Historiako lehen Indiako Sari Nagusia korrituko dute gaur Buddh nazioarteko zirkuituan (10:30). Jokalekua aldatu bada ere, aktoreak betikoak dira, eta haien artean nagusia, Sebastian Vettel. Dagoeneko aurtengo munduko txapeldun denak urteko hamahirugarren pole-a lortu zuen, eta, hala, Prostek eta Sennak zituzten errekorrak berdindu. Hori bai, haien denboraldiak laburragoak ziren, lasterketa gutxiagorekin. Bigarren Hamilton izan zen, baina herenegun zigorra jaso zuenez, bosgarren postutik aterako da. Webber izango da, hortaz, Vettelen lerrokide.
Oso pista interesgarria eraiki dute Delhi inguruan, eta gidariek ongi hitz egin dute haren inguruan. Hala ere, eraikuntza lanetarako kendutako lurrak ez dira oso modu txukunean kendu. Horren ondorioz gidariak pistatik irtenez gero, sekulako hauts lainoa sortzen da, eta taldeei buruko min bat baino gehiago eragin dio horrek. Aire filtro berezia behar dute autoek, eta itsaspena erabat galtzen da hautsa berriro pistan lasaitzen denean. Ohikoak izan dira pista irteerak, baina autoen joan-etorriak pista garbituko du.
Lehen sei postuetan hiru talde indartsuenen gidariak sailkatu ziren atzo. Vettel pole-etara itzuli da horrela, Korean Hamiltonek Red Bullen bolada eten ostean. Alemaniarrak ez du ezer jokoan, baina irabazi egin nahi du oraindik, bere motibazioa ez baita erlaxatu. Atzetik dituenak, ordea, txapelketako bigarren postu horren bila dabiltza. Button, Alonso, Webber eta Hamilton dira hor aukerak dituztenak oraindik, ordena horretan. Ez dago saririk bigarrenarentzat, baina ohoreak ere badu bere balioa.
Aspaldiko partez, eguraldia ez da faktore eraginkorra izango, eta lasterketa garbia espero da. Vettelek ospa ez egitea da gainerakoen esperantza bakarra. Gainontzean, izan ere, nahiko berdinduta egongo da lehia, Korean ikusi bezala. Asko dira Dan Wheldon eta Marco Simoncelliri omenaldia egin dieten gidariak, janzkeran haiei erreferentzia eginda. Indiako zirkuituak segurua dirudi alderdi horretatik.
Denboraldiko hamahirugarren 'pole'-a lortu du Vettelek Indiako Sari Nagusian
Munduko Txapelketako lasterketa bat jokatuko da gaur lehen aldiz New Delhiko Buddh nazioarteko zirkuituan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu