Ez da ezkutatu Juan Mari Etxabe (Oiartzun, Gipuzkoa, 1966) Urdaibairen helburuez galdetu zaionean. Irabazi, eta dena, ahal bada. Jakitun da talde sendoa duela, sendoenetakoa, nahiz eta iaztik arraunlari garrantzitsuak falta. Arraunlari berriak ere onak dituela dio, eta horregatik da guztia irabazteko hautagai handienetakoa aurten ere Urdaibai.
Urdaibai izanda, pentsatzekoa da helburu potoloak jarriko dituzuela. Hala al da?
Ez dugu helburu zehatzik jarri, baina dena irabazteko borrokatzera aterako gara. Gero, ikusi egin beharko da estropadaz estropada zer gertatzen den. Izan ere, beti dago zerbait gertatzeko arriskua, zorte txarra tarteko.
Iazko taldetik arraunlari on dezente falta zaizkizue. Zulo horiek ondo bete al dituzue?
Talde ona daukagu; arraunlari onak fitxatu ditugu joan direnak ordezkatzeko. Itxura ona ari dira ematen, eta iaztik daudenak izen handiko arraunlariak dira.
Liga hasiera honetan zerbaitek kezkatzen al zaitu?
Gure taldeari dagokionez, larunbatetan eta igandeetan nola lehiatuko garen ikusi nahi dut. Aldaketak eginda ontziak nola dabilen jakiteko gogoz nago. Horrek kezka pixka bat ematen dit. Gero, aurreneko hiru estropadak [Zierbena, Astillero eta Portugalete] arriskutsuak dira, eta zortea lagun izatea garrantzitsua izango da.
Neguan eta udaberrian oso emaitza onak lortu dituzue. Neurri batean, taldeak izan dituen aldaketengatik, ez ziren hain onak espero. Zu ere egindakoarekin harrituta zaude?
Ez, ez. Harritzen nau jendeak ezustetzat hartzea gu ondo ibili izana! Lan ona egin genuen udazken-neguetan, eta emaitza onak lan horren isla baino ez dira. Banekien ondo ari ginela lanean, eta gero, estropadetan azaldu zen.
Nolakoa izango da aurtengo liga?
Borrokatua izango dela iruditzen zait. Faborito nagusia bakarra da: Kaiku. Gero, Tiran, Hondarribia eta gu ibiliko garela uste dut. Tiranek eta Hondarribiak goranzko pausoa eman dute, eta lehian ibiliko dira.
Beste guztien arteko borroka ez jaisteko izango al da?
Ez dakit, baina ematen du beste horien artean ere berdintasun handia egongo dela. Ez da ikusten inor atzean geratzeko modukoa, baina gero, multzo handi horretatik, beti joaten da bat atzera, eta besteren batek ezustea ematen du, uste zen baino hobeto dabilelako.
Iaz KAE1 ligan ibili eta gero, aurten San Miguel ligan zara berriz. Zer moduzko itzulera ari zara izaten?
Ona. Pozik nago, beti egoten delako maila gorenera bueltatzeko gogoa. Gainera, talde handi batean nago, iaz Kontxako bandera irabazi zuenean, eta ona da hori. Aurreko urtean, Santurtzin, gauzak ez ziren nik nahi bezala atera, eta Urdaibai talde handia nirekin akordatu izana poztekoa da. Lehendik lan ona egin dudalako izango da.
Juan Mari Etxabe. Urdaibaiko entrenatzailea
«Dena irabazteko borrokatzera aterako gara»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu