Aulkitik begira

Denbora

Aitor Manterola Garate.
2011ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Larritasun azkarrak. Liga hasi besterik ez da egin, eta hasiera zelebrea eduki du, gainera. Jarrita zegoena baino beranduago hasi zen futbolarien greba tarteko; horrek aldarazi egin zien prestakuntza taldeei. Gero, jardunaldi bat jokatu, eta etena egin behar, selekzioen partidak zeudelako. Ez dira egoera jatorrak, eta horregatik bakarrik, ezin da ondoriorik atera. Hasiera izanik, gainera, oso goiz da iragarpen zehatzak egiteko. Baina futbolean emaitza batekin hasten eta amaitzen dira analisiak, zoritxarrez, eta gure taldeen kasuan, alea jacta est: Reala eta Osasuna goian ibiliko dira, eta Athleticek jai dauka Bielsaren metodoarekin.

Pazientzia behar da. Ondo jokatu gabe emaitza onak lortzetik, eredu zehaztu gabean jokatu eta emaitza onik ez lortzera igaro da Athletic. Hala esaten da, behintzat. Baina ez da ahaztu behar Bielsa noiz hasi zen taldea entrenatzen: beranduegi, hauteskundeak berandu egin zirelako. Gainera, erabat berria da metodologia jokalarientzat, eta moldatzeko denbora behar da, egun batetik besterako aldaketa gauzatuko zela uste izan arren. Denbora eman behar zaio Bielsari, eta futbolean ezin bada ere ezer ziurtatu, ziur nago emaitza onak iritsiko direla; baita hainbeste desiratzen den joko on hori ere. Urgentzian bizi da futbola, eta Bielsaren etorrerak sekulako ilusioa eragin zuenez, emaitzak eta joko ona egun batetik bestera helduko zirela uste izan zen. Gerta zitekeen hori, baina euforia giro horretan, orain gertatzen ari dena gerta zitekeela ahaztu egin zen. Orain, lasaitasuna eta lana behar dira. Gero helduko da hainbeste espero den hori.

Gauzak bere lekuan. Kontrakoa gertatu da Realean. Itxaropena txikia zen hasieran, jendea zain zegoen zer gertatuko, eta ezustean, lau puntu atera ditu taldeak, hasiera ona eginez. Bartzelonaren aurka puntua atera izanak, gainera, puztu egin du giroa, eta euforia zabaldu da. Ezin da ukatu meritu handia duela munduko talde onenaren aurka berdintzeak, eta markagailuan atzetik aurrera eginez, gainera, bikoitza da meritua. Baina goiz da oraindik. Montanierrek ere erabat aldatu nahi du jokatzeko eredua, eta horrek lana eta denbora behar ditu. Ematen du emaitzak onak direlako egina duela lan guztia, baina asko falta zaio. Orain arte, Sportingen aurka azaldu zituen taldeak zertzelada batzuk, baina uste dut Bartzelonaren aurka berak nahi duena ez zela ikusi. Gauzak ez dira lekutik atera behar. Bere horretan eta sakon aztertu behar dira. Burua galdu gabe.

Osatzeko lana. Osasunaren inguruan ere festa nagusi. Sei puntutik lau atera eta gero. Marka ona da, ezin ukatu. Etxeko partida irabaztea ere bikaina da, eta zelai gaiztoan, Atletico Madrilenean, puntua batzea meritu handikoa. Baina horrek denak ez du aldatu behar begiradaren neurria: salbazioak segitu behar du begiz jota, eta gero gerokoak, baina lehendabiziko helburua bete ondoren. Mendilibarrek jokalari berri dezente ditu, eta ez pentsa denak bateratzea hilabete eta erdiko kontua denik. Norbaitek esan dezake: baina emaitza onek ez al dute esan nahi taldea eginda dagoela? Ez du zertan. Taldeak erakutsi du gauzak ondo egin ditzakeela, eta zelai erditik aurrera jokalari azkarrak eta txikiak egokiak izan daitezkeela. Bide onean dela ezin da ezeztatu, baina lehen pausoak baino ez dira hauek. Askoz gehiago eman behar dira helburu handia gauzatzeko.

Hobe ondo hastea. Aurrez idatzitako guztia kontuan eduki behar delakoan nago, eta garrantzi handia ematen diot denborari. Funtsezkoa da. Gauzak ez direlako egun batean lortzen. Baina denbora irabazteko horretan partidak irabazten badira, askoz hobe. Ez luke inork zalantzarik eduki behar: hasiera izan arren, komeni da ondo hastea. Neurri kontua da azkenean: tamaina hartu behar zaie emaitzei, onak edo txarrak izan. Baina asko laguntzen dute puntuek gauza asko aldatu behar diren egitasmoetan. Lasaitasuna ematen dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.