Dena erakusteko ordua

Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako aurreneko partida jokatuko du gaur Itxakok Krimen pistan

Alexandrina Barbosa, jaurti nahian, Hypo Niederoesterreichen aurkako itzuliko partidan. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS.
edurne elizondo
Iruñea
2011ko otsailaren 4a
00:00
Entzun
Itxakok Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkari ekinen dio gaur, Eslovenian, Krim taldearen aurka. Lehendabizikoz sailkatu da Lizarrako taldea txapelketaren fase horretarako, eta, ondorioz, ligaxka jokatzea, jada, sari handia da nafarrentzat. Behin sailkatuta, hala ere, finalerdietara ailegatzeko aukera inoiz baino hurbilago du, eta, zalantzarik gabe, gogor lehiatzeko prest izanen da Ambros Martinek zuzendutako taldea.

Beren ibilbideko partidarik garrantzitsuenetako bat izanen da gaurkoa Itxakoko jokalari askorentzat, ondorioz, gaur irabaztea urrats handia litzatekeelako. Horregatik, herenegun ABF ligako partidan jasotako porrota unerik txarrenean ailegatu zaie Itxakoko kideei. Akaso burua Europan izateagatik galdu zuten Ro'Casaren aurka. Porrotaren arrazoiak alde batera utzita, gertatutakoa lehenbailehen ahaztea komeni zaie jokalariei, Europan erabateko kontzentraziorik gabeko partidak garesti ordaintzen baitira. Are gehiago etxetik kanpo ari zarenean.

Eta etxetik kanpo ariko da gaur Itxako, Krimen pistan. Ambrosek jokalari guztiak izanen ditu pistara ateratzeko prest. Nerea Pena ez zen aritu herenegun, belaunean zituen arazoen ondorioz, baina gaur jokatzeko moduan izanen da, gainontzeko jokalariak bezala. Begoña Fernandez, Macarena Aguilar eta Andrea Barno, hala ere, ez dira sasoi betean, dituzten arazo fisikoen ondorioz. Adriana Stefanie, halaber, Itxakok fitxatu berri duen atezaina, Eslovenian da. Ro'Casaren aurka aritu zen estreinakoz Itxakorekin.

Fitxaketak Krimen

Lizarrako taldea ez da aldaketak egin dituen bakarra. Krimek ere, Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkarako sendotu egin du taldea, eta Esloveniako hiru jokalari eta suitzar bat fitxatu ditu. Vesna Pus, Maja Son eta Mirjan Gojkovic dira esloveniarrak; Ariane Geissman, berriz, suitzarra.

Multzoko aurkarien artean Krim da, ustez, mendean hartzeko errazena. Horixe azpimarratu du Nerea Penak asteon egunkari honetako orrietan. Txapeldunen Ligan, halere, historia luzeko taldea da, eta lehiaketa hori irabaztea zer den ere badaki. Europako txapelketa nagusia, hain zuzen ere, bi aldiz irabazi du, 2001ean eta 2003an. Bertze hirutan, gainera, txapeldunorde izan da.

Bere herriko ligan ere talde sendoa dela erakutsi du Krimek sasoi honetan, orain arte. Jokatu dituen hamasei partidetatik bakar bat ere ez du galdu, ezta berdindu ere. Denak irabazi ditu, eta, noski, sailkapeneko lehen postuan da.

Datu horiek guztiek lehen mailako aurkari bilakatzen dute Krim. Are gehiago Itxakorentzat. Txapeldunen Ligan aurreraegiteko ilusioa eta gogoa badu Lizarrako taldeak, baina multzo bereko gainontzeko taldeekin alderatuta, esperientzia falta du, oraindik ere.

Europan, sasoia bezain garrantzitsua dira esperientzia edo une erabakigarrietan presioari aurre egiteko gaitasuna. Itxakok ez du erronka erraza aurrean. Orain arte egin duen bideari so eginez, dena den, argi dago borrokatu gabe ez duela amore emanen. Bigarren ligaxkan egotea saria bada, baina irabazten jarraitu nahi dute nafarrek. Asteazkeneko porrota bazter uzteko, eta burua Txapeldunen Ligan jartzeko beharra daukate Ambrosek entrenatutako jokalariek beren maila erakusteko. Eta beren maila erakutsi beharko dute Krimen aurka punturen bat lortu ahal izateko. Inork ez baitu atzean gelditu nahi.

KRIM-ITXAKO

Lehiaketa. Txapeldunen Ligako bigarren ligaxkako lehen multzoko lehen jardunaldia.

Krim Mercator. Grubisic, Stefanisin, Soberi, Penezic, Lekic, Variec, Gojkovic, Mavsar, Vergeliuk, Jankovic, Pus, Bodnieva, Cvijic, Gregorc, Zmec, Guberinic, Koren, Geissmann eta Ceckova.

Itxako. Navarro, Stefanie, Barno, Egozkue, Jessica Alonso, Patri Pinedo, Macarena Aguilar, Nerea Pena, Carmen Martin, Soit, Turey, Bea Fernandez, Kurbanova, Tervel, Barbosa eta Azanza.

Epailea. Horvath eta Marton (Hungaria).

Lekua. Ljubljanako Stozice Arena (12.480 ikusle).

Ordua. 20:15 (Canal 6).

Multzoko beste partida. Oltchim Valcea-Buducnost (etzi, 18:00etan).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.