak bakarrik. «Aurkariek ere asmatu egiten dute batzuetan. Lehen goleko jokaldian, adibidez, nik inondik inora ez nuen luzatu nahi besoa. Berak [Zurutuzak] errematatu egin zuen, eta eskuan eman zidan». Bigarren golerako, berriz, galdera bat dauka San Josek: «Nork esan dezake, baloiari pasatzen utziz gero, Llorentek ez zuela gola sartuko? Erdiraketa oso ona izan zen, eta urruntzen saiatu beharra neukan». Kritikoentzat ere mezu argia helarazi zuen. «Denboraldian zehar boladak egoten dira. Ondo hasi nintzen, eta egia da orain partida kaskarxeagoak egin ditudala. Baina bi partida txar egiteagatik ez dut uste inor gurutziltzatu behar denik».
Partidaren ondoren denak «oso haserre» zeudela onartu zuen atzo atzelariak. «Emaitzagatik eta galtzeko moduagatik». Fernando Garcia Makua presidenteak adierazpen gogorrak egin zituen, jokalarien jarrera zalantzan jarriz. Baina nafarrak garrantzia kendu nahi izan zion kontu horri. «Berotan gauza asko esan daitezke, baina badakigu presidentea gurekin dagoela, eta guregan konfiantza daukala».
Realaren aurkako partida ahaztuta, Espanyoli begira jarri nahiko luke San Josek. «Igandean erakutsiko dugu talde honek lehengoan ez zuela zorterik izan, baina egun guztiak ez direla berdinak izango». Luis Garcia, Callejon, Osvaldo... «Jokalari asko ezagutzen ditut, Espainiako selekzioan, beheko mailetan, eurekin jokatu nuelako. Betidanik izan dira kalitate handiko jokalariak, oso teknikoak». Espanyol laugarren postuan dago sailkapenean, eta nafarraren ustez «elkar ondo ezagutzea» da arrakastaren sekretua. «Talde ona da, eta konfiantzaz gainezka daude. Edozein zelaitan irabazteko gai dira». Joan den astean jokalari bat gutxiagorekin irabazi zioten Sportingi, eta orain bi aste Madrilen Atletico Madrili irabazteko gai izan ziren.
Etxetik kanpo, lau puntu soilik
Hain zuzen ere, horixe da Athleticen gaitza. San Mamesen irabazten du, baina beste edozein zelaitan herren egiten du. Zuri-gorriek partida bat irabazi dute etxetik kanpo, beste bat berdindu dute, eta bost galdu dituzte. Bederatzi gol sartu eta hemeretzi jaso dituzte. Osasuna, Racing eta Sporting soilik dabiltza pattalago etxetik kanpo. «Argi dago garrantzitsua dela etxetik kanpo ere puntuak pilatuz joatea, eta horretan saiatuko gara aurrerantzean».
Herren horri San Mamesen aurkitu dio irtenbidea San Josek. «San Mamesen beti gara faborito. Urte guztia kontuan hartuta, partida gutxi galdu ditugu, eta taldea maila ona ematen ari da». Faborito izate horren azalpen zehatza egin zuen San Josek: «Hona etortzen diren taldeek sistema edo taktika aldatzen dute ia beti, eta zerbaitegatik izango da hori».
«Dena aldrebes atera zen»
Realaren aurka penaltia egin eta bere atean gola sartu ondoren, «egun txarrak» igaro dituela onartu du Mikel San Josek. Atzelariak gogorarazi du Espanyolek «kalitate handiko jokalariak» dituela,«teknikoak»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu