Athleticek aspaldiko neurketarik epelena jokatuko du gaur Sardineron. Racingen kontrako lehiak beroak izan ohi dira. Santanderko taldearentzat, derbiak dira Athleticen aurkako norgehiagokak. Harmailak gainezka egoten dira, eta beste inorekin agertzen ez duten amorruaz animatzen dute etxeko zaleek. Horrek asko laguntzen dio Racingi, baina aurkaria motibatzeko ere balio du; hau da, zuri-gorriek ere begiz jota izaten dute partida hori.
Arrazoi bat edo beste tarteko, aurtengoa ez da izango aurreko urteetakoa bezain beroa. Alde batetik, etxeko taldea indarrik gabe dagoelako. Liga amaitzeko bost jardunaldiren faltan, esan daiteke taldea zain dagoela, matematikoki maila galtzea egokituko zaion eguna noiz iritsiko. Racingek mirariaren hurrengoa beharko luke mailari eusteko: falta diren partida guztiak irabazi beharko lituzke, eta aurretik dituen hiru taldeek ia neurketa guztietan galdu beharko lukete. Ez dirudi ez bata, ez bestea gertatuko denik.
Egun Alvaro Cerverak zuzentzen duen talde horrek arazo asko izan ditu denboraldi osoan. Beste talde askotan gertatzen den legez, arlo instituzionalean dituzten arazoak dira kirol arloan izan duten ezinaren iturri nagusia. Zulo handia du Racingek, eta dirurik ez duten taldeek nekez lortuko dute talde lehiakor bat eratzea. Kalitatea falta zaio Racingi, eta, gainera, beti izan duen grina galdu du. Beti izan da talde langilea eta aurkariarentzat deserosoa. Sasoi honetan, ez da horrelakorik gertatu. Ondorioz, datorren sasoian Bigarren Mailan lan egin beharko du.
Racing ilusioa galduta dago; Athletic, berriz, beste erronka batzuei begira dago, baina ez zaio gogorik falta. Zuri-gorriek gutxitan izaten den aukera bat izango dute datorren ostegunean: Europako lehiaketa bateko finala jokatzeko aukera izango dute jokoan. Beraz, nahitaez, ezin Sporting Lisboaren kontrako partida burutik kendu. Horrenbestez, datorren neurketari aurre egiteko indarra hartzeko baliatu gura du gaurkoa; hau da, Jose Alvaladen jokatutako partida txarra ahaztu eta Lisboan egindakoa baino askoz gehiago egiteko gai dela sinesteko aprobetxatu behar du Marcelo Bielsaren taldeak Sardineroko partida. Bigarren helburua, berriz, irabaztea eta lau onenen artera gerturatzen ahalegintzea izan daiteke. Ia ezinezkoa dirudi Txapeldunen Ligarako sailkatzea, baina bosgarren postuak ere izan dezake saria: datorren denboraldiko Europako Ligan kanporaketa bat gutxiago jokatzea, hain zuzen ere. Kopa edo Europako Liga irabazita ere lor daiteke hori.
Eta, Kopari dagokionez, gaur eguerdiko ordubatean egingo dute finaleko sarreren zozketa, Ibaiganen. Athleticek 17.000 sarrera ditu, eta ia 34.955 bazkidek izena eman dute. Zozketaren emaitza Athleticen webgunean jarriko dute: www.athletic-club.net.
Denboraldiko 56. partida
Ia hiru itzulitan adina partida jokatu ditu jada Athleticek; Sardineron irabazita, konfiantza berreskuratu nahi du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu